
Ezkertia, aurrelaria eta irundarra. Esku huskako pilotan oso gutxitan eman den konbinazioa da Unai Amianok (Irun, 2004) barnebiltzen duena. Irunen sortutako pilotari honek ostiral honetan egingo du debuta, bere sorterrian. Mariezkurrena izango du bizkarzain, Caixabank Masterseko egungo txapelduna, eta Jaka eta Imazen aurka jokatuko du estreinako partida.
«Aurkari oso potenteak dira, izen handikoak. Bikotea ere oso indartsua jarri didate beraz, horri eutsi behar», adierazi du Baikoko pilotariak, Euskadi Irratiko uhinetan. Era berean, debuterako ilusioz dagoela baina «errespetu» apur bat ere sortzen diola onartu du.
Bi urte profesionalekin lanean ari ostean, urratsa eman du Amianok eta iritzi du momentu egokian iritsi zaiola aukera. «Behar zuen momentuan iritsi da, bi urte eman ditut profesionalekin entrenatzen. Nik uste dut denbora ona izan dela ikasten joateko ere bai. Dudak beti dituzu, badakizu hortxe zaudela igotzeko baina beti dituzu zalantzak, maila oso handia dagoelako». «Esaten dizutenean zu zarela hautatua, kriston poza» sentitu zuela ere adierazi du.
Adituek bere kolpea nabarmentzen dute, bai eta Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak ere. «Azken urtean afizionatuetan egon den pilotaririk onenetako bat» izan dela azpimarratu du. «Egun, oso pilotari gutxik daukate berak daukan kolpea eta lanaren poderioz, gauza asko ikasten ari da, batez ere errematatzerako orduan», adierazi du goizuetarra.
Lan egiteko kemena da Amianok berak ere azpimarratu duen indarguneetako bat, ezker kolpearekin batera. «Gaur egun oso pilotari konpletoa izan behar zara», ñabartu du eta abixatu, «ondo baldin banago, errematatzen ere nahiko ongi ibiltzen» dela.
Profesionaletan debuta egiten duen lehendabiziko irundarra izango da Amiano. Ostiral honetan, Irungo Uranzo pilotalekuan 19.030ean hasiko den jaialdian egingo du estreinaldia.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
