NAIZ

Gipuzkoako erresidentzietan beste hiru greba egun deitu dituzte, kontratu partzialak salatuz

Hiru greba egun berri deitu ditu ELAk Gipuzkoako erresidentzietan hil honetarako. Sektore honetan borondatezkoak ez diren kontratu partzialak egiten direla salatu du sindikatu honek eta Eider Mendoza ahaldun nagusiari prekaritatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eskatu dizkio.

Greba egun berriak deitzeko agerraldia egin dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek ELArekin batera.
Greba egun berriak deitzeko agerraldia egin dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek ELArekin batera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako erresidentzietan dauden lan baldintzak direla-eta hiru greba egun ditu ELAk hilaren 24, 25 eta 26ean, sindikatu honek Aldundiaren aurrean egin duen agerraldian adierazi duenez. Jada sei greba egun egin dituzte hitzarmenaren borrokan Gipuzkoako erresidentzietako langileek.

Greba honekin lan jardun osoko kontratuak eskatuko dituzte. «Azken lau urteotan gero eta lan kontratu murritzagoak eskaintzen ari dira», salatu du ELAk. Sindikatu honek Eider Mendoza ahaldun nagusiari eskatu dio «erresidentzietako prekaritatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eta baliabideak eztabaida daitezela aurrekontuetan».

ELAk nabarmendu duenez, egun sektore horretako kontratu berrien artean salbuespena da %100eko lan jarduna duten kontratuak egitea, lan karga berdina badute ere.

«Azpikontratatutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 dira. ELAk salatu du kontratu horiek diru publikoarekin mozkinak biderkatzeko eta soldatak ez aplikatzeko mekanismoa dela; baita langileak menpeko eta prekario bihurtzeko ere. Izan ere, lanaldi osora gerturatu ahal izateko, enpresek erabateko disponibilitatea eskatzen diete ordu osagarrien bidez. Egutegien malgutasun horrek kontziliazioa eta bizitza duin bat izatea oztopatzen du», azaldu du sindikatuak.

«Bestetik, datua are okerragoa da Foru Aldundiarenak diren egoitzetako datuei erreparatuta. Gipuzkoan Foru Aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak. 65 egoitza horietatik 17 bereak ditu (Eibarko Egogain eta Kabia Foru organismoko beste 16 zentro, lehen udal egoitzak zirenak); hau da, egoitza publikoak dira, nahiz eta langile gehienak azpikontratatuak dauden. Bada, zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken bederatzi pleguetako informazio publikoa aztertu du sindiaktuak, eta ondorioztatu du langileen %55ak kontratu partziala duela», gaineratu du.

«Horrek erakusten du Aldundiak bat egiten duela sektoreko patronal eta enpresa nagusiek aurrera eramaten duten kontratazio politikarekin. Adibideak jartzearren, Gipuzkoako patronal handiena den Matiak 1.300 langile ditu eta %50k kontratu partziala du. Matiak azken urteetan kontratatutako erizain laguntzaileei eskaintzen dien lan kontratu estandarra honakoa da: %70eko jardunaldia, horietatik %40 egutegi batekin eta beste %30 enpresak nahi duenean», salatu du ELAk.

LABen sostengua

LABek greba honi sostengua adierazi dio. Dena den, langileen eskakizunari jarraituz, ELAri elkarlanerako deia egin diotela baina ezezko borobila jaso dutela azaldu du LABek.

«Egoera tamalgarria da Gipuzkoako adineko pertsonak zaintzen dituztenena, eta egoera hau diru publikoarekin sostengatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu hau pribatizatzeko erabakiak ekarri ditu egoera hau, eta Foru Aldundia da ratioak hobetu ez dituena urte luze hauetan. Muzin egiten die egoera hobetzeko LABek egin dituen proposamenei eta deialdiei, eta zaintza lanetan ari diren langileak mespretxuz hartzen dituzte», adierazi du LABek.

«Bestalde, patronalek diru publikoarekin kudeatzen dituzten egoitzen egoera bere horretan mantendu nahi dute, mahai negoziatzailera proposamenik ekarri gabe eta negoziazioak blokeatuta mantenduz. Ez dute borondaterik lan baldintzak hobetzeko eta langileen ordezkariekin akordioak erdiesteko. Lehentasun eta helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea da, denon diru publikoa baliatuz eta langileak esplotatuz», gaineratu du LABek.