Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

Sakanako torturaren memoria argitara

'ARG(H)ITZEN: TORTURAZ ARGI HITZ EGITEN, TORTURA ARGITZEN'
Euskal Herria, 2025. 75’. Zuzendaria: Mikelatxo Urbi taldea. Ekoizpena: Nafarroako Torturatuen Sarea.

«Los Cuerpos y Fuerzas de seguridad del Estado junto a toda la Sociedad española derrotaron a ETA» zioen ‘La infiltrada’ filmaren amaieran ageri zen lerroburuak. Aurten ere Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, ETAn infiltratu zen emakumezko guardia zibil baten istorioa kontatzen duen ‘Un fantasma en la batalla’ izango dugu. Pantaila handian, berriro ere, Poliziaren justifikazioa eta infiltrazioen erromantizazioa. Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlariak Pikara Magazinen esan zuen moduan «nekatuta gaude gure herriak, gure herrak eta gure orroak erridikulizatzeko joera honekin». 

‘Karpeta Urdinak’, ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’, ‘Bi Arnas’, ‘Non dago Mikel?’ edota ‘918 Gau’ bezalako lan oso gomendagarrien ildoari jarraituz, baina Sail Ofizialeko distiratik at, Zinemira Sailean ‘Arg(h)itzen’ dokumentala estreinatu da. 

Dokumentalaren lehen minutuetan, testigantza ematen ari diren zenbait torturatu negarrez ikusten ditugu, guztiz hautsita, bizitako infernua gogoratzen ari direla. Baina irudi horien ondoan ohar bat ageri da: «Dokumentala grabatzerakoan une gogorrak bizi izan ditugu. Baina hau ez doa horretaz, ‘Arg(h)itzen’ dokumentalean ez dira irudi hauek berriz agertuko». Mezu horrekin argi geratzen zaio ikusleari zein den lanaren helburua: Sakanako herritarrek pairatutako torturen berri eman bai, baina ikuspegia eta salaketa zabalduz, ez soilik sufrimendu gordinean zentratuz. Torturaz baliatzen den Estatuari egiten dio desafioa eta torturaren praktika ahalbidetu duen eraikuntza politiko, legal, judizial eta ideologikoa aztertu eta jendarteratzen du. 

‘Arg(h)itzen: Torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen’ dokumentaleko irudia

Lana hiru zutabe nagusitan finkatzen da: 30 torturaturen testigantzak, elkarrizketak eta datuak. Elkarrizketatuen artean Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli Frantziako magistratua, Iñaki Egaña historialaria eta Laura Pego kriminologoa, besteak beste. Bakoitzak bere alorretik eskaintzen du ikuspuntua. 

Datu ugari ematen dira eta ezin guztiak hemen bildu, baina akaso, orokorrena eta agian deigarriena, dokumentalari hasiera ematen diona da: 305 km karratu inguruko azaleran, 20.000 pertsona inguru bizi dira Sakanan. 1960tik 2011.urtera bitartean luzatzen den 50 urteko epealdian, bertako 149 herritarrek (gutxienez) jasan dituzte torturak eta tratu txarrak funtzionario publikoen zaintzapean zeudenean.

Lan honek ez du infiltrazioetan oinarritzen diren kontakizunek jasotzen duten zabalkunde mediatiko bera izango, eta ezagutzen ditugun zenbait hedabidek apenas eskainiko diote tartea; beraz, ikusten duenak eman dezala honen berri. Elkarbizitza eraikitzeko, gertatutakoa argitara eraman behar da; memoria osoa eraiki eta kontatu. Hori da ‘Arg(h)itzen’ dokumentalak egiten duena.