NAIZ

Euskal Herriko 30 gazte talde baino gehiagok parte hartuko dute TindEHEr proiektuan

Gazte Euskaltzaleon Sarearen eta Euskal Herrian Euskarazen proiektua da TindEHEr, hizkuntza-kontzientziaren eta harremanen pizgarria. Izan duen harrera onaren isla da 30 talde eraldatzaile baino gehiago biltzea. Beren artean egindako ‘Matxak’ edo bikoteak iragarri dituzte Etxarri-Aranatzen.

TindEHER proiektuko ‘Matxak’ edo bikoteak aurkeztu dituzte Etxarri-Aranatzen.
TindEHER proiektuko ‘Matxak’ edo bikoteak aurkeztu dituzte Etxarri-Aranatzen. (TINDEHER)

TindEHEr proiektuak Euskal Herriko 30 gazte talde baino gehiago bilduko ditu. Gazte Euskaltzaleon Sareak eta Euskal Herrian Euskarazek elkarlanean prestatutako egitasmoa da, behar batetik abiatzen dena: «Gazteria euskaldunarengan eta, lehenik, gazteria militante antolatuarengan, kontzientzia linguistikoa berpizteko eta lurralde desberdinen arteko harremanak sustatzeko beharretik, hain zuzen».

Joan den uztailaren 3an Hendaian aurkeztu zuten ekimena, eta udaran izena emateko epea zabalik izan da, joan den astelehena arte. Hasieratik, gazte taldeen artean harrera oso ona izan du egitasmoak. Horren erakusgarri da 30 talde eraldatzaile baino gehiagok izena eman izana.

Larunbat honetan, Etxarri-Aranatzen, gazte taldeen artean egindako ‘Matxak’ edo bikoteak iragarri dituzte. Aurkezpenera talde parte hartzaile ugaritako kideak bertaratu dira, eta euren Matxarekin  lehen hartu-emana edukitzeko aukera izan dute.

Matxak osatzerakoan, bi irizpide nagusi izan dituzte kontuan: eremu soziolinguistikoa eta lurraldetasuna. Hala, Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen arteko loturak elikatzea eta euskarari dagokionez, ingurune oso desberdinetako gazteak batzea izan da lehentasuna.

Matxak

Honakoak dira osatutako matxak (lehenak hartzaileak dira eta bigarrenak bisitariak): Urgaina Gaztetxea (Urruña) eta Santutxuko GA (Bilbo); Oreretako GA (Errenteria) eta Zizpa gaztetxea (Baiona); Judimendiko GA-Sumendi Espazioa eta Danontzat Gaztetxea (Plentzia-Gorliz); Meatzaldeko Gazteria eta Ttak! (Arrasate); Etxarri-Aranazko GA eta Sastraka Gaztetxea (Portugalete); Kilika Gaztetxea (Azkaine) eta Arratieko gaztetxe/asanbladak, Mizanbu Gaztetxea (Miarritze-Angelu) eta AZGA (Donostia); Busturialdeko Euskaltzaleak (Gernika-Bermeo) eta Aztarrika (Usurbil); Atxabaltako GM (Aretxabaleta) eta Arrigorriagako Euskaltzaleak; Artiako GA (Gautegiz-Arteaga) eta Berriozar eta Piztu Lezo (Lezo); Antixena GA (Oñati) eta Tafallako Gazteak; Getaiko GA (Getaria) eta DZG (Donibane Lohizune-Ziburu); Mendillorriko GA-Arrosadiako GM eta Irurako GA; Latsarri Gaztetxea (Agurain) eta Onddo GA (Amasa-Villabona).

Orain, ekimenak bigarren fasera egingo du jauzi, non gazte taldeek hartuko duten gidaritza. Horrela, urte amaiera bitarte Matxek euren arteko harremanean sakonduko dute eta elkarrekin osatu behar duten egitarauaren antolaketan sartuko dira buru-belarri. Euskaratik eta euskaraz, harreman eta bizipen berriak eraikitzen hasteko unea iritsi da.