
DARIO - ESKIROZ 22
ETXEBERRIA - MORGAETXABERRIA 19
Caixabank Mastersaren B Serieko finala gogorra baino gogorragoa izan da. Orotara 790 pilotakada eta 80 minutu inguru, halakoren baten Ezcarayko aurrelariak horma bikoa jota azken tantoa biribildu duen arte.
Luzea, gogorra eta ona izan da, ez bakarrik irabazleentzat, lau pilotariek Caixabank Masters honetako B Serieko finalera merezita sailkatu direla erakutsi baitute. Eta are balentria handiagoa burutu dute Dariok eta Eskirozek, torneo osoan ez baitute neurketa bakarra galdu.
«Akaso finalekoa izan da jokatu dugun partidarik eskasena, baina nik uste txapelketa osoan egin dugun lanaren ordaina izan dela azkenean garaipena. Oso astunak izan gara laurak, egia esan ez zegoen partida amaitzeko modurik inondik ere, baina aurreko partidetan egindako lanak eta Iosu –Eskiroz– eta bion arteko kimika onak lagundu digu partida aurrera ateratzen», onartu du Dario Gomezek neurketa amaitu berritan.
Oso urduri kantxaratu da aurrelari errioxarra eta kosta zaio nahi bezalako maila ematea, are gehiago Peio Etxeberria bezalako arerio gogor bat aurrean izanda, baina azkenean, agian nekeak bultzatuta zirt edo zart egitea erabaki duenean, bere erremateek eraman dute neurketa eta txapela bikote gorriaren aldera.
Zentzu horretan, 1-5 eta 2-6 aurreratu da bikote urdina, neurri handi baten Dario Gomez oso lotuta hasi delako finaleko lanetan. Une horietan Peio Etxeberriaren joko etorriak urdinen aldera eraman behar zuela finala irudi izan du, baina gorriek gorantz egin ahala, Peio Etxeberriak hasieran hain erraz ikusi dituen zuloak estali dituzte Dariok eta Eskirozek, eta ahalegin bete horri esker, partidan sartu eta neurketa erdirako finala berdintzea erdietsi dute. Hala, 4-9 galtzetik 10na berdintzera iritsi dira gorriak.
Dariorik onena, azkenean
Aurreneko berdinketaren ostean beste makina bat berdinketa iritsi dira gero. Hala ere, azken atsedenaldira oraindik urdinek ekimena izan dute markagailuan: 16-18 aurreratu dira Etxeberria eta Morgaetxebarria eta bikote urdinak nekearen lanen aurrean osoago egon zitezkeen traza hartu du norgehiagokak. Alabaina, urdinek, aurrez lan eskerga eginagatik, ez dute abantaila hori mantentzen jakin. 18-19 aurretik izan dira, nolanahi, eta ez da piloteoan alde ikaragarririk izan inoren mesedetan. Aurrelariek erritmoa sartu nahi izan diote demari eta aukerako pilota baliatu, atzelarien lana eginbeharra larregi pilatu aurretik tantoa jokoan mantentzea eta aurrelarientzat aukerak sortzea izan den artean.
Azkenean zutik irautea bertute handia da halakoetan eta urdinen akatsak baliatuta zutik aurkitu dute beren burua Dariok eta Eskirozek. Markagailua 20-19 jarri ostean ezkerrez txokoan dejada ederra eginda amaitu du tantoa Dariok eta azken tantoari begira aurrean berriz ere beste jokaldiren batekin ahalegintzeko ausardia eman dio horrek.
Ez du askorik behar izan. Jokoaren ekimena gorriek eraman dute eta defentsa lanetan Peio Etxeberria txokoan zokoratuta ikusi duelarik, bi hormakoa bota dio aurrelari errioxarrak zenoztarrari. Ez da Etxeberria hanka moteleko pilotaria, baina abiadura eta efektu handiari esker pilotak hanka egin dio aurrelari urdinari eta modu horretan, baina Caixabank Masterseko B Serieko finala irabazteko aukerak ere.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 80:10 minutu.
Pilotakadak: 790.
Sakez tantoak: 0 Dariok eta 0 Etxeberriak.
Jokoan eginak: 10 Dariok eta 1 Eskirozek; 12 Etxeberriak eta 0 Morgaetxebarriak.
Galdutakoak: 5 Dariok eta 2 Eskirozek; 8 Etxeberriak eta 3 Morgaetxebarriak.
Markagailua: 0-1, 0-3, 1-5, 2-6, 4-8, 6-9, 10-10, 12-12, 13-12, 16-16, 16-18, 18-19, 19-19, 20-19, 22-19.
Gorabeherak: Caixabank Masterseko B Serieko finala Altsasuko Udal pilotalekuan.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko
