Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Historiara pasa daitekeen derbia jokatuko dute San Mamesen Athleticek eta Alavesek

Athleticek lau garaipen segidan lor litzake larunbat honetan Liga hasiera batean, inoiz lortu ez duena, hurrengo asteartean Txapeldunen Ligan estreinatu aurretik. Laporte ez da deialdian sartu. Alavesek, aldiz, azken 20 urteetan ez du Bilbon irabazi, baina Coudetek Celtarekin badaki hori zer den.

Athleticen eta Alavesen arteko derbia, aurtengo maiatzean, San Mamesen.
Athleticen eta Alavesen arteko derbia, aurtengo maiatzean, San Mamesen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Historia egitera gatoz. Esaldi hau datorren ekainaren 19an eta 20an ZETAK-ek eta Pello Reparazek San Mamesen eskainiko duten ikuskizun erraldoirako erabil genezake. Baina ez, oraingoan ez; ez gara aurreratuko. Larunbat honetan, 18.30etik aurrera, Athleticek eta Alavesek futbol Liga hitzordua dute Bilboko zelaian eta biek historia egin dezakete.

Alde batetik, etxeko taldeak laugarren garaipena lor lezake segidan Liga hasiera honetan, inoiz lortu ez duena alegia. Alavesek, aldiz, azken 20 urtetan ez du San Mamesen irabaztea lortu eta hiru puntuak eskuratuko balitu, babazorro guztiak poz-pozik joango lirateke etxera larunbat gauean.

Athletici dagokionez, errusiar mendi itzela gainditu du azken asteetan. Aymeric Laporterekin izandako tira-birak azkenean albiste onak ekarri ditu eta 31 urteko atzelaria etxera bueltatzea lortu du. Hori bai, oraindik ez da deialdian sartu eta, nahiz eta Athletic eta taldekide batzuk bikain ezagutu, egokitze prozesu txiki bat bizi beharko du frantziarrak.

Ernesto Valverdek harmailetatik jarraitu beharko du derbia eta datozen beste hiru partidak Sevillako Cartujan jasotako zigorragatik. Gainera, ezin izango du Yeray Alvarezekin kontatu, kasu honetan hamar hilabetez, doping kontrol batean positibo eman ostean. Baina entrenatzaileak, agian, bajarik garrantzitsuena aurrekaldean du. Izan ere, Nico Williams lesionatuta itzuli zen Espainiako selekziotik eta bizpahiru aste egon liteke jokatu gabe. Hori gutxi balitz, kontuan izan behar da datorren asteartean Txapeldunen ligako estreinako partida dutela zuri-gorriek etxean, Mikel Artetaren Arsenalen aurka, eta Prados, Lekue eta Pradilla baja izango dira gaurkoan ere. Atezaina zigortuta dago eta bere ordez harrobiko Mikel Santos sartu da deialdian.

Albiste ona ere badu Valverdek. Izan ere, Iñigo Ruiz de Galarreta osaturik dago eta zelai erdiko postua berreskura lezake, Alex Berenguerrek Nico Williamsen tokia hartuz. Aurrean, berriz, Gorka Guruzetak aukera izan lezake ostegunean Marokorekin jokatzetik bueltatu zen Maroan Sannadiren postua eskuratzeko.

Prestatzaile zuri-gorriak faktore asko izan beharko ditu kontutan, datorren astearteko lehiara ere begira jarri beharko baita Ernesto Valverde.

Laporte, taldearekin baina deialditik kanpo

Osteguneko albisterik garrantzitsuena Athleticen Aymeric Laporteren fitxaketa izan zen, 2028ra arte sinatu baitu talde zuri-gorriarekin FIFAk bere egoera desblokeatu ostean. 31 urteko atzelaria ostiral honetan bertan entrenatu da lehenengo aldiz Valverderen aginduetara, taldekide berrien txaloak eta ongietorria jaso ostean.

Aymeric Laporte, ostiral honetako entrenamenduan. (ATHLETIC CLUB)

Hori bai, azkenean ez da deialdian sartu biharko derbia jokatzeko. «Entrenamenduaren lehen zatia osatu du nola dagoen baloratzeko eta ez dakit 'transfer'-a duen jada edo ez, baina denbora eman behar zaio pixkanaka egokitzeko. Ez dugu denbora asko pasatzea nahi, baina ezta ere arazorik ez izatea», argitu du Ernesto Valverdek entrenamenduaren ostean eskainitako prentsaurrekoan.

Argi dagoena da behin 'transfer'-a lortzen duenean, eta arazorik ez badu, jokatzeko prest egongo dela Laporte, are gehiago taldeak jokalari bat behar duenean postu horretan Yerayren zigorragatik eta Eguiluzen lesioagatik, biak denbora luzerako. Vivian eta Paredes bakarrik daude postu horretarako eta, gainera, komodina izaten den Iñigo Lekue osatzeko prozesuan dago oraindik.

Estatistikak apurtu

Aurrerago begirarako ideia horrekin, Alaveseko Chacho Coudetek ez du 'arazorik'. Babazorroek Liga dute helburu, Kopa iritsi aurretik. Bederatzi puntutik lau eskuratuta iritsiko da San Mamesera, non behin bakarrik irabazi duen, duela 20 urte (2005an, 0-2).

Ostegunean estatistikak apurtzeko daudela azpimarratu zuen atzo bertan 51 urte bete zituen Eduardo Coudetek. Eta berak oso ondo daki hori, Celtarekin irabaztea lortu baitzuen San Mamesen, talde galziarrak bertan 16 urte zeramatzanean garaipena lortu gabe. Hori gutxi balitz, Mendizorrotzara ere joan behar izan zuen Celtarekin, taldeak inoiz irabazi ez zuen estadiora eta orain bere etxea denera, eta hor ere garaipena lortu zuen.

'Mendi'-tik urrun ez du punturik lortu aurten talde gasteiztarrak, eta horri buelta emateko prestatzaile argentinarrak Lucas Boyeren laguntza izango du lehenengo aldiz, herrikidea osaturik baitago dagoeneko. Atzean, Pachecok tokia izan lezake, Garcesekin batera eta Tenaglia eskuin hegalera bidaliz.

Historia egin edo ez, zaleek derbi interesgarri bat bizitzeko aukera bikaina izango dute.