Kazetaria / Periodista

Eskuin muturraren martiri, armaz jositako herrialdean

Charlie Kirk, AEBetako eskuin muturreko gazte-mugimenduaren bultzatzaile nagusia, asteazkenean hil zuten tiroz Utahko unibertsitatean. Trumpen kolaboratzaile estua zen, eta presidenteak haren omenezko oharra atera zuen, banderak masta erdian jartzeko agindu, eta aurkariei leporatu zien gertatutakoa.

Charlie Kirk.
Charlie Kirk. (Charles-Mcclintock WILSON | ZUMA PRESS)

Eskuin muturrak Estatu Batuetan eta beste leku batzuetan ageri duen sendotasunak asko zor dio nostalgiko faxisten irudia astindu eta oso maskulinitate toxiko batetik politikan sartu diren mutil eta gizon gazteen fenomenoari. Mugimendu horren guztiaren atzean, Charlie Kirk zegoen AEBetan. Chicagoko aldirietako gune aberats batean jaioa, hemezortzi urterekin hasi eta asteazkenean Utahn tiroz hil zuten arte eskuin muturreko gazte-belaunaldiaren eredu izan zen.

XXI. mendearen emaitza zen: atzo gogora ekarri ziren irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenean, 7 urte zituen Kirkek. Hemezortzi urte betetzean, Barack Obamaren lehen agintaldia amaitzear zegoela eta hauteskunde-kanpaina berri batera bidean, Turning Point USA (AEBetako inflexio-puntua) gazte eskuindarren elkartea sortu zuen. Institutua amaitu berri zuen. Tea Party lobby ultrako kideek, unibertsitate-ikasketak egin ordez, gainerako ikasleak «kausa kontserbadorerako» ekarrarazteko konbentzitu zuten.

Berehala, diruz ondo hornitutako makineria neofaxista bat jarri zuen martxan, unibertsitateetako ikasleen ordezkaritzetan hautagai eskuindarra sustatzeko. «Askatasuna, merkatu librea eta gobernu mugatua» bultzatuko zuten ikasleak trebatzea zen xedea, baita Interneten zerrenda bereziak jartzea ere, eskola-organoetan haien muturreko ideien aurka egiten zuen edozeinen aurka: arrazismoari buruz irakastea edo musukoa jartzeko derrigortasuna aski motibo ziren zerrendan agertzeko. Dozena bat estatutan eskoletako bilerak eten zituzten gazte ultrek, tarteka besoa altxatuta egindako agur faxistekin. Txertoa, LGTBI eskubideak, islama, abortua eta, laburbilduta, DEI (dibertsitatea, berdintasuna eta inklusioa) biltzen zuen guztiaren aurka egin du azken urteotan Charlie Kirken erakundeak.

BAZEKIEN PROBOKATZAILEA ZELA, ETA PROBOKAZIOA ZUEN SARBIDE

nagusi ia mila campusetan egindako hitzaldietan. Herenegun, askok gogorarazi zuen ikastetxe gehienetan gaur egun dagoen gai nagusietakoa: tiroketa masiboak eta, munduan beste inon ez bezala, gerrarako armen bidez behin eta berriz gertatzen diren sarraskiak. Duela bi urte, orduan ere Utahn, zenbait tiroketa eta hilketa onargarritzat jo zituen, armak edukitzeko eskubideari eusteko: «Merezi du urtero, tamalgarria izan arren, tiroz zenbait lagun hiltzea, Jainkoak emandako eskubideen (Konstituzioko) bigarren emendakina izan dezagun». Armak eramateko eskubidea da bigarren emendakina. Herenegun, berak sutsuki defendatutako ideia horrek berak hil zuen.

Kirk ez zen sekula AEBetako gobernuetako kide izan, ez zuen ez ardura federalik ez eta estatuetako kargurik ere. Berez, ez zen Donald Trumpen edo Alderdi Errepublikanoko kanpaina ofizialeko kide ere izan. Baina sekulako ekarpena egin zion MAGA mugimenduaren garaipenari, Trumpen aliatu estuenetakoa bihurtzeraino. Harreman berezia zeukan Donald Trump Jr presidentearen semearekin, elkarrekin joan ziren biak Groenlandiara joan den urtarrilean, errepublikanoek Etxe Zuria hartu eta gutxira.

Trump minduta eta haserre mintzatu zen atentatua gertatu eta berehala. Bezperan, herritarren amorrua parez pare jarraitu behar izan zuen, Washingtonen jatetxe batera zihoan lehen aldian kolektibo feminista bateko kideek “Washingon askatu, Palestina askatu, Trump gure garaiko Hitler da” egin zioten oihu behin eta berriz. Tiroaren egilea nor zen argitu gabe zegoela mintzatu zen, ohi bezala oposizioari leporatuz gertatutakoa. Bi atxiloketa izan ziren erasoaren egunean, eta biak ere libre geratu ziren. Atzo Utahko FBIk bilatzen ari diren pertsonaren argazkia zabaldu zuen.

Ezin ahaztu tentsio politikoak, eta, herrialdean libreki erabil daitezkeen arma mordoarekin, indarkeria politikoa ez dela kontu berria: aurten bertan, Minnesotako Kongresuko bi lagun hil eta beste bi zauritu zituela Trumpen jarraitzaile batek, laurak demokratak, eta iaz Trump hiltzeko atentatua ere eskuin muturreko ideiak adierazi zituen pertsona batek egin zuela.

Kirk eskuin muturraren «martiri» bihurtu da dagoeneko. «Erabakimen indartsua behar dugu. Charlie Kirk gerrako biktima bat da. Gerran gaude herrialde honetan», esan zuen Steve Bannon estratega eskuindarrak bere saioan. Elon Musk-ek ere bide beretik jo du: «Ez bagaituzte bakean utziko, gure hautua borrokatzea ala hiltzea da».