
Jakin-min batek mugituta abiatu ohi da Laura Mintegi (Lizarra, 1955) idazten, kasu honetan «komunikazio ezak muturreko egoeretara nola eraman gaitzaken» hartu du akuilu gisa ‘Akabo’ eleberria idazteko. Azken eleberria ondu zuenetik ia bi hamarkadara argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin, eta asteazken honetan aurkeztu du kazetarien aurrean.
Iñigo Satrustegi editoreak azpimarratu du Mintegik ahal duenean psikologia hizpidera dakarrela, eta eleberri honetan ere nabari dela. Izenburua «erakargarria, konpaktua, deigarria eta iradokitzailea» da editorearen esanetan, eta liburuak gordetzen duena ongi laburbiltzen du.
Lehen orrialdeetan kontatzen da Sheenak bere bikotekide Manu hil duela, «egoerak gainezka eginda», eta hortik abiatuta sartuko da irakurlea harreman horretan, Eskozia, Euskal Herria zein Katalunia zeharkatuz. Satrustegik azaldu du orainaren eta iraganaren artean ‘saltoka’ ibiliko dela irakurlea, egitura paraleloa duelako eleberriak, bikotekidearen harremana aztertzeko iraganera joz, eta Sheenak parean hilotz duen senarrarekin zer egingo duen orainean biziz.
Baratxuri zopan pozoia jarrita hiltzen du bikotekidea Sheenak, eta gertakari horretatik abiatuta landuko dira harremanen gaia eta komunikazio edo komunikazio ezarena, bereziki. Baina baita familia harremanak edota hizkuntza gutxituak ere, hizkuntzalaria baita protagonista eta egiten ari den ikerketaren berri ere emango duelako istorioan zehar. Traizioa da Mintegiren ustez 352 orriak zeharkatzen dituen beste gai bat.
Komunikazioa, eskuzabaltasuna
«Beti pentsatu izan dut nahiz eta berriki ipini dudan hitzetan, sakoneko edozein harreman -ez du ardura maitasunezkoa izan, lagunartekoa edo laborala- komunikazioan oinarritu behar dela, komunikazio zintzoan. Elkarri adierazi eta elkarri entzun behar zaio, eta entzuten denari erantzun, eta ez norberak duen diskurtso propioari, eskuzabaltasun maila altua dago komunikazioan», hausnartu du eleberriaren muina azaltzeko unean.
Gaineratu du egungo gizartean, ustez inoiz baino komunikatuago gaudenean, inoiz baino handiagoa dela inkomunikazioa, «uste dut geroz eta zekenagoak garela, geroz eta eskuzabaltasun gutxiago daukagula, eta hortik dator elkar ezin ulertzea. Nabarmena da geopolitikan, eta nabarmena da giza harremanetan», esan du.
Lacanen esaldia izan da eleberri osoan Mintegiren motorra, eta azken hiru-lau urteetan lagundu diola azaldu du: «Maitatua urrunegi doanean, bere buruarekiko traizioan eta bere buruaren engainuan irauten duenean, maitasunak ez dio gehiago jarraitzen».
Pertsonaiekin gosaltzea
Mintegik ohartarazi du hausnarketetatik abiatzen badira ere bere nobelak, pertsonaiei garrantzia handia ematen diela. Eta pertsonaia horiei subjektu izaera ematea garrantzitsutzat jotzen du: «Hori dago nire nobela guztietan, momentu batean badago prozesu estugarri bat eta indibiduoak lortzen badu horri erantzun bat ematea subjektu bihurtzen da».
Hausnartu nahi duen gaia zehaztu ostean istorioa asmatu eta pertsonaiak eraikitzen hasi zen, «eta nire etxeko bihurtzen dira pertsonaiak, nirekin gosaldu eta bazkaltzen dute», zehaztu du. Eta guztiz eraikita dituenean hasten dela idazten, «pertsonaiek bizitza propioa duten momentuan».
Aitortu du denbora luzez izan dituela pertsonaiak buruan eta ia ondoan ere sumatu dituela sarritan, berak asmatutakoak direla baina bizitza hartzen dutela: «Ariketa eskizofrenikoa da, pertsonaia bat baino gehiago dago nobelan, bakoitzaren larruan sartzen zara eta kontraesankorrak dira, bizitza ezberdinak bizi dituzu. Nobelak amaitutakoan nere burua askatu behar izaten dut pertsonaia horietatik, baina oraindik harrapatuta naukate eta nirekin gosaltzen dute». Halere, gehitu du sarritan zailtasunak baditu ere idazleak sortutako pertsonaietatik eta istoriotik askatu eta bizitza errealean lur hartzeko, zenbait emakumek badutela «abantaila edo handicap» bat: «Ama, bokata» entzutea, kontatu du irri txiki batekin.
Orrialde kopuruz luzea izan badaiteke ere, «arin» irakurtzen den eleberria dela esan du, edo hala esan diotela behintzat ingurukoek, «jakin-minez» azkar irakurtzen dela. Badira ia bi hamarkada Mintegik eleberririk argitaratzen ez duela, baina idazten aritu da urte hauetan, «auto-kontsumorako» argitu du.
Azala ere berezia du liburuak, Txalaparta argitaletxeak proiektua handitu eta eguneratzea erabaki baitu, eta horrek mamian ez ezik itxuran ere isla du, Mintegiren eleberria adibide.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

