Denboraren eta naturaren arteko elkarrizketa isil, baina sakona
‘NATURA FUGIT’
Euskal Herria, 2025. 22’. Zuzendaritza eta gidoia: Jesus Mari Lazkano. Musika: Joseba Beristain. Animazioa: Arkaitz Alastuey, Pablo Esteo, Sergio Mijangos.
Animazioan eskarmentu handia duen Dibulitoon ekoiztetxe donostiarraren laguntzaz, Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak Caspar David Friedrich artistaren desagertutako margolan bat (‘Mer de Glace’) hartu du inspiraziotzat ‘Natura Fugit’ film laburra sortzeko. Chamonixeko Mer de Glace glaziarrean eraldaketa irudikatzen du.
Film laburra sarrera moduko batekin hasten da. Hitzaurre horretan Caspar Friedrichek 1824an gai horri buruz egindako margolan baten galera kontatzen digu: 1945eko maiatzean naziek Berlinetik etsi-etsian ihes egin zutenean desagertu zen margolana.
75 urte inguru beranduago, 2021ean, Lazkanok ‘After Friedrich After Carus’ margotu zuen, Caspar David Friedrich-en koadro baten bertsioa. Izan ere Friedrich beti izan da bere lanean erreferentzia saihetsezina. Bergararrak askotan ikusiak zituen XIX. mendeko artista alemaniar ospetsuaren margolanaren irudikapenak, baina gehienak kalitate eskasekoak ziren. Erromantizismoaren zutabeetako bat den koadro horrek Alpeetako gune jakin baten paisaia erakusten zuen.
Mer de Glace Mont Blanc-eko mendigunean dago, Chamonix-etik hurbil. Naturagunearen «konkista» prozesua gertatu zen lehen ingurune naturaletako bat izan zen, eta mendien pixkanakako gizatiartzea erakusten du. Aldi berean, bere izotz urtuetan eta haitzetan klima-aldaketaren erritmo gero eta bizkorragoaren arrastoa agerian geratzen da, denboraren eta naturaren arteko elkarrizketa isi, baina sakona islatuz.
‘Natura Fugit’-ek Europako glaziar ospetsuenetako bat du ardatz, historian zehar behatu, margotu eta goraipatua izan dena; Friedrich, Ruskin, Turner edo Viollet-le-Duc bezalako artistek irudikatu izan dute, besteak beste. Filmak modu marraztuan erakusten du izotzaren hazkundearen eta desagertzearen bilakaera. Lazkanoren helburua ez da margolanetan sakontzea edota animazioaren bidez artistaren lana ezagutaraztea, paisaia bera da protagonista, bere aldakortasun etengabean. Leku jakin horren inguruan eraikitzen da narrazioa, glaziarren berotze globalaren eta desagertzearen agertoki ikusgarri, ukigarri eta egiaztagarri bihurtuz.

Laburrak osagai gutxi ditu, baina iraupenari dagokionez ezin egokiagoak dira: zinema mutuari keinu egiten dioten sarrerak eta afixak, animaziozko irudi ederrak, testuingurua osatzen duten artxibo-irudi laburrak, eta Lazkano bera koadroekin ekintza desberdinak gauzatzen, baita mendian bertan marrazten ere. Elementu hauek guztiak elkarlanean aritzen dira.
Ez da lan esperimentala, inondik inora ere, baina apur bat konplexua da —ez da, agian, publiko guztientzat—, eta ikuslearen parte-hartze kontzientea eskatzen du pantailan ageri denarekin konektatzeko. Murgiltze-prozesu horretan ezinbestekoak dira, halaber, Joseba Beristainen musika eta Koldo Corellaren soinu-diseinua; kontakizunak ez baitu narratzailerik ezta offeko ahotsik ere, eta horrek ikuslearen sentipen eta kontzientzia guztiak pizten ditu isiltasunean eta irudien dardaran.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz


