
Denboraldiko lehen partida etxean jokatuko du Realak larunbatean eta inoiz baino bereziagoa izango da hitzordua, etxe berria estrenaituko baitu. Z7 zenaren ordez eraikitako zelai berrian jokatuko dute lehenaldiz txuri-urdinek, emakumezkoen sekzioaren egoitza hartzen duen Izan eraikin berriaren ondoan.
Nerea Eizagirre eta Ainhoa Moraza kapitainak prentsa aurrean agertu dira eguerdian eta, noski, zelaia ofizialki zapaltzeko irrikitan daudela onartu dute. Ez hainbeste azken hilabeteotako «exilioa» amaituko delako behin-betiko etxea zabaltzearekin, baizik eta, batez ere, urrats horrek sinbolizatzen duenagatik. Aurten Donostiara itzuli aurretik oso errealitate desberdina ezagutu zuen Morazak «zorteduna naizela pentsatzen» duela aitortu du. «Zubietan hasi nintzenean, orain dela hamar urte, ez genituen oraingo baliabide guztiak. Pixkanaka, urte hauetan Realak apostua egin du gurekin eta instalazioetan ere. Nik uste dut baliabide guztiak dauzkagula eta orain disfrutatzeko momentua badela. Egia da urte hauetan nesken futbola urratsez urrrats bagoazela borrokan eta behintzat zentzua hartzen ari dela egiten ari garen lana eta azkenean gure lekua daukagula ere». «Harro sentitzeko modukoa da –gaineratu du– Kirol Hiria nola handitu den ikustea eta disfrutatzea eta, noski, lehen pertsonan bizi ahal izatea».
Bat egin du Eizagirrek, azken urteotako ibilbidea azpimarratuz. «Lan asko egin dugu daukaguna lortzeko, klubak ere aurrerapauso bat eman du guregan konfiantza izanik eta aurretik egindako lanaren opari bat dela uste dut», esan du. Bakarra ez eta «klubak urrats asko eman» dituela adierazi du.«Honelakoa emateko unea zen eta eman du eta gu oso eskertuta gaude. Orain emaitza onak lortzea tokatzen zaigu, klubari egiten ari den guztia bueltatzea eta disfrutatzea. Hazteko eta hobetzen jaraitzeko ingurune aproposa» dela esan du, larunbata heltzeko «oso gogotsu» dagoela gehituz. «Lanean zentratuta gaude baina oso gogotsu ere, oso berezia izango da».
✨ Zubieta brilla cada día más ✨
— Real Sociedad Femenino (@RealSociedadFEM) September 11, 2025
El ⚽️ ya puede rodar en el nuevo estadio de Zubieta.
El sábado, estreno con el femenino (12:00)#MadeInZubieta
Zinta mozteko garaipena ospatzea baino modurik onena ez dago eta horretan dabiltzate txuriurdinak. «Danok gustora egotea espero dugu, partida asko irabaztea, Zubietara datozen aukari guztiek zelai zaila dela ikustea eta guk gure etxea bezala sentitzea. Puntu asko lortzea espero dugu».
Baikorrak dira donostiarrak, zentzu horretan, Ligako lehen bi jardunaldiak jokatu ondoren. «Taldea ondo dagoela esango nuke –azaldu du Eizagirrek–. Egia da aurreko denboraldiko bigarren buelta gogorra izan zela. Orduan esan nizuen taldeak asko ikasiko zuela eta esango nuke fitxaketek ere asko lagunduko gaituztela. Talde ona daukagu eta Arturorekin gustora gaude, ekarri dituen ideiak ahalik eta azkarren zelai gainean jartzen». Morazak taldean «berriak etorri garenen, gazteen eta aurretik zeundenen arteko nahasketa» azpimarratu du, ontzat emanez. Baita Arturo Ruizen gidaritzapean udatik egiten ari den lana, «nahi dugun Reala ikusi ahal izateko. Batez ere protagonista izan nahi dugu baloiarekin eta uste dut ikusi dela bi partidu hauetan».
Lehen garaipenaren bultzada aprobetxatuz, hobetzen jarraitzea espero dute txurirudinek, bide batez Sevilarren kontra beste hiru puntu poltsikoratuz. «Oso talde konplikatua, gogorra, da. Agian ez da bere momentu onena –esan du Eizagirrek, talde andaluziarrak larunbatean porrota gogorra jaso zuela gogoratuz– eta aprobetxatzen saiatuko gara. Gure jokoa egiten saiatuko gara, baloiarekin protagonistak izaten, egiten dakiguna egiten saiatzen, partida polita egiten... Jokatzeko sekulako gogoak ditugu, gure estadioan, gure jendearekin... Ziur nago jende asko etorriko dela gu babestera eta egun borobila izatea espero dut».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

