BABESLEDUN EDUKIA

Altsasu, Uharte eta Antsoaingo jaien txanda iritsi da Nafarroan, eta Dulantzikoena Araban

Herri eta auzo gehienek ospatu dituzte udako jaiak, baina egutegia ez da erabat itxi. Nafarroan, Altsasu eta Uharte dira irailaren bigarren asteburu honetan jaietan murgilduko diren herriak, eta Antsoainen datorren ostegunean hasiko dituzte. Araban, Dulantzik hilaren 12tik 21era ospatuko ditu.

Altsasuko jaiak ostiral eguerdian lehertu dira eta asteartera arte luzatuko dira.
Altsasuko jaiak ostiral eguerdian lehertu dira eta asteartera arte luzatuko dira. (Iñigo URIZ | FOKU)

Altsasun iritsi zaie jaiak ospatzeko txanda eta, ostiral honetan hasita, bost egunez luzatuko da egitaraua. Aurtengoa urte berezia eta zaila izaten ari da altsasuarrentzat, Sunsundegui eta bere enpresa hornitzaile batzuk itxi egin baitira. Hala ere, Udalak gertakari hori «inflexio-puntu» gisa hartu behar dela nabarmendu du, 80. hamarkadan gertatu zen bezala, krisialdi honetatik ere indartuta atera ahal izateko. Zentzu horretan, dei egin die herritarrei jaietaz gozatzeko eta, atsedena hartu ondoren, eguneroko errutinara indartsu itzultzeko.

Ostiral eguerdiko 12.00etan puntuan egingo du eztanda jaiak, Altsasuko txistulari, gaita-jotzaile, erraldoi eta Peñekin, eta arratsaldean peñen kafea eta kalejira, familia antzerkia, dantzaldia Jamaica Show taldearekin, Altsasuko Zortzikoa eta Larrain Dantza, zezensuzkoa eta Dupla taldearen kontzertua daude iragarrita.

Musika arloarekin jarraituz, larunbatean Bizardunak taldearen kontzertua izango da, igandean Demode Quartet eta Txapela Brava taldeak arituko dira, astelehenean Trikiteens taldearekin erromeria izango da eta asteartean Puro Relajoren kontzertua. Eta kirol jarduerei dagokionez, asteburuan ez dira faltako txirrindularitza lasterketak ezta esku pilota txapelketak ere.

Informazio honen babesleak: Portuko Okindegia, Altsasuko Dendarien Elkartea, Arkangoa Taberna, Txalaparta Taberna, Lezea Taberna, Viajes Barcelo, Cortinas Izara, Optika Sakana.

 

Erraldoien konpartsa berria Uharten

Sakanatik Iruñerrira jauzi eginez, Uharten, larunbata eguerdian botako dute Senidetasunaren Besten hasierako suziria eta egitaraua bederatzi egunez luzatuko da, irailaren 21era arte. Aurten Casa Navarro tabernako familiak botako du suziria. 150 urte baino gehiagoko historia duen ostatua erreferente bilakatu da herrian zein herritik kanpo, eta herritarrek ospe hori mantentzeko belaunaldiz belaunaldi egindako lana eskertu nahi izan dute.

Txupinazoa lehertu bezain laster, jai-giroa zabalduko da herri guztian zehar, Uharteko gaitero, Ardanbera fanfarrea eta Turrutxiki txarangarekin. Ondoren, erraldoien jota joko dute eta erraldoi eta buruhaundien konpartsa irtengo da.

Bederatzi egunetan, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, hala nola jota errondak, haurrentzako animazioak, arratsalde pasak, txistu eta gaita dantzaldiak, kuadrillen jokoak, behi eta zezen suzkoak (aurten ordu laurden bat lehenago), kontzertuak, erromeriak... Gastronomia arloan, astelehenean herri saiheski-jana izango da, asteartean herri kalderetea, asteazkenean nagusien bazkaria, ostiralean emakumeen bazkaria, eta larunbatean herri paella-jatea.

Berritasunen artean, aipatzekoa da aurten erraldoien konpartsa berria estreinatuko dela, eta aurkezpena ostiral honetan bertan (irailak 12) egingo da, arratsaldeko 18.30ean. Horrekin batera, familia osoarentzako jolas berriak izango dira, Zureskuren eskutik, eta gazteentzako gunea Berdintasunaren plazan egongo da, ekintza eta jarduera bereziekin. Jai gune nagusia ere Berdintasunaren plazan kokatuko da.

Informazio honen babesleak: Uharteko Udala, Microlan industria mecánica.

 

Antsoainen, ostegunetik aurrera

Antsoainen ere jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan, baina horretarako egun batzuk itxaron beharko dute, ostegunean botako baitute suziria, arratsaldeko 18.00etan. Aurtengo txupinazoa botatzeko aukeratu duten herritarra Agustin Villarroya "El Tino" da  (898 boto jaso ditu), 26 urtez bere litxarreria-denda herritarren topagune bilakatu ondoren, datorren urtean erretiroa hartuko duelako.

Suziria jaurti aurretik, adineko pertsonak paellada batean bilduko dira Lapurbide plazan. Bertan, 300 pertsonek parte hartzea espero da.

Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 50 bat jarduera biltzen ditu, adin guztiak aintzat hartuta, nahiz eta adinekoei, haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduerak indartuko diren. Aurten, berriz ere, larunbatean Lapurbide kalean egiten den paellada herrikoia berreskuratuko da, eta 450 pertsona inguru bertaratzea espero da.

Musika egitarauari dagokionean, aurtengo jaiak Motxila 21 taldearen kontzertuarekin hasiko dira, eta horrekin batera Zopilotes Txirriaus, Los Tenampas eta Trikiteens bezalako taldeen emanaldiak ere daude iragarrita.

Jaiak hilaren 21era arte luzatuko dira eta azken egunari elkarrekin agur esateko, ekitaldi sorpresa bat izanen da, 21:00etan, Udaletxeko Plazan.

Txozna Elkarteak ere egitarau berezia prestatu du, eta aipatzekoak dira gauetan antolatu dituen kontzertuak, Eztitan eta EH Sukarra taldeekin, besteak beste. Txozna elkarteak hitzarmena sinatu du Udalarekin txoznetarako prestatutako tokian hainbat jarduera burutzeko, beti ere herritarrei «kulturarako eta partaidetzarako sarbidea errazteko» eta, aldi berean, kolektiboek «kultura eta jaietako jarduerak antolatzen parte har dezaten laguntzeko».

Informazio honen babeslea: Antsoaingo Udala.

 

Ostiral arratsaldeko txupinazoarekin hasi dira aurtengo Dulantziko jaiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dulantzin, bi asteburuko jaiak

Araban, azkenik, Dulantzin ere jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan. Txupinazoa ostiral honetan izango da, arratsaldeko 19.00etan, eta egitaraua bi asteburutan luzatuko da, hilaren 21era arte hain zuzen. Zatorrak neska kuadrillak jaurtitako txupinazoa eta "Tripafina"ren jaitsieraren ondoren, txosnen irekiera egingo da eta gauerdian Josetxu Piperrak taldearen kontzertua izango da plazan, baita DJ saioa ere txosnetan.

Larunbatean (irailak 13), blusa eta neska beteranoen eguna ospatuko da eta arratsaldean blusa eta nesken kuadrillen kalejira handia egingo dute zezen plazara, bertan "Gran Prixa" jokatuko baita. Gauean, Izenbarekuak txaranga, Orquesta Impakto, zezensuzkoa eta Bad Sound eta DJ Reibax izango dira, azken hauek txosnen esparruan.

Igandean (irailak 14) adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira egunean zehar: tren turistikoa, meza, erraldoi eta buruhandiak, txaranga, pala eta pilota partidak, patata tortilla lehiaketa, goitibeherak, pintxopotea, dantzaldia, ikuskizun piroteknikoa...

Astelehenean Aialako erromeria ospatuko da eta jaietako egitaraua datorren ostiralean itzuliko da, irailak 19, ekitaldiz betetako bigarren asteburuari ekiteko. Jaien amaiera igande iluntzean izango da, 21.30ean, "Tripafina"ren agurra, txaranga, zezensuzkoa eta su artifizialekin.

Informazio honen babeslea: Dulantziko Udala.