
Endika Alonso, Iruñeko zinegotzia, eta Francisco Javier Razkin, Arbizuko alkatea, ikertuko ditu Auzitegi Nazionalak, azken Hatortxu Rockeko ekimen banatan parte-hartzeagatik. UPNk jarri zuen bien aurkako salaketa «terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea» leporatuta.
Alonsok agur ekitaldian parte hartu zuen. «Denak etxean izan arte. Gora gu eta gutarrak. Gora Hatortxu», adierazi zuen orain zinegotzi den, baina jaialdiaren sorreran parte hartu zuen iruindarrak. Cristina Ibarrola, UPNren bozeramailearen iritziz, hori «ETAko presoen aldeko mezu esplizitu baten baliokidea da».
Alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, salaketa tramitera onartu dute, eta Guardia Zibilak salatutako gertakariei buruzko txosten bat egitea erabaki du epaileak. Halaber, EITBri eskatu dio amaierako ekitaldiko irudiak aurkezteko. Era berean, Ibarrolak Alonsoren «berehalako dimisioa» eskatu du.
Bestetik Francisco Javier Razkin, Arbizuko alkatea, ere salatu dute, 2021ean zendu zen eta herrikidea zuen Fran Baldari egindako omenaldian parte hartzeagatik. Kasu horretan, jaialdiak berak ere oroitu zuen arbizuarra, Hatortxuren sorreran parte hartu zuela gogora ekarriz.
Ostegun honetako Bilkuran, Aitziber Campion Hezkuntza eta Euskara zinegotzi delegatuak defendatu duenez, EH Bilduk «politika ulertzeko modu bat du, erakundeetan amaitzen ez den konpromiso baten bidez, eta hori UPNk ez du ulertzen».
Campionek ziurtatu duenez, Alonsok «seriotasunez eta arduraz betetzen du bere eginkizuna Udalean, eta jarrera zintzo eta konprometituarekin». «Oinarrizko eskubideak errespetatzea eta neurri diskriminatzaileak ez aplikatzea eta legea betetzea ez da susmagarria, guztiz demokratikoa baizik», argudiatu du Campionek.
EH Bildu, aurrera
Urrats hau baloratu du EH Bilduk ostiral honetan. «Presoen eskubideen defentsa eta aldarrikapena konstante bat da EH Bilduren jardunean eta horrela izaten jarraituko du. Ez dugu onartzen presoen eskubideen alde lan egiten duten kolektibo eta norbanakoak jazartzen eta kriminalizatzen saiatzea», nabarmendu du.
«Presoen eskubideen defentsa eta aldarrikapen honek Euskal Herriko gizartearen babes zabala du, helburu honekin egiten diren mobilizazio ezberdinetan ikusi ahal izan den bezala», ekarri du gogora. Gauzak honela, «EH Bildutik norabide horretan lanean jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, euskal gizartearen gehiengoak hala eskatzen duelako eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen politika eta neurriak behingoz amaitu behar direlako», ziurtatu du.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
