Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘27 noches’, azken unera arte askatasunez bizitzeko oihu bizizalea

83 urteko mezenas zelebre eta diruduna da ‘28 noches’ filmeko protagonista; alabek indarrez klinika psikiatriko batean sartu dute dementzia duela esanez. Berak eginahalak egingo ditu hori ez dela hala erakusteko. Eszenatoki horretan abiatu da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala ostiral honetan.

‘27 noches’ filmeko lantaldea.
‘27 noches’ filmeko lantaldea. (Maialen Andres | FOKU)

Nola biziko genuke gure amek bizitza azken unera arte askatasunez bizi nahi dutela esatean? 83 urterekin artean, gau giroan, festan eta ondo bizi nahi duenean? Galdera eta tentsio horiek zeharkatzen dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala ireki duen ‘27 noches’ film argentinarra. Martha Hoffmanen (Marilu Marini) alabek argi dute: ama indarrez psikiatrikoan sartzea dementzia duela esanez. Eta bizizale aberatsaren nahiaren kontra 27 gau igarotzen ditu bertan. 

Hausnarketarako parada umorez jostea lortu du zuzendari eta aktore nagusi den Daniel Hendlerrek. Marinik gorpuztutako 83 urteko emakume aberatsaren osasun mentalaren inguruko txostena idatzi behar duen Casares peritua da Hendlerk. Formulario forman hertsian galderak eginagatik, entzuten badaki Casaresek, eta ertz itxi horietatik askatzen ere lagunduko dio Martha bizizaleak. Laguntasunaren eta familiaren arteko korapiloek ere lekua dute pantaila handian.

Natalia Zito idazlearen liburuan oinarritutako liburua du abiapuntu filmak, eta eleberria Natalia Kohen artistaren bizitzan inspiratuta dago. Gidoia ere lau eskutara idatzi dute, Daniel Hendlerrek, Martin Maureguik, Agustina Liendok eta Mariano Llinasek. Filmaren amaierako kredituetan, Martha Hoffmanen lagunek egindako borroka bezalako askori esker, Argentinan Osasun Mentalaren Legea aldatzea lortu zela ageri da; gogoz txalotu du aretoak.

Osasun mentala eta zaintza

«Osasuna eta ez osasuna bereizten dituen muga oso lausoa da, eta pertsona batzuk gizartetik baztertuta uzten ditu. Zergatik ez ditugu beste muga posible batzuk esploratzen?» egin du prentsaurrekoan galde Hendlerrek, erronka izan baita beretzat osasun mentalaren inguruko lan hau egitea. 

Urte honen hasieran grabatu zen, eta filmeko lantaldeak azaldu du, beraiek ere oraindik elkarrizketan daudela, eta hala, Zinemaldia ireki duen filmaren prentsaurrekoan zaintzaren, osasun mentalaren, familiaren eta lagunen gurutzaketaz hizketaldi goxoa osatu dute Hendlerrek berak, Santiago Mitre ekoizleak, Carla Peterson aktoreak eta Agustina Llambi Campbell akoizleak. 

Martha Hoffman «eskuak jaisteko prest ez dagoen rockera» bat dela azaldu du lantaldeak, eta «benetako familia» nor den mahaigaineratzen duela. Horri lotuta mintzatu da Peterson, izan ere, berak ama psikiatrikoan sartu nahi duen alaba antzezte du: «Pertsonaia gogor hori sortzeko, beraien harremana eta beraien iragana asmatzea garrantzitsua zen; uste dut maitasuna ez zela beraien arteko lehentasuna izan, eta agian amak zuen askatasunak ere eragin ziela». 

Zaintzaren inguruan hizketan jarraitu du: «Gurasoak zaindu nahi izateak edo ustez zaindu beharrak akatsak eta gaizki-ulertuak sor ditzake. Uste dut gure pertsonaien harreman gaizki-ulertuen kateatze bat dela, ez hitz egitearen ondorio bat, eta elkar ezagutzen ez dutenez, ez-ulertze bat dago». Aldi berean, zahartzaroak zein zaintzak geruza asko dituela esanez sakondu du Petersonek: «Filmeko protagonista sozialki nibel altu batean dago, posizio horretatik agian esperimentatu dezakezu zahartzean nola zaindua izan nahi duzun, baina oinarrizko beharrak aseta ez dituen batek ez du aukera hori».

Konplexuak dira zainduaren eta zaintzailearen arteko loturak eta orekak; Hendlerrek zentzu horretan nabarmendu duenez, «gaiztoak eta zintzoak» eskematik ateratzen diren harremanetan sakondu nahi izan dute. Eta sarritan zaintza ahoz aho darabilgun arren zein ikuspuntutatik egiten dugun galdegin du Llambik: «Zaintzak ezin du kontrolerako ariketa bat izan, ezta botere ariketa bat ere, eta askotan hori gertatzen da haurrak eta helduak zaintzerakoan». Hari berari jarraiki, sarritan zaindua beharrean zaintzailea jartzen dela erdigunean salatu dute, eta Hendlerrek gorpuztutako perituaren pertsonaiak azken batean hori egiten duela: zaindua erdigunean jarri eta batez ere, entzun.

2025ean ez da filmik ekoitzi

Donostiako Zinemaldiak film argentinar asko hartu dituela txalotu dute mahaitik: «Ohore bat da Sail Ofiziala irekitzea, gure herrialdean kultura bizitzen ari den egoera ikusirik are gehiago, eta uste dut gaurkoak erakusten duela zeinen garrantzitsua den zinema argentinarra munduarentzat». 

Argentinan Gobernu aldaketarekin bizi duten egoera gordin azaldu du Llambik: «Orain ikusten ari garen filmak aurreko Gobernuak edo plataformek finantzatutakoak dira, eta datozen urteetan behera egingo dute film argentinarrek, Gobernuaren dirua ez doalako kulturara. Argia izango naiz, aurten ez da filmik grabatu ezta ekoitzi ere Argentinan». 

Mitre ekoizleak salatu du Estatuak dirua jasotzen jarraitzen duela, baina ez kulturara bideratzen: «Zinemarako dirua bahituta daukate». Gaineratu du beraien kasuan Netflix plataformak zabaldu diela atea, baina ez dela «guztientzat aukera». Amaitzeko, kulturak eta zehazki zinemak gizartean duen papera aldarrikatu dute, «zinema mota ezberdinen arteko elkarrizketak beharrezkoak dira».