NAIZ

Etxebizitza da EAEko biztanleen gastu nagusia: kostu osoaren herena baino gehiago hartzen du

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek gehiago gastatu zuten iaz aisialdian (%8,4ko igoera 2023tik), baina diru gehiena hartzen duena etxebizitza da beti: gastu osoaren herena baino gehiago, %35,8. Eustat estatistika institutuak egindako azken Familien Gastuari buruzko Inkestaren datuak dira.

Etxebizitzaren egoera salatzeko manifestazioa Donostian, joan den apirilean.
Etxebizitzaren egoera salatzeko manifestazioa Donostian, joan den apirilean. (Jon URBE | FOKU)

Aisialdian, ikuskizunetan eta kulturan egindako gastua handitu arren (%8,4ko igoera urte batean), etxebizitza da beti herritarren poltsikoetatik diru gehien hartzen duena: gastu osoaren herena baino gehiago (%35,8), 13.008 euro urtean, Eustatek aurkeztutako EAEko Familien Gastuari buruzko Inkestaren arabera.

Inkesta honek dioenez, etxe bakoitzean 36.313 euro gastatu ziren 2024an, aitzineko urtean baino apenas 18 euro gutxiago. Aisialdiaz gain, aseguruen eta finantza zerbitzuen kostua goititu da (%9,6),  urtean 1.261 eurora iritsi arte.

Aisiari 1.732 euro eman zizkioten herritarrek. Hotel, kafetegi eta jatetxeei, 4.207 euro (%3 gehiago). Arropa eta oinetakoei, 1.438 (%2,5 gehiago). Eta osasunari, 1.284 (%0,7 gehiago).

Gasa eta elikadura behera

Behera egin zuten norberaren zaintzako eta babes sozialerako gastuek (-%15), edari alkoholdun, tabako eta narkotikoenek (-%9,6), hezkuntzakoak (-%7,9) eta etxeko hornikuntzarenak (-%7,1).

Nabarmena da gasaren eta bertze erregaien gastuaren jaitsiera (-%23,2), baita ur hornidura eta saneamenduarena eta zaborren bilketaren ere (-%12). Hau aldatu eginen da lege berriarekin, hondakinen bilketaren benetako kostuari aurre egitera behartuko dituelako herritarrak.

Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien gastua ere jaitsi egin zen (bi dezima). Gastu osoaren %15,5 hartzen dute, etxe bakoitzeko 5.633 euro.

Etxe gipuzkoarrek gastatu zuten gehien , 36.765 euro. Era berean, 2023tik gastua gehien handitu duen lurraldea izan zen: %1,9. Aisialdia (%27,4), garraioa (%11,2) eta aseguru eta finantza zerbitzuak (%6,9) izan ziren gehien igo zirenak.

Bizkaiko etxeetan 36.730 euro gastatu zituzten batez beste, 2023an baino %0,7 gehiago. Aseguru eta finantza zerbitzuetan (%10,4) eta hotel, kafetegi eta jatetxeetan (%9) handitu zuten gehien gastua.

Arabarrak izan ziren gutxien gastatu zutenak, 34.020 euro urtean, 2023an baino %6,4 gutxiago. Kontsumo talde gehienetan murriztu zuten gastua, baina bereziki bertze ondasun eta zerbitzuetan (-%37,3) eta Hezkuntzan (-%17,5).

Etxearen tamainaren arabera

Pertsona bakarra bizi den etxeetan 23.884 eurokoa izan zen batez besteko kostua. Bi laguneko etxeetan 19.230 euro gastatu zuen bakoitzak. Etxeko biztanleen kopurua handitzen den heinean, pertsonako batez besteko gastua gutxitu egiten da. Hiru kide bizi diren kasuetan 13.573 euroko kostua izan zuen bakoitzak, eta lau kide eta gehiago bizi diren etxeetan, 11.038 eurokoa.

Etxeko diru-sarreren iturriari begiratzen badiogu, bere buruarentzat lan egiten dutenak eta jabetzak eta kapitalak emandako errentetatik bizi direnak dira gehien gastatzen dutenak: urtean 41.845 euro. Bertzeentzat lan egiten dutenek, aldiz, 37.998 euro gastatu zituzten batez beste. Azkenik, pentsiodunek, diru-laguntzak jasotzen dituztenek eta diru-sarrera finkorik ez dutenek gastatu zuten gutxien: 33.468 euro.