
Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Anjel Otaegi fusilatu zituztenen 50. urtemugaren biharamunean oso ekitaldi berezia izango da lehenaren herrian, Zarautzen. Orduan gertatutakoa «memoriara ekartzea» du helburu ikuskizun herrikoiak. Herriko hainbat talde, sortzaile, musikari, aktore, bertsolari eta kulturgilek hartuko dute parte. Ostiral honetan aurkeztu dute, Azken Portuko Plaza Gorrian.
Txikiren amaren hitzekin eman diote hasiera aurkezpenari. Iaz hil zen Antonia Maria Manotas, baina 2008an egindako ‘Haizea eta sustraiak’ dokumentaletik berreskuratu dute haren ahotsa, semea ikusi zuen azken aldiari dagokion pasarte hunkigarria jarrita. Fusilatua izan aurreko gauean euskal militanteak idatzitako testamentu politikoa irakurri du ondoren Ainhoa Agirreazaldegik, eta Txikiren bizitza, ekarpena eta haren senideak izan zituen gogoan ondoren Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’ bertsolariak, bertsotan.
Idazleak, dantzariak, margolariak, koruak, antzezleak, bertsolariak, Txikiren familia... denon artean antolatu dute ‘1975’ herri ikuskizuna
Zarautz 1975 herri ekimenaren izenean Josu Txapartegik azaldu ditu ikuskizunaren nondik norakoak. «Memoria ariketa herrikoia izango da irailaren 28an egingo den herri ikuskizuna», laburbildu du. Bertan, «Txikiren bizitza gogoratuko dugu: nola etorri zen umetan Zarautzera, Azken Portun bizitzen jarri zirela. Txikitako lagun euskaldun berriak, mendi zaletasuna, lanean hasi zen garaia, urte haietako Zarauzko langileen borrokak, herri honen aldeko kontzientzia hartzea, ETAn sartu zenean 19 urterekin, atxiloketa, fusilamendua 21 urterekin...»
«Honetaz gain, bere amak eta familiak bizitza guztian eraman duten duintasun eredugarria» nabarmendu du. «Ikuskizun hau beraiengatik ere bada. Horretarako herriko jende bat elkartu gara guztia antolatzeko: idazleak, dantzariak, margolariak, koruak, antzezleak, bertsolariak, Txikiren familia, denon artean antolatu dugu ‘1975’ herri ikuskizuna deitu dugun emanaldia».
Kalez kale gogoratu eta itxaropena helmuga
Irailaren 28an, eguerdiko 12tan, Azken Portun hasiko da ikuskizuna, Txikiren etxean hain zuzen ere, Egaña kalean. Herritar guztiak daude bertaratzeko gonbidatuta. Batzuen parte hartzea zehaztua da: Jon Benito poema bat irakurriko du, Andoni Egañak bertsotan egingo du...
Kalez kale ibiliko da ikuskizun ibiltaria, toki esanguratsuak gogoratuz: Plaza Gorria, frontoi txikia, kuartel zaharra, Torre Luzea.. eta Musika Plazan amaituko da. «Bidean dozenaka musikarik, dantzarik, abeslarik, margolarik ‘1975’ herri ikuskizuna plazaratuko dute. Azkenik, Musika Plazan esperantzazko etorkizun bat irudikatuko dugu: batetik, diktadura, fusilamendu eta sufrimendu guztien gainetik herri honek bere bidea aukeratu duela esateko; bestetik, faxismoaren itzala gero eta haziago ikusten dugulako, etorkizuna bakean eta askatasunean oinarrituko dela irudikatuko dugu», azaldu dute antolatzaileek.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
