NAIZ

Iñaki Nublaren lekukoa hartuko du Mikel Larrea Azpeitiak Konfekoopeko zuzendaritzan

Mikel Larrea Azpeitiak Iñaki Nubla ordezkatuko du 2026ko urtarrilean Konfekoopen zuzendaritzan. Kooperatiben munduan ibilbide luzea eginda, bere esperientzia eta ezagutza zabala ekarriko ditu EAEko Kooperatiben Konfederaziora.

Mikel Larrea izango da Konfekoopeko zuzendari berria.
Mikel Larrea izango da Konfekoopeko zuzendari berria. (KONFEKOOP)

Konfekoopeko Kontseilu Errektoreak, 2025eko uztailaren 29an egindako bileran, Mikel Larrea Azpeitia EAEko Kooperatiben Konfederazioko zuzendari izendatzea erabaki zuen, kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatu batek egindako hautaketa-prozesuaren ondoren. Ostegun honetan jakinarazi du.

Datorren 2026ko urtarrilaren 1ean, Mikel Larrea Azpeitiak Iñaki Nubla Otaolaren lekukoa hartuko du. Laster erretiroa hartuko du azken honek, euskal kooperatibismoarekiko dedikazio eta konpromiso ibilbide luzearen ondoren. EAEko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko idazkari teknikoa izan zen 30 urtez, azken bost urteotan Konfekoopeko zuzendaritza izan ondoren.

EAEko Kooperatiben Konfederazioak Iñaki Nublaren lana eta konpromisoa eskertu ditu Konfekoopen zuzendari gisa egindakoagatik, baita Mikel Larreak etapa berri honetan erakundeari egingo dion ekarpenean duen konfiantza ere.

Eroskin orain arte

Mikel Larrea Azpeitia kooperatiben mundutik dator, eta Eroskin garatu du bere ibilbide profesionala. Logistikaren arloan 21 urtez lan egin ondoren, duela 12 urte hartu zuen Eroskiko idazkari nagusiaren kargua, eta posizio horretatik harreman estua izan du Konfekoopekin eta EAEko eta Estatuko gainerako kooperatiba-mugimenduarekin.

Biek lanean hilabete batzuk emango dituzte trantsizio ordenatu eta eraginkorra bermatzeko, martxan dauden proiektuei jarraipena emateko eta maiatzean onartutako Konfekoop 2025-2028 Plan Estrategiko berria finkatzeko.

Errelebo honekin, EAEko Kooperatiben Konfederazioak euskal kooperatibismoa bultzatzeko eta proiektatzeko konpromisoa berresten du. Konfekoopek 62.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzten hainbat sektoretako 1.400 kooperatiba baino gehiago ordezkatzen ditu gaur egun, 11.600 milioi euroko fakturazio bateratua lortzen du eta 1,5 milioi bazkide ditu.