
Haur bat ezagutzen denean naturalki ateratzen den jokabidea da gurasoen zantzuak bilatzea, eta badira kasuak non froga zientifikorik ez den behar ume hori norena den asmatzeko. Proposamen horrekin dator Arnaud Desplechin zuzendari frantsesa 'Deux Pianos' filmarekin Zinemaldiko Sail Ofizialera. Kontzertu batzuk emateko Lyonera itzuli berri den Mathias Vloger (François Civil) piano-jolea izoztuta geratu da jolastoki batean zortzi urteko ume bat ikusi duenean, bere berdin-berdina da. Amaren etxean aurkitutako txikitako argazki batek uxatuko dizkio ia zalantza guztiak eta ume hori nor den ziurtatzeko jarraitu egingo du etxe atari bateraino. Han egingo du topo bere lagun min ohiarekin, iraganeko maitasuna izan zen Clauderen (Nadia Tereszkiewicz) egungo bikotea. Elena mentore zorrotzaren eskaerak, piano-jole frustratua izatearen erruak eta iraganeko mamuek erabat kolpatuko dute Mathias, eta leku ilunetara eramango dute.
«Filmeko pertsonaia guztiak bakarrik daude eta musikak balio du daukaten mina baretzeko», azaldu du Desplechin zuzendariak prentsaurrekoa hasi berritan. Protagonista nagusia piano-jolea izaki, musikak garrantzia hartzen du filmean. Bela Bartoken bi pianoko kontzertuaren hainbat zati, Federico Chopin eta Bachen obra zatiek osatzen dute 'Deux Pianos' filmaren soinu banda eta François Civil aktorea ausartu da partitura guztiak defendatzen. «Jakin nuenean nire pertsonaia musikaria zela lasaitu egin nintzen. Umetan pianoa jotzen nuen eta nire bizitza beti egon da oso lotuta musikari», kontatu du Civil aktore protagonistak. Elena (Charlotte Rampling) piano mentorearekin ez bezala, protagonistaren musika eszenetarako ez dute bikoizlerik erabili. Garrantzia kendu dio horri baina zuzendariak: «Nik benetan ikusi nahi nuena Mathiasen sentimenduak ziren».
Filmaketetan huts egiten ez duen «trikimailua» konpartitu du zuzendariak: «Ezustekoak sortu behar dira». Gidoiaren irakurketa ez zuten sekula taldean egin eta ezjakintasun hori «oparia» dela dio. Are gehiago, aktoreei agindu zien elkarrizketak edozein momentuan eteteko: «Antzezleek bere burua harritzen dutenean askoz gehiago lortzen dute». Nadia Tereszkiewicz aktoreak aitortu du zuzendariarekin harreman berezia izan dutela denek eta bakoitzak bere bidea hartu duela. «Ez dugu sentitzen genuen horretaz hitz egin, eta nik ez nekien besteari zer ari zitzaion gertatzen. Eta gogoko dut horrela lan egitea».
Melodrama bat bezala definitu du zuendariak 'Deux Pianos', eta, egiari zor, topiko guziak dituen filma da. Badago alkohola, badaude telefono dei desesperatuak, negarraldi kontrolagaitzak, hiletak, gela ilunak, hotelak, sexu errukiorra eta pasionala. Pertsonaia ilun guztiak argitzen dituen bakarra da Max (Hippolyte Girardot), Mathiasen laguntzailea. «Denek dituzte sekretuak eta Max da egi osoa esaten duen bakarra. Berak esaten du zenbaitetan dena pikutara bidali behar dela, eta hala da» esan du zuzendariak.
Torontoko TIFF festibalean estreinatu ondotik dator Arnaud Desplechin zuzendari frantsesaren 'Deux Pianos' filma Zinemaldiko Sail Ofizialera. Ibilbide oparoa duen zuzendaria da Deplechin, haren lanak lehiatu dira Cannesen eta Venezian, eta ez du lehendabiziko aldia Donostian. 2024an 'Spectateurs!’ aurkeztu zuen Zabaltegi-Tabakaleran. Datorren urriaren 15ean estreinatuko da Estatu Frantzeseko zinema aretoetan.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz


