NAIZ

Jose Mari Dorronsoro aske, 32 urteko gatibualdiaren ondoren, konputo bikoitza baliogabetuta

Donostiako Egia auzoko Jose Mari Dorronsorori ezarritako espetxe zigorrak amaituak direla onartu dute espainiar auzitegiek, konputo bikoitzaren tranpa baliogabetua izan ostean. Guztira 32 urte eman ditu kondenapean, lehenengo zazpiak Estatu frantsesean. Lopez Antari ere onartu diote.

Uda honetan zehar ‘Etxera’ lelopean eginiko mobilizazioetako bat, Iruñean.
Uda honetan zehar ‘Etxera’ lelopean eginiko mobilizazioetako bat, Iruñean. (Jagoba Manterola | Foku)

32 urteko kartzelaldia amaitu zaio Jose Mari Dorronsoro Malasetxeberria donostiarrari, behar baino beranduago legediaren arabera. Iaz espainiar Gorteetan konputo bikoitzaren doktrina ezabatua izan ostean, frantziar Estatuan preso emandako urteak kontuan hartuak izan dira azkenean eta horrekin kondena amaitua dagoela onartu dute espainiar auzitegiek.

Ebazpen honek bere zigorraren bukatze data 2023ko uztailean kokatzen du; legez zegokiona baino bi urte gehiago izan dute presoa, beraz.

Balbino Saenz Olarra izan zen honen ondorioz aske gelditu zen lehen euskal presoa, martxoan. Gero Alberto Plazaolari zein Jon Mirena San Pedrori ezarritako tranpa ere indargabetu dute. Laugarrena da Dorronsoro, beraz. Etxeratek orain honen berri ematerako argitu duenez, duela aste batzuk aske geratu zen Angel Lopez Antari ere (Ortuellakoa) onartu zaio erizpide berria.

Agerian geratzen denez, motel ari dira garatzen lege aldaketa. Sarek adieraztera eman zuenez, konputo bikoitza ezabatu izanak zazpi presoentzako kondena amaiera ekarri behar zuen lehenengo unetik, eta beste dozenaka espetxeratuen egoera hobetu beharko luke, gradu progresioak eta aske uzteak erraztuz.

Donostiako Egia auzokoa da Dorronsoro. 1993ko abuztuan atxilotu zuten Estatu frantsesean, eta Parisek ezarritako zigorra bete ondoren Espainiaratu egin zuten 2001ean, Madrilen kondena luze berriak agintzeko. Urte askotxo eman behar izan zuen Penintsularen beste muturrean giltzapetuta, Puerto de Santa Marian.

Hurbiltze prozesua abiatu zenetik Euskal Herrira lekualdatu zuten, Iruñera lehenik eta Martutenera gero. 2023 urteko uztailean 3. gradua onartu zioten eta 2024ko ekainetik orain arte baliabide telematikoen bidez bete du ezarritako zigorra. Jada 70 urte dituela erabat aske da.