NAIZ

Gasteizko euskalgintza eragileen mezua: «Euskararen biziberritzea ez da egun bakarreko kontua»

Larunbatean Gasteiz Euskararen Hiria jaialdia ospatuko da. Euskalgintza eragileek kalera aterako dira euskarari dagokion tokia aldarrikatzeko eta egindako lana balioan jartzeko. Diotenez, «euskararen biziberritzea ez da egun bakarreko kontua».

Gasteizen egindako agerraldia.
Gasteizen egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Irailaren 13an, larunbatean, ospatuko da Gasteiz Euskararen Hiria jaialdia. Euskararen aldeko festa handia izango da eta kaleak musikaz eta kolorez bete nahi ditugu; baina horretaz gain, hainbat euskalgintza eragilek aprobetxatuko dute euskarari dagokion tokia aldarrikatzeko eta eragileon lana balioan jartzeko. Izan ere,  «euskararen biziberritzea ez da egun bakarreko kontua».

Hala adierazi dute astearte honetan Geu elkartea, AEK, IKA, Hegoalde euskaltegia, ALEA, Bai
Euskarari eta Lazarraga elkarteak Andra Maria Zuriaren plazako balkoian egindako agerraldian. Bertan nabarmendu dutenez «egunerokoan ari gara lan nekeza eginez, eta hala jarraitu behar dugu etorkizunean ere. Horretarako ezinbestekoak dira baliabideak, babesa eta herritarren konpromisoa».

Zentzu honetan, argi utzi dute jende asko izan dela hamarkadetan zehar lanean euskarak galdutako espazioa berreskuratu nahirik. «Eta lan hori aitortzea dagokigu. Baina oraindik asko dago egiteko eta lan handia egiten ari gara gaur egun ere, arlo askotan eta eragile ugariren artean. Askotan baliabide gutxirekin, egoera prekarizatu batean eta babes nahikorik gabe jardun behar izaten dugu».

«Gasteiztar guztiona da euskara, euskaldunak izan edo ez, eta guztion artean zaindu eta indartu behar dugu», gaineratu dute, eta larunbatean izango den kalejiran parte hartzera deitu dute. 18.00etan abitatuko da Andra Maria Zuriaren plazatik. 

Gainera, egitarau oparoa antolatu dute hainbat eragileren artean egunaz disfrutatzeko. Besteak beste, familientzako zein haurrentzako emanaldiak izango dira, herri kirolak, kirol emanaldiak, bakarrizketak, zunba herrikoia, Dragshowa eta gaueko eskaintza «berezia» iragarri dute.