
Olatuak ikusleentzat nahi baino txikiagoak izan ziren munduko ezker olatu luze eta borobilenak izan ohi diren Fijji uhartean; hala ere, bi eta hiru metro arteko olatu ederrak izan ziren. Tuboen ordez bira indartsuak egin behar izan zituzten lehiakideek, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten. Zenbait unetan tentsio handia izan zen lehiakideen artean; izan ere, 2025eko WSL titulu mundiala zegoen jokoan.
Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost lehiakideak itsasoratu ziren. Hiru estatubatuar, bi australiar, bi brasildar, bi hawaiiar, eta hegoafrikar bat lehiatu ziren Fijjin, bakoitza bere likra kolorearekin. Lehen txandan rankingeko bosgarrena (likra laranja) eta rankingeko laugarrenarena (berdea) lehiatzen ziren. Irabazten zuena rankingeko hirugarrenaren aurka (arrosa) lehiatzen zen, eta bigarren txanda gainditzen zuena rankingeko bigarrenaren kontra (urdina).
Azkenean, finalera iristen zena rankingeko lehenarekin (horia) lehiatu behar zen, baina azken txanda berezia zen: rankingeko lehenak irabaziz gero, munduko txapela eskuratzen zuen, baina galtzen bazuen, finala errepikatzen zen. Hau da, rankingeko lehenak nahikoa zuen behin irabaztea titulu mundiala eskuratzeko, baina gainontzekoek bi bider garaitu behar zuten rankingeko burua txapela irabazteko. Horrela, nesken kategorian hiru final egin ziren, rankingeko buru zen Molly Picklumek lehen aukera galdu baitzuen. Ordea, mutilen rankingeko buru zen Yago Dorak lehen aukeran irabazi egin zuen, eta ondorioz, Fijjiko txapela eta titulu mundiala irabazi zituen.
Picklum vs Marks
Nesken kategorian Bettylou Johnson, 20 urteko hawaiiarra, eta Caroline Marks, 2023ko munduko txapelduna, itsasoratu ziren lehen txandan. Erraz irabazi zuen Floridakoak, bere arerioa oso urduri baitzegoen. Bigarren txandan, Caitlim Simmers 19 urteko estatubatuarrak iazko titulu mundiala zergatik irabazi zuen frogatu zuen, baina ez zen nahikoa izan, Marks nagusitu baitzen.

Hirugarren txandan, Gabriela Bryan (23 urte) izan zen Marksen arerioa, olatu handietan ongien ibiltzen den lehiakideetako bat, baina olatuak ez ziren hain handiak izan eta berriz ere Floridakoa nagusitu zen. Hiru txanda eginda iritsi zen finalera Marks. Txandak 35 minutukoak ziren eta nekea nabarmena zen, baina hala ere, Molly Picklum 22 urteko australiarra garaitzea lortu zuen Marksek. Ordea, bigarren aldiz itsasoratu zirenean australiarra nagusitu zen. Azken aukera geratzen zen. Marks, nesken kategoriako ezker surflari bakarra, jada bost aldiz lehiatu zen egun berean, eta ezin izan zuen denboraldiko liderra izan zen Piclum garaitu. Molly Picklum hiru bider iritsi zen Final Handira azken hiru urteetan, eta hirugarrengoan bere karrerako lehen titulu mundiala irabazi zuen.
Dora vs Colapinto
Jack Robinson australiarrak sekulako egurra jaso zuen lehen txandan. Italo Ferreira animalia basati bat bezala itsasoratu zen, eta iaz bezala, titulu mundiala irabazteko aukera asko zituela zirudien. Aitzitik, bigarren errondan, Griffin Colapinto kaliforniarrak Ferreiraren puntuazioa gainditzea lortu eta hirugarren errondarako pasea eskuratu zuen. Ferreira lur jota geratu zen.
Hirugarren txandan hamar urteko aldea zuten bi lehiakide itsasoratu ziren. Azken urteetako denboraldiak postu onean amaitu arren, inoiz munduko titulua irabaztea lortu ez duen Jordy Smith hegoafrikarra garaipenetik sekula baino gertuago zegoen, baina 27 urteko kaliforniarrak bidea itxi zion. Jordy ere lur jota erretiratu zen.

Final handia hasi zenean, Yago Dora, 22 urteko brasildarra, fresko zegoen. Colapintok ordea, aurreko txandetako zama soinean zeraman. Dora bikain aritu zen, pazientziarekin itxaron zituen olatu handienak eta lehentasuna izateko sekulako presioa egin zion Colapintori. Ikusgarria izan zen, lehiakide bakoitzak olatu bat hartu ostean urautsira bidean zihoazela izan zuten lehia. Dorak, 10 metro atzetik zihoan arren, bere indar guztiekin arraun egiten hasi eta Colapintori aurre hartzea lortu zuen. Horrela, lehentasuna eskuratzea lortu zuen, baina hori bakarrik ez, bere arerioa fisikoki eta moralki xehatuta utzi zuen. Dorak ez zuen finala errepikatu beharrik izan; lehen aukeran lortu zuen garaipena.
Dora eta Picklum, munduko txapeldun izan ostean, datorren denboraldiari begira, munduko surflari onenak direla esan daiteke. Denboraldi berezia izango da 2026koa, formatu berri bat ezarriko baita. Apirilean hasiko da Australian eta abenduan amaituko da Pipelinen.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
