NAIZ

Laporte deialdian da baina ez dirudi oraindik Valentziari aurre egiteko prest

Mestallan Valentziak ageri ohi duen energiari aurre egin beharko dio Athleticek larunbat honetan (21.00etan), Arsenalen aurka indarrak xahutu ostean. Laporte oraindik ez dela zelaian egongo aditzera eman du Valverdek, baina deialdian da.

Julenen atea zulatzea ez da lan erraza izango Athleticeko aurrelarientzako.
Julenen atea zulatzea ez da lan erraza izango Athleticeko aurrelarientzako. (AP7 via Europa Press)

Ez da samurra izango Mestallan Athleticek jokatu beharreko partida. Batetik, Valentzia talde gaztea delako, energia handikoa, eta zurigorriek Txapeldunen Ligako estreinaldian asteartean eginiko ahalegina zama izan daiteke hori parekatzeko orduan. Eta bestetik, Bartzelonan 6-0 galdu ostean bere zalegoari norgehiagoka on bat eskaintzeko beharrean direlako.

Ernesto Valverdek lau partidako zigorra betetzen jarraitu beharko du. Eta Nico Williams eta Aymeric Laporte oraindik taldean izan gabe zelairatuko da. Ostiral honetako prentsaurrekoan garbi mintzo da ‘Txingurri’ 10. zenbakidunaren hutsuneak dakarrenari buruz: «Jokalari garrantzitsua da eta faltan botatzen dugu, jakina, bera ordezkatzeko futbolariak ditugun arren. Baina arerioa asko desorekatzen du Nicok», aitortu du.

Laporte ere momentuz ez dela jokatzeko moduan eman du adieratzera. «Itxoin behar dugu berarekin. Epeak gainditzen ari da eta noizbait sartuko da», aipatu du, noiz izango den batera argitu gabe. Deialdian dago, edozein kasutan, taldeko giroan sartzeko asmoz seguraski, 14. zenbakiarekin.

Aurrean, atzean... eta zelai erdian ere arazoak hamaikakoa osatzeko. Beñat Pradosen denboraldi osorako lesioa, batetik. Eta Unai Gomezen arazoak, bestetik. Arsenalen aurka aurpegian jaso zuen kolpeak «zauri oso ikusgarria» egin diola aipatu du entrenatzaileak, eta horregatik zalantzan jarri du zelairatzeko moduan izango den ala ez.

Horren gainetik, eta ostegunean presidenteak emandako mezua bere eginez, Liga Championsen aurretik dela garrantziari dagokionez nabarmendu nahi izan du Valverdek. «Txapeldunen Liga saria da eta lehiakor jokatu nahi dugu, baina Ligak agintzen du, inolako zalantzarik gabe», esan du.

Bere egoera pertsonalari buruz ere hitz egin du ‘Txingurri’k, eta horretaz ere garbi: «Oso gaizki daramat zigorra», futbolarien ondoan ezin egoteagatik. Entrenatzaileen Batzordearekin harremanetan jarri dela esan du, honelako zigorrak motzagoak izan daitezen eskatzeko planteatuz, «jokalariei jartzen zaizkienak baino luzegoak direlako». 

Agirrezabala aurrean

Helburua, azkenik, larunbat honetan 21.00etatik aurrera, Julen Agirrezabalaren atea zulatzea. «Arraroa izango da aurrean izatea», aipatu du Ernesto Valverdek.

Oso zaila izango da jardunaldi honetan hamaikakoak asmatzea, zazpi-zortzi egunetan Ligako hiru partida bildu dituztelako, baina Valentzia aldean hau da aurreikusten duten hasierako taldea: Agirrezabala; Foulquier, Tárrega, Diakhaby, Gayà; Rioja, Javi Guerra, Santamaría edo Pepelu, Diego López; Danjuma eta Hugo Duro.

Athletici dagokionez, lesioak direla eta errazagoa dirudi aurreikuspen bat egiteak. Honako hau, adibidez: Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta, Vesga; Iñaki Williams, Unai Gómez, Robert Navarro; eta Maroan.