Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Alan Smithee

Estrenaldien atalean irakurri duzue Kogonada zinegileak film berria estreinatuko duela. Urteetan misterioz inguratutako identitate artistikoa landu du, eta bere benetako izena inoiz ez da publiko egin; ezizena Kogo Nodak, Yasujiro Ozuren ohiko gidoilariaren omenez aukeratu zuen.

Zinemaren mundua distira egiten duten izenez beteta dago, baina gutxi batzuen atzean ezizenak ezkutatzen dira: beren izena babestu nahi duten zuzendarietatik hasi eta beren burua berrasmatu nahi duten aktoreetaraino. Horietako adibide bat Alan Smithee da. 

Bada, izen horren atzean ez dago ezer. Tira, egon badago: lotsa eta damua. Alan Smithee izengoiti bat da, zuzendari jakin batek filmaren azken bertsioa onartzen ez duela adierazteko. Hollywooden, pelikula batetik bereizi nahi zuten zuzendariek erabiltzen zuten, gehienetan azken produktua kontrolatu ezin zutela sentitzen zutelako edo estudioaren erabakiek euren ikuspegi artistikoa suntsitu zuelako.

David Lynchen ‘Dune’ (1984) da kasurik bereziena: zuzendaria film honetako kredituetan agertzen bada ere, telebistako bertsioa egitea erabaki zuenean bere izena jartzeari uko egin zion eta horren ordez ‘Alan Smithee’ irakur daiteke.

Izengoitiaren erabilerak sortu zuen zalaparta hain handia izan zen parodia bat ere egin zutela: ‘An Alan Smithee Film: Burn Hollywood Burn’.

2000. urtean zuzendarien sindikatuak izengoiti ofizial gisa erabiltzeari utzi zion, baina batzuek erabiltzen jarraitzen dute.