NAIZ

Ramon Bareak jasoko du III. Gure Zinema saria

Ramon Barea antzerkigile eta antzezleak jasoko du III. Gure Zinema saria, euskal zinemari egindako ekarpenaren onarpen gisa. Bilbotarrak 73. Zinemaldiaren baitan jasoko du saria, irailaren 24an.

Ramon Barea, Arraiaga antzokian.
Ramon Barea, Arraiaga antzokian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gure Zinema Sariak Ramon Barea aktore, antzerkigile eta antzerki-zuzendariaren ibilbidea aitortuko du hirugarren edizioan. Sari honekin, Gure Zinemak aintzat hartzen du Bareak «euskal zinemaren erreferente gisa» duen papera, baita pantaila handiko zinemari egindako ekarpena ere.

Ekitaldia irailaren 24an izango da, Zinemaldiaren 73. edizioaren barruan, Donostiako Kursaalen, eta aurreratu dutenez Borja Cobeaga zinemagileak emango dio garaikurra, «biek konplizitate handia baitute». Izan ere, Cobeagak zuzendutako bost filmetatik lautan parte hartu egin du Bareak —‘No controles’ (2010), ‘Negociador’ (2014), ‘Fe de etarras’ (2017) eta ‘Los aitas’ (2025)—. Gainera, ‘Éramos pocos’ (2005) Oscar sarietarako izendatua izan zen bere film laburreko protagonista ere izan zen, eta ‘Su majestad’ (2025) seriean ere esku hartu zuen aktore gisa. Antzezle bilbotarra luze eta zabal jardun zen bere ibilbideaz berriki 7K igandekariari eskainitako elkarrizketa honetan.

«Ramon Bareak inork ez bezala irudikatzen du gure zinemaren historia hurbila. Berrehundik gora ikus-entzunezko lanetan parte hartu du, eta eskuzabaltasunez egin du bere ibilbide profesionala», aitortu dute, eta gogora ekarri dute ‘La fuga de Segovia’, ‘La Muerte de Mikel’, ‘27 horas’, ‘Vacas’, edo ‘La Madre Muerta’ bezalako film ikonikoetan ikusi ahal izan dugula, baita ‘Obaba’, ‘La comunidad’, ‘Blancanieves’, ‘La herida’, ‘La higuera de los bastardos’ edo ‘Cinco Lobitos’ bezalako lan berriagoetan ere.

Gure Zinema Saria

Gure Zinema Sariak helburutzat du euskal ikus-entzunezko ekosistema indartzen duten ibilbide profesionalak eta lanak azpimarratzea. Aurreko edizioetan Ane Gabarain (2024) eta ‘Cinco lobitos’ (2023) saritu ziren.

Gure Zinema plataforma duela hiru urte sortu zen ikus-entzunezkoaren sektoreko eragileek bultzatuta. Euskal zinema indartzeko helburua du, eta ikusleei abantailak eskaintzeko. Gure Zinemaren kide dira euskal ekoiztetxeen elkarteak, EZAE, EiTB eta euskal zinemaren gainerako kideak, jaialdiak, kultura-erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreena eta gidoilariena.