
Ia ordu erdiko atzerapenarekin iritsi da Kursaaleko alfonbra gorrira Angelina Jolie eta Sail Ofizialean lehiatzen ari den ‘Couture’ filmeko talde artistikoa. Filmean adinako zaparrada ari zuen Donostian auto ofizialak iritsi direnean. Kursaal inguruan ehunka jende elkartu da guardasola azpian. Hollywoodeko melena luzea ikusi orduko hasi dira oihuak, eta guardasola armadari gehitu zaizkio telefono mugikorrak. Gailuak airean, batzuk prestatuta etorri dira etxetik (selfie makila atera dute), eta beste batzuk lagunaren gainean igo dira. Denek nahi izan dute momentu historikoa betirako gorde, Jolieren lehen aldia baita Donostian. Eskuarekin eta urrunetik agurtu ditu izarrak goitik behera bustitzen ari ziren zale sutsuak, eta gero prentsarentzat posatu du. Lanak bukatuta, zaleengana itzuli da Kaliforniakoa eta atseginki agurtu ditu, orduan bai eromena. Prentsa aretoan, beste hainbeste gertatu da; txiki geratu da aretoa kazetari eta argazkilariekin.
Torontoko TIFF jaialdian estreinatu ondotik dator Alice Winocour zuzendariaren drama Donostiara. Izenburuak, moda mundua iradokitzen badu ere, hau ez da ‘Who are you, Polly Maggo’, ‘Phantom Thread’ edo Moriartiarren ‘Balenciaga’. ‘Couture’ bizitzari aurre egin behar dioten hiru emakumeren inguruko filma da. Modaren Parisko astean kokatzen da, desfile prestaketa batean, eta prestaketa horretan parte hartuko dute Máximek, (Angelina Jolie) Angèlek (Ella Rumpf) eta Adak (Anyier Anei), filmeko protagonistak.
Hego Sudanen sortu eta gerratik eskapo Kenian hezitu da Ada modeloa. 1,78ko garaiera eta edertasuna familia osoaren sustengu ekonomikoa izango dira. Ikaratuta dago. Ada eta beste dozenaka modelo makilatzea da Angèlen lana. Baina berak idazle izan nahi du. Ofizioak jende asko ezagutzeko parada ematen dio, gainera, Angèlek badu intuizioa pertsonen isiltasuna entzuteko. Hain zuzen, berak idatzitakoek eraikitzen dute filmaren haria off ahots baten bidez. Maximek ixten du hirukia. Terrorezko filmen zuzendari, aurrekontu murritzeko ekoizpenetan usatua, bizitzako aukera suertatu zaio Modaren Parisko astean. Telefono dei batek hankaz gora jarri du dena: bularreko minbizia diagnostikatu diote eta medikuek uste baino larriagoa da.
«Emakumeak nola elkar lotzen diren kontaktu nahi genuen. Nola partekatzen dituzten haien bizipenak, eta nola josi egiten diren beraien bizitzak, ozen esateko: ez zaude bakarrik, eta elkarrekin oso indartsuak izan gaitezke», erantzun dio kazetari bat Alice Alice Winocour zuzendariak. Areto osoa hasi da txaloka bere erantzunarekin.
Sail Ofizialean lehiatzen ari den ‘Couture’ filmeko hiru protagonisten bizitzak badute egitik asko. Angelina Jolieri amona eta ama bularreko minbiziaz zendu zitzaizkion eta prebentzio gisa masektomia bikoitza egin zuen aktoreak. Urgentziaz, hala behar du egin Maxime pertsonaiak ere. «Emakumeoi minbiziak bereziki ukitzen gaitu. Ulertarazi nahi dugu minbiziarena bidaia bat dela. Maximek egiten duen bezala, garrantzitsua da bizitzen jarraitzea, desirak izatea eta hori gogoraraztea inguruko emakumeei».
Filmarekin barrenak mugitu zaizkio ere Anyier Aneiri. Ada pertsonaia bezala modeloa da eta ihes egin behar izan zuen Hego Sudaneko gerratik: «Pertsonaia nire bizitza pertsonalean oinarritzen da. Oso ezberdina da Afrikako bizitza eta moda mundukoa, eta, normalean, ez da inor ohartzen horrekin. Eta garrantzitsua da jendeak hori ikustea».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

