Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Medikuntzaren filosofia poesia liburu bihurtu du Arantzazu Lizartzak

Arantzazu Lizartza mediku eta idazleak bere lehenengo liburua argitaratu berri du, poesia liburu bat, Pamiela argitaletxearekin. Aurkezpenean azaldu duenez, ‘0 negatiboa’ izeneko lanean medikuntzaren alde filosofikoa agertu du, umoreaz eta metaforez baliatuta, besteak beste.

Arantzazu Lizartza bere lehen poesia liburuarekin.
Arantzazu Lizartza bere lehen poesia liburuarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘0 negatiboa’ da Arantzazu Lizartzaren lehendabiziko liburuaren izenburua. Poesia liburua da eta, izenak berak erakusten duenez, medikuntza du ardatz, idazlea familia eta komunitateko medikua da eta. Honi esker, «medikuntzarekin filosofia egiteko forma partikularra» aurkitu du.

Hala laburbildu du egindakoa astearte honetan, Lander Majuelo eta Jose Angel Irigarai editoreek lagunduta, Donostian egindako aurkezpenean. «Nola josten da eguneroko bizitza ospitaleko bizitzarekin? Nola josten dira eguneroko ogi barra erostera joatea, laneko nekea, toki denetara berandu iristeko premia, alokairuen prezioa, lagunekin harturiko zerbezak, ingurukoen desira eta beharrak eta ospitaleko biztanle ajatuak, heriotzaren usaina, bisturi mota denak, jaioberrien poza, desinfektante usaina eta, berriz ere, ingurukoen desira eta beharrak?», laburbildu dute poesia liburua Pamiela argitaletxetik.

Lizartzak azaldu duenez, medikua izan nahi zuela erabaki baino askoz lehenago izan zuen poesiarekin lehenengo harremana, hamahiru urte zituela berak idatzitako kartzelaren inguruko poema bat saritua izan zenean. Irakasle batek animatuta egin zuen eta, «inondik inora planteatu ez nuen eremu batean sartzeko gonbidapena izan zen».

Ordutik, landu bai baina «esplotatu» ez duen alor bat izan da poesia Arantzazu Lizartzarentzat, orain arte. Filosofiarekiko gaztetatik izandako interesa medikuntzarekin, bere ogibide eta bokazioarekin, lotu du, «nire filosofo izkutua» ateraz.

Lau ataletan, bizitza, heriotza, gaixotasuna, osasuna, genero indarkeria, klase zapalkuntza, dolua, zaintza eta «zauritutako gorputzen isiltasuna» jorratzen ditu, besteak beste. «Denak nire begirada partikularretik», ohartarazi du. Bera nerabea zela gertaturiko aitaren gaixotasunak eta heriotzak toki nabarmena daukate liburuan.

Gainera, «era konzientean saiatu naiz mediku autoritarioaren ideia deseraikitzen», adierazi du Arantzazu Lizartzak. Horretarako «ezinbesteko lanabes» izan ditu umorea eta ironia idazterako orduan, gauzak horrela adieraztea hautu bat izan ez bada ere.