
«Nobela mutantea» omen da Danele Sarriugartek Consonni argitaletxearen eskutik plazaratu berri duena, ez da, beraz, ohiko nobela: «Gorputza eta hizkuntza aldatzen saiatzen dena, desira kuir baten itsasargi». Izan ere, generoen hibridazioa eta dispositibo narratibo disidentea uztartzen ditu Sarriugarteren ‘beste zerbait’ liburu berriak.
Irailak 12 dituen honetan aurkeztu du obra Donostiako Duque de Mandas aretoan. Azaleko irudia Maider Alday Parra diseinatzaile eta ilustratzaileak egin du.
Egitura zatikatua du nobelak, hots, atal laburrak, zerrendak, askotariko ahotsak eta narratiba fragmentarioa. Halaber, hizkuntza ez-bitarra darabil Sarriugartek eta narratiba kuir eta feminista gisa etiketatu du obra, indarrez eta emozioz idatzia.
Hain zuzen ere, atal laburretan islatuta daude ezaugarriok eta, aldi berean, atalen baitan badaude kapituluak, idazlearen esanetan, ildo berari jarraitzen diotenak. Lehenak, ‘Etxea’ deiturikoak, gorputza eta jabetza uztartzen ditu, etxebizitza erabaki politiko gisa planteatuta.
‘Amorrua’ atalean kontzientzia feminista afektutik eta zapalketa emozionaletik abiatuta landu ditu Sarriugartek eta ‘Desira’ zatian, aldiz, polimaitasuna eta «cruising utopiak» aurkeztu ditu bestelako etorkizunen irudikapen gisa.
Hirugarren atalean, ‘Desjabetzeak’ deitzen den horretan, instituzioek gorputzak nola moldatzen eta mugatzen dituzten aztertzen du idazleak; eta ‘Jabetzeak’ zatian askatasunaren eta arduraren arteko tentsioa uztartu ditu, Audre Lorderi erreferentzia sarritan eginda.
‘Beste norbait’ atalak ixten du obra, transformazioaren bidea, hots, bestelako izate baten aldarrikapena jorratuta.
Horrela, bollerismoa eta kuir desira; gorputza, hizkuntza eta identitatea; familia eta klase gatazkak; herriaren transmisio kulturala eta horretan instituzioek duten eragina; eta literatura, memoria eta autobiografia hautsiaren inguruko metadiskurtsoa landu ditu Sarriugartek liburuan.
Ahots bakarra
Gai horiek denak protagonista bakarraren ahotan jarri ditu idazleak, «mutazio-gosez bizi den subjektua» baita. Baina, makulu ditu gurasoak eta bikotekideak, baita ahots kolektiboak eta komunitatea bera ere, hurrenez hurren, «bollera eta kultureta» izateagatik baztertuak sentitu direnen lekukotasunen eta gorputz kuir eta disidenteen genealogiaren adierazgarri.
Gaurkoaz gain liburuaren beste bi aurkezpen egitekoak dira, irailaren 24an Bilboko Zirika liburu gunean eta 25ean beste bat Donostiako Garraxi tabernan, biak ala biak 19.00etan.
Hilaren 15etik aurrera egongo da nobela berria liburu dendetan eskuragarri.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

