Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunak-ek bideratuta du Kontxa eta Zierbena-Orioren arteko lehia estua espero da

Emakumeen 'etxeko' traineruak erakustaldia eskaini du lehen txandatik eta bigarren izan den Tolosaldeari hamar segundo atera dizkio. Gizonetan, Orio izan da azkarrena –historiako bigarren markarekin–, baina 3 segundoko zigorra jaso du hasieran. Zierbena eta «mirotzen» artean 10 ehunen soilik daude.

Lehen txandako traineruak, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian.
Lehen txandako traineruak, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. (Jon URBE | FOKU)

Kontxako Banderaren 1. jardunaldiak giro polita eta kirol arloan ikuskizuna eta emozioa utzi dizkigu. Arraun Lagunak-ek, emakumezkoetan, faborito faktoreari eutsi dio eta Tolosaldearekiko hamar segundoko aldearekin abiatuko du bigarren jardunaldia hurrengo igandean. Gizonetan, ordea, gauzak askoz ere parekatuago daude eta, ezer arrarorik ez bada gertatzen edota ekaitz handi bat iristen ez bada, Zierbenak eta Oriok Kontxako Bandera preziatuagatik egingo dute borroka.

Egundokoa izan da gizonezkoen estropadan ikusi dena! Lehen txandan, non Orio eta Zierbena faboritoak zeuden, oso gutxitan ikusitakoa bizi da. Hasteko, Oriok 3 segundoko zigorrarekin hasi behar izan ditu lanak, beroketa lanak 'zero' kaletik egin dituelako. Gorka Aranberri patroiak epaileari aipatu dionez, bi zodiak zeuden bere kalean eta horregatik ezin izan dute kalea mantendu. «Egoera honek buruari buelta ematea behartu digu, baina mutilek burua zuri izan behar dute. Onartu behar da zigorra eta lana egin behar», adierazi du ondoren zarauztarrak kameren aurrean.

Uretan, sekulako ikuskizuna bizi da Orio eta Zierbenaren artean. Oso lehia estua mantendu dute biek bi luzeetan, baina amaiera ikusi bakarrik ez da egin behar estropadaren kalitatea ikusteko. Oriok historiako bigarren markarik onena sinatu du (18:56.36, 18:53.52koa da onena historiako marka onena), baina 3 segundoko zigorra zuenez, Zierbenari eman diote denborarik onena. Hori bai, 10 ehuneko besterik ez dago bien artean eta trapua hurrengo igandean erabakiko da zale guztien eta ikuskizunaren mesederako.

Orio ziztu bizian atera da, amorruz, eta segituan hartu dio aurre Zierbenari. Irla pasatzerakoan bizkaitarrak parean jarri dira, laugarren kalean asko sufritzen baitzen tarte honetan. Metro batzuk aurrerago, Aitor Lazkano patroiaren ontzia jarri da lider lehenengo aldiz. Dani Perez entrenatzaileak, aldiz, «burua hotz» mantentzeko eskatzen zion patroiari irratitik.

Ziabogan denbora bera markatu dute, baina bigarren luzean Zierbenak 2 segundo atera dizkio Oriori, zein bosgarren kalera abiatu den. Atzean, Bermeo ondo eusten zion Oriori, 6 segundora. Kuriositatez, Iñigo Larrinaga Bermeoko patroiak Gorka izena zuen bere elastikoan (Gorka Aranberri Bermeoko patroi ohiarengatik al zen?). Getaria aldiz, sufritzen eta denbora galtzen ari zen, 12 segundora.

Dani Perezek erdiko gizon indartsuen lana eskatzen zion Dani Perez Zierbenako patroiari, baina badia barruan Oriok, 45-46 paladatan eta sutan, 2 segundo atera dizkio. Helmugan, lehenak izan dira "mirotzak", baina denborak aztertzerakoan eta 3 segundoko zigorra jasota, azkenean Zierbenari eman diote txandako garaipena, 10 ehunenengatik bakarrik.

Zierbenako arraunlariak, neka-neka eginda estropada amaitu berritan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiarra, ohorezko txandara sufrituta

Bigarren txandan, inork ezin izan du denbora hobetu, baina marea igotzen ari zen eta korrontea alde izan du Donostiarrak itzuleko luzean. 'Etxeko' traineruak lan handia egin behar izan du lehen luzean Hondarribiari aurre hartzeko. Hori bai, behin irla pasata eta ziabogara iritsi aurretik, aurretik ipini dira eta amaiera arte eutsi diote horri.

Maniobra aurreko txandako Zierbena baino 27 segundo okerrago egin du Donostiarrak; beraz, lehen txandan Getariak egindako denbora zuen jomuga "Torrekua II" ontziak. Hondarribiari 6 segundo ateratzen zizkion; eta atzerago zeuden San Juani 15 eta Lekittarrari 23.

Bere momenturik onena zen. Pentsa, lehen txandako onenak baino 10 segundo azkarrago zetorren Arkaitz Diaz patroiaren ontzia. Zierbena, Orio eta Bermeo oso urruti zeuden, baina denbora asko jaten ari zitzaion Getariari.

Bitartean, Hondarribia Donostiarraren uberan sartu da, 3. kalean, eta eusteari lortu dio, baina Donostiarra sartu da azkenean ohorezko txandan, Zierbena, Orio eta Bermeorekin batera. Lehen txandan arituko dira, aldiz, Getaria, Hondarribia, San Juan eta Lekittarra.

Estropada amaieran, Urdax Antepara Zierbenako arranlaria «oso pozik» agertu da egindako lanagatik. «Kanporantz mesede egiten zigun kaleak eta barrurantz trabatu zaigu pixka bat. Horrela jarraitu behar dugu eta ahala bada hobetu. Estropada irabazi behar da bai ala bai. Gozatzeko astea izango da», adierazi du.

Bestalde, Xabat Pastor Donostiarrako arraunlariari «zapore gazia» utzi dio estropadak. «Sekulako denbora da, baina aurkariak azkarrago joan dira. Urruti samar dago bandera, baina hau Kontxa da eta denetatik pasa daiteke», azpimarratu du.

Gizonezkoak - 130. Kontxako Banderako 1. jardunaldia:

1.Zierbena 18.59.26
2.Orio 18:59.36 (+0.10)
3.Bermeo 19:05.44 (+6.18)
4.Donostiarra 19:15.06 (+15.80)
5.Getaria 19:20.12 (+20.86)
6.Hondarribia 19:21.86 (+22.60)
7.San Juan 19:34.72 (+35.46)
8.Lekittarra 19:42.86 (+43.60)

Arraun Lagunak, aurkaririk gabe

Arraun Lagunak onena ikusi da igande honetan Donostiako badian, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Zaila da hau esatea, Euskotren Ligan aurkariak txikitzetik datorrenean eta bere azken urte bikainak ikusita, baina gaurkoan ere "Lugañene" ontziko arraunlariek gainditu egin dute euren burua. Etxeko estropada eremua bikain ezagututa, eta laugarren kale onetik abiatuta, txikitu egin ditu aurkariak. Hala, Tolosaldearekiko 10 segundoko aldearekin ekingo dio hurrengo igandean, bandera preziatua jokoan egongo den estropadan.

Lehen txandan aritu da Arraun Lagunak, eta Euskotren Ligan egin bezala, lehenengo paladetatik apurtu du estropada. Minutuko 50 paladatik gorako lanean, segituan utzi ditu atzean Tolosaldea txandako aurkari zuzenena, Donostiarra eta Astillero.

Lehen luzea aurrera joan ahala, "Lugañene" hirugarren kalean sartu da, baina tartea zuen Tolosaldearekiko eta ziabogara iristean argi eta garbi ikusi da ontzi bakoitzaren norabidea. Enfilazio ezberdinak egin dituzte lauek, baina Arraun Lagunak-ena oso ona izan da, maniobratik ateratzean beste bi segundo atera baitizkio Tolosaldeari.

Atzerago, Astillerok eta Donostiarrak beste lehia bat mantendu dute. Azken luzean, Tolosaldeak eutsi egin dio Arraun Lagunak-en itzalari, baina ezin izan dio beldur apur bat ere sartu. Kantabriarrak eta etxeko beste taldeak, aldiz, aukerak galdu dituzte helmugaratzean.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, poz-pozik kaiarako bidean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Orio, ezustekorik gabe

Hala ere, bigarren txandari itxaron behar zitzaion. Bertan, begirada guztiak Oriok jaso ditu. Zaleak, behintzat, ugariak izan dira Paseo Berrian, Aquariumaren gainean. Bengalez josita, marea horia osatu duta.

Haize boladak nabarmen handitu dira lehen txandatik bigarrenera –13 kilometro ordukotik 25era pasa dira– eta, hirugarren kaletik, askoz ere motelago abiatu dira "mirotzak". Segituan ikusi da ezingo zutela Arraun Lagunak-en erritmoa berdindu eta lehen luzean dagoeneko 15 segundo galdu dituzte.

Atzetik, Zumaiak oso estropada txukuna egin eta Orioren itzala jarraitu du. "Mirotzek" Arraun-ekiko denbora gutxitu dute bigarren luzean, baina ez da nahikoa izan beldur pixka bat sartzeko. Hala ere, ohorezko txandan arituko dira hurrengo igandean, oso lan txukuna egin duen Zumaiarekin batera.

Orioko zaleen marea horia, Donostiako kaian. (GORKA RUBIO/FOKU)

Bigarren txanda honetan, Hibaikak eta Hondarribiak euren arteko lehia izan dute, baina errenteriarrak izan dira 'garaile' herriko festetan hainbeste ospatu ezingo duen "Ama Guadalupekoa" ontziaren aurrean.

Gauzak hala, ohorezko txandan arituko dira hurrengo igandean Arraun Lagunak, Tolosaldea, Orio eta Zumaia. Lehen txandan, aldiz, Astillero, Donostiarra, Hibaika eta Hondarribia lehiatuko dira.

Emakumezkoak - Kontxako Banderako 1. jardunaldia:

1.Arraun Lagunak 10:29.20
2.Tolosaldea 10.39.20 (+10.00)
3.Orio 10:40.04 (+10.84)
4.Zumaia 10:45.10 (+15.90)
5.Astillero  10.53.88 (+24.68)
6.Donostiarra 10.54.32 (+25.12)
7.Hibaika 10:57.14 (+27.94)
8.Hondarribia 10:58.88 (+29.68)