
Estatistikako Institutu Nazional espainiarraren 2025eko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldata arrakala ia lau puntu gutxitu da urte batean. %16,47koa zen 2022an, eta %12,81ekoa 2023an. Zenbaki hori eman dute asteazken honetan egun osoan Bilbon egiten ari diren Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko laugarren Kongresuan.
‘Berdin izateko gehitu’ lelopean, Lakuak antolatutako biltzarrak 250 pertsona baino gehiago eta hainbat herritako 14 hizlari bildu ditu Euskalduna Jauregian. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak inauguratu du ekitaldia, eta hitzaldi nagusia Isabel Mellen historialari eta ikertzaileak eman du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Maria Guijarro Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko espainiar Estatuko idazkariak ere parte hartu dute irekieran, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera.
Konpromiso partekatua
Lakuaren konpromisoa 2030a baino lehen soldata arrakala txikiena duten Europako eskualdeen artean kokatzea eta soldata arrakala zero izatea da, Torresek baieztatu duenez. «Lan beragatik emakumeek eta gizonek soldata bera jasoko duten Euskadi bat nahi dugu, zaintzak modu justuan banatuko dituena, non emakumeek ez duten aukeratu beharko familiaren eta karrera profesionalaren artean», ziurtatu du.
Elgarrestak azaldu duenez, «soldata arrakala arazo konplexua da, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta horri heltzeko erantzun osoa behar da, inplikatutako eragile eta eremu guztietatik etorri behar du». Gogoratu du soldata berdintasuna jendarte osoarentzat dela onuragarria. «Emakumeen eskubideetan aurrerapausoa izateaz gain, hazkunde ekonomikoari, produktibitatea handitzeari, laneko gogobetetzeari eta familia, bizitza pertsonala eta lana erantzukidetasunez uztartzeari laguntzen dio».
Lehendakariordeak «konpromiso irmoa» agertu du «bizitzaren eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eta enplegu politiketan agenda feminista bultzatzeko». Ordainsarien gardentasuna eta berdintasun planak lotesleak izatea indartu behar dela defendatu du, soldata arrakala zerora hurbiltzeko. Bere arabera, horretarako bidea «erakundeen, enpresen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak» dira, eta, batez ere, konpromisoa eta borondate politikoa.
Egiturazko arrazoiak
Torresek adierazi duenez, urte bakar batean arrakala lau puntu gutxitzea «ez da kasualitatea, politika publiko iraunkorren, zorroztasunez diseinatutako estrategien, enpresetako berdintasun planen, soldata ikuskapenen, ordainsarien gardentasunaren eta sindikatuen eta patronalaren konpromisoaren emaitza» baizik.
Hala ere, ohartarazi du «oraindik ere bidegabekeria» dela %12,81eko arrakala, eta hori elikatzen duten egiturazko arrazoiak zerrendatu ditu: «Emakumeak lanaldi partzialeko kontratuetan pilatzea, zainketen banaketa desorekatua, baldintza okerragoak dituzten sektoreen feminizazioa eta sabai ikusezinak erantzukizun handieneko postuetan».
Esan duenez, «genero arteko soldata arrakala ez da fenomeno isolatua, herrialde guztietan gertatzen da, sektore guztietan, ekonomia guztietan, eta desberdintasun horiek kostu ekonomiko izugarria dute gure gizartearentzat: talentua galtzea, eta produktibitate eta gizarte kohesio txikiagoa».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años


