Peruko Huayhuash haraneko mendi garaiena izateaz gain, Yerupajak (6.6.34 m) aura berezia du. Esaten da haran horretako mendi zorrotzena dela. Ez dakigu horregatik izango den, baina, bederen, hogei urte zeramatzan igoerarik gabe. Lehorte horrekin amaitu duena hiruko katalan bat izan da: Ruben Sanmartin, Marc Toralles eta Bru Brusom.
Lehorte horrekin bukatzeaz batera, alpinista hauek ekarpen handia egin diote seimilakoari. Abuztuaren 4tik 9ra gai izan ziren ibilbide bat zabaltzeko: ‘L’esséncia del compromís’ (6c+, M6+, 95º, 3.000 m). Ekialdeko isurian eginiko lan apartari, gainera, plus bat erantsi zioten. Eskaladako lanak bukatu eta jaitsiera hegoaldeko aurpegitik egin zuten. Hortaz, Yerupajaren lehen zeharkaldia sinatu dute.
Torallesek eta Busomek bikain ezagutzen dute Huayhuash mendilerroa. Bisita asko egin dizkiote, eta horietan jarduera bereziak egin dituzte. Gogoan dugu duela hiru urte Silua Grandeko ekialdeko horman irekitako ‘Ánima de Corall’. Bada, aurten berriro itzuli dira Yerupajari kosk egitera. Busomek NAIZi adierazi dio seimilakoan helburu hori aspalditik aztertuta zutela: «Haran hori behin baino gehiagotan bisitatu dugu. Zabaldu dugun espoloi hori haraneko sarreratik ikusten da, eta argi utzi behar dut zabaldutako ibilbide hori geure ametsetan iltzatuta zegoela. Siula Granden eginiko eskaladaren ondoren, Marcek eta biok adostu genuen etorkizuneko proiektua izango zela. Azken bi urteotan Himalaian eta Pakistanen gehiago izan gara. Aurten, berriz, denbora gutxiago genuen, eta erabaki ere une egokia zela Yerupajan ekinaldi bat egiteko. Espediziora Ruben batu zitzaigun. Ez zen estrategia kontua. Elkarrekin lan egin eta eskalatzen dugu. Gogoz zegoen zer edo zer egiteko. Galdetu zigun gure asmoen berri, eta Yerupajaren helburua aipatu genion. Ez zuen zalantzarik izan».
Mandazainak 4.500 metroko garaieran tresneria utzi eta han bertan kanpaleku nagusia antolatu zuten. Hiru egun egin zituzten 850 kilo garraiatzen, 5.000 metrora arte. Hots, hormatik oso gertu. Kanpaleku horretan beste bi egun esploratzen aritu ziren, batez ere jaitsiera egokiena eta seguruena nola egin aztertzen.
Hain zuzen ere, jaitsiera zen gehien kezkatzen zituen gaia. Ez zekiten hegoaldeko ertza nolakoa zen, eta gai horrek zalantzak sortu zituen. Jaitsierako glaziarra nola zeharkatu argitu ostean, tresneria guztia murruaren oinarrira eraman zuten.

Abuztuaren 4an eskalatzen hasi ziren. Busomek esan digu hiru luze gainditu eta goulotte handi bat aurkitu zutela: «Arrokazko hormaren zati bat saihestu genuen, korridore horretan sartu eta gero. Ondoren, harkaitzean beste bost luze gogor gainditu genituen. Ertza zain genuen. Hortaz, lehenbiziko egun horretan arrokazko murrua gainditu eta elurrezko ertz horretan lehen bibaka egin genuen. Bitxikeria bat gertatu zitzaigun. Han ginela, Rubeni izotzean babesteko erabiltzen ditugun torlojuak erori zitzaizkion. Hori ikusita, argi zegoen ezin genuela aurrera jarraitu. Eta jaisteko prest ginenean, Rubenek rappela egin eta erlaitz txiki batean torlojuan aurkitu zituen».
Konpromisoa oinarri
Ezusteko hori atzean utzi eta bigarren egunean ekialdeko ertza igotzen hasi ziren. Oso mantso, ezker-eskuin elurrezko perretxikoen artean ibilbide egokiena bilatzen. Pixkanaka metroak atzean uzten hasi ziren, baita sekzio zailena ere. Gauak harrapatu eta, elurtegi batean, serac baten ondoan, plataforma lau bat antolatu zuten bibaka egin ahal izateko.
Gailurrera eramaten duen ertz nagusian sartu ziren hirugarren egunean. Busomek dio baldintzak ez zirela batere onak: «Azukre moduko elurra aurkitu genuen, eta horrek eragozpen handiak sortu zizkigun. 5.800 metrora ginen. Oso gogorra izan zen egun hori, urratsa zabaltzeko arazo handiak izan genituen. Horrez gain, elur perretxiko ezegonkor asko zeuden. Hauen ingurutik igarotzea ez zen batere segurua, eta bide egokia bilatzen denbora galdu genuen. Ibilbide nahasia zen. Berriro gauak harrapatu zigun. Perretxiko bat desmuntatu ondoren, bibaka antolatu genuen».
Laugarren eguna tontor eguna izan zen. Yerupajaren puntu garaienera heldu aurretik, bide berriaren luze nahasienak gainditu behar izan zituzten. Elurraren baldintzak oso eskasak ziren, eta horri zati oso bertikal bat gehitu behar zaio. Arrokan zabaldutako luze horiek gogorrak izan ziren, baita ederrak ere. Sekzio hori atzean utzi eta elurrean oinez jarraitu zuten. Haizeak sortutako plaka batzuk zeharkatu behar zituzten, eta ertzaren bi aldeetara zegoen hutsunea ikusita, zuhur ibili ziren. Nola hala, bazter batzuetatik zati arriskutsu hori saihestu zuten. Harkaitzean bizpahiru luze eskalatu eta gailurra zapaldu zuten.
Busomek aipatu du pozarren zeudela eginiko lanarekin, baina, bide batez, oso arduratuta jaitsierarekin: «Tontorrean ginela, lainoa pixka bat altxatu zen. Horri esker ikusi genuen jaitsieraren norabidea. Ertz horretatik atera eta alde ezberdinetan hutsunearen arriskuarekin, luze bat rappelatu eta laugarren bibakerako leku lau bat aurkitu genuen. Jaitsiera ez zen batere agerikoa. Alabaina, bide on bat aurkitzeko gai izan ginen. Artesiak zituzten elur perretxiko batzuk zeuden. Zati arriskutsu hori zeharkatu eta Yerupajak duen hegoaldeko tontorrera (6.515 m) igo ginen. Ondoren, ia kilometro luzeko jaitsieran sartu ginen. Izotzean avalakov batzuetatik rappelatu genuen; elurrean, aldiz, hesola batzuetatik. Glaziarra zeharkatu eta bi ordutan oinarrizko kanpalekura heldu ginen».
Ekialdeko isuritik ‘L’esséncia del compromís’ igo eta hegoaldetik jaitsi ondoren, hirukote katalanak beste ekarpen bat egin zuen: Yerupajaren lehen zeharkaldia. Alpinista hauek argi zuten hirugarren eskalada egunetik ezin zutela atzera egin balizko jaitsiera oso arriskutsua zelako. Alboetara seracak, hutsunea ere, eta oso zaila rappelatzeko. Hortaz, helburua seimilakoak duen hegoaldeko tontorra zen. Hots, alternatiba egokiena.
Oro har, baldintza eskasak aurkitu zituzten: «Beheko arrokazko tartea lehor zegoen, eta ertza espero genuen bezala. Zati batzuetan elurra egonkor zegoen, baina beste batzuetan Perun oso ohikoa den azukre moduko elurra. Horrek eskalada zailtzen du, elurrean finkatzeko arazo handiak sortzen baititu. Zorionez, pioletek hegal moduko batzuk zituzten, eta horiek lagundu ziguten progresioan».
Yerupaja asko aldatu da, besteak beste, elur asko galdu duelako. Ertz horretatik jaistea oso zaila zen: alde guztiak arriskutsuak ziren: «Ez dakizu nondik jaitsi behar duzun, eta horrek jarduerari nortasuna ematen dio».
Bestalde, Busomi esan diogu iruditzen zaigula bide berriaren zailtasun teknikoei baino konpromisoari edo arriskuari azpimarra handiagoa egin diotela: «Neurri handi batean horrela da. Ez da bide samurra, baina konpromisoak indar handia izan du. Bagenekien arrisku handia zuen leku horretan ezin genuela minik hartu. Baina hori da gustukoa duguna. Autonomoak izan, abentura bizi, laguntzarik ez jaso… Konpromiso hori bizitzea maite dugu, eta, bai, bideari nortasun handia eman zion. Horregatik, “L’esséncia del compromís” izena jarri diogu bideari. Eskalada zail eta arriskutsu asko egin ditugu, eta azken hau arriskutsuenetako bat izan da. Zalantzarik gabe, egin ditugun handienetako bat izan da. Hori zen nahi genuena: abentura handi hori bizi! Aurrera jarraitzeko motibatzen digu. Prozesuaren eta bizitzaren zati bat baino ez da».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
