Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Elkarrizketa
Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga
Zinemagileak (‘Maspalomas’)

«Sexua eta desira ez dira desagertzen hiltzen zaren egunera arte»

Zahartzaroa. Sexu grina gaztetasunaz harago existitzen denaren aldarri premiazkoa. Armairuak, gizarte sistema jakin batek ezartzen dizkigunak eta nork bere buruaren inguruan eraikitzen dituenak. Adinekoen erresidentzien ertsitasuna, edo ezintasuna. Horiek dira ‘Maspalomas’-ek dakarzkigun gogoetak.

Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga, ‘Maspalomas’ filmaren zuzendariak.
Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga, ‘Maspalomas’ filmaren zuzendariak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Istorio ausarta kontatu duzue ‘Maspalomas’-en. Nola sortzen da ideia?

J.M.G.: Ideia etorri zen bi tokitatik: alde batetik, ni 2016an joan nintzen lehen aldiz Maspalomasera. Destino turistiko oso ezaguna da, eta agian jende askok ez dakiena da destino gay oso ezaguna dela, batez ere Europa iparraldeko jendearentzat. Bertan aurkitu nuen mikrokosmosa oso interesgarria egiten zitzaidan pelikula batentzat, dibertitzeko eta bizitzeko grina hori, eta batez ere adin desberdinei eragiten diela. Bestetik, garai berean, artikulu bat irakurri nuen esaten zuena LGTBIQ+ kolektiboan hainbat kasutan armairutik aterata bizi eta gero, helduak zirenean erresidentzia batean ingresatzen zitzaienean, armairura itzultzen zirela, hango errealitatea oso hotza egiten zitzaielako. Bi gaiak lotu nituen gidoi hau garatzeko.

Hasiera oso potentea du filmak, cruising gune batean abiatzen dena. Filmaketa nolakoa izan zen?

J.M.G.: Oso garrantzitsua zen pelikula honetan kontraste bat sortzea bi errealitate horien artean: Maspalmas eta erresidentzia. Behin ikusita gizona nondik datorren eta zein zen bere errealitatea, gero pasatzen zaionak indar handiagoa du zenbat eta indartsuagoa izan hasiera hori.

Garrantzitsua zen baita ere sexua, azkenean pertsonaia honen barne konfliktoa sexuan datzalako, bere desira eta hori kudeatzeko moduan.

A.A.: Kontrasteari begira, eztabaida eduki genuen filmikoan edo digitalean filmatu, eta bisualki beste textura eta indar bat edukiko zuelakoan 35 mm-tan filmatzea erabaki genuen. Ze cruising bat filmatzea gauza bat da, baina cruising bat duna batzuetan... ondo harrapatu nahi genuen hori. Eta aktore lana ere oso kontutan eduki behar izan genuen: lehen aldiz lan egin dugu –eta eskerrak gainera horrela izan dela–, intimitate koordinatzaileekin, sexu eszenak koordinatzeko eta eszenaratze bat egoteko. Joxe Ramon Soroizekin eta beste aktoreekin asko negoziatu genuen, asko hitz egin genuen nola nahiko genukeen guk egin eta noraino zeuden beraiek prest hau edo beste egiteko. Koordinatzaileek zubi-lana egin eta aholkatu egiten gintuzten, eta guri sekulako lasaitasuna eman ziguten.

«Filmean dagoen gogoeta da: zer da armairu bat? Pertsonaia hau Maspalomasen dagoenean armairutik kanpo dago edo bertan eraikitako armairu batean?»

J.M.G.: Adibidez, mugimendua errealagoa izateko pilateseko bolak erabiltzen dituztela esan ziguten, airea kenduta... badituzte beraien errekurtsoak, guk ezagutzen ez genituenak.

A.A.: Eta oinarrizkoa dena: aktoreak lasai zeuden.

J.M.G.: Bai, ze Joxe Ramonekin elkartu ginen lehen aldian, bere ardura nagusia prentsa zen, elkarrizketak eta: gaizki pasatzen du. Istorioa kontatu nionean, ez nion esan sexu eszenak zeudenik (barreak), eta gidoia bidali nion emailean azaldu nion sexu eszenena, lasai har zezala eskatuz. Gidoia irakurri zuenean gustatu egin zitzaion eta orokorrean ikusten zuen bere burua hori egiteko gai, batez ere psikologikoki. Baina sexu eszenekin arduratuta zegoen, bere gorputza erakustearekin... Asko hitz egin genuen, eta koordinatzaileak sartu zirenean eman genion forma. Batzuetan aktore batzuk ez dira ausartzen zuzendariei zenbait gauza esatera, eta koordinatzaileekin bideratzen dira.

Eta nola iristen da Joxe Ramon Soroiz istorio honetara?

J.M.G.: Zuzenean eskaini genion papera, oso aktore ona delako, Euskal Herriko ezagunenetakoa eta belaunaldi ezberdinentzat gainera: Joxelontxo, lehendakaria, Martin eta ‘Irabazi arte’-ko aitona da. ‘Loreak’-en pertsonaia motz bat ere egin zuen. Badu nolabaiteko zaurgarritasun bat begiradan, beldur moduko zerbait, pertsonaiari oso ondo zetorkiona. Urtebeteko epea eskatu zigun mentalizatzen eta kokatzen joateko, eta berarentzat oso garrantzitsua izan zen abuztu aldera lantalde buruekin Maspalomasera egin zuen bidaia, lokalizazioak eta ikusteko, eta berak hango mundu ezagutzeko. Horrek berari asko lagundu zion.

Bazuen Maspalomasen berri?

J.M.G.: Ez. Bere burua han kokatzeko eta pertsonaia ezagutzeko asko balio izan zion.

A.A.: Nik ere ez nuen ezagutzen. Da mundu bat guztiz berria niretzat, eta Joxe Ramoni ere hori gertatu zitzaion.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Ze lekua ere bada, ez dakit pertsonaia bat gehiago, baina filmean garrantzia handia duen elementuetako bat. ‘Uharte’ bat da Maspalomas, handik ateratzen dutenean Vicenteren identitatearen zati bat ezabatu egiten da kasik.

A.A.: Hala da, bai. Lekuak askotan dira pelikuletan agian pertsonaia bat gehiago, baina kasu honetan oinarrizkoa da, ze ebokazio den Maspalomas bertan ez dagoenean. Eta erresidentzia ere bada kasik beste pertsonaia bat. Erresidentziak sistemaren metafora direla esan ohi da, bere arau eta kontradikzioekin, eta nik uste dut bi espazioak direla funtsezkoak pelikula honetan.

Ohiko erresidentzia ereduekiko badago halako kritika bat ere, hausnarketa bat.

J.M.G.: Kritika ez dakit, baina bai gogoeta bat. Langile sozialekin eta Matiako jende askorekin egon gara hitz egiten eta gogoeta bat egin nahi genuen ikusteko nola tratatzen ditugun helduak erresidentzia sistema horretan, eta baita ere nola egiten diren esfortzuak hori aldatzeko baina ze puntutaraino iritsi zaitezkeen. Zerbitzuan oso zentratua egon den sistema batetik pertsonetan gehiago zentratzera pasatzen ari dira batzuk. Guretzat erresidentzia bada gizartearen metafora bat, non dena homogeneizatzera jotzen dugun eta orokortasun horretatik kanpo dagoenaren kontra biolentzia bat eragiten du sistemak. Pelikulan horri buruz hitz egin nahi genuen.

Badago aldarrikapen bat ere: hirugarren adinekoek ere badute sexu grina.

A.A.: Gizakiok klixeetan mugitzeko tendentzia dugu, pentsatzekoa: hirugarren adina berdin sexurik ez. Sexua atzo arte erreprodukzioari begirakoa zen, eta badago subkonszientean fertila ez denari sexua interesatzen ez zaionaren ideia hori. Baita bikoteek denbora asko elkarrekin daramatenean ez dutela gogorik ere. Denak bultzatzen gaitu pentsatzera jende nagusiak ez duela sexu grinik, eta Vicenteren alderik interesgarriena hori da, sentitzen dela ia nerabezaro batean.

J.M.G.: Gay munduan, askok bikoterik ez dutelako edo bikote irekia dutelako, agian sexua presenteagoa da, baita jende adinduaren artean ere. Garrantzitsua gizartean erreferentziak edukitzea, ikustea sexua eta desira ez direla desagertzen hiltzen zaren egunera arte, beste gauza bat da zuk nola kudeatzen duzun edo ze garrantzia ematen diozun. Eta erresidentzietan lan egiten duen jendeak esaten dizu, jende helduak askotan gure ideiak desafiatu egiten dituela. Guk gure eskeman ditugu baina ikusten zara egun batean bilera batean eztabaidatzen ea egoiliar batentzat dildo bat erosi behar dugun edo ez, behar ez duen zerbait ari delako sartzen bere zuloetatik. Gauza horiek gertatu egiten dira. Edo emakume honek behar du goizetan denbora bat dutxatu aurretik masturbatzeko eta gero ia atenditzen dugu. Gauza horiek kontatu dizkidate niri. Edo filmean agertzen diren bi helduen kasua, topatzen direnean hasten direla hor... hori egitan gertatutako esperientzia batean dago oinarritua. Erresidentzietan ere sentsibilitate ezberdinak daude eta bazen bat esaten zuena ‘¡en esta residencia no se folla!’, baina azkenean erabaki zuten, familiekin hitz eginez, beraientzat denbora bat uztea egunero, elkarrekin egin nahi zutelako.

«Winter Pride egunean grabatu genuen eta ekoizleak esan zigun: ‘Imaginatu egun horretan filmatutako lata galtzen dela, zer egingo dugu?’... ba justu hori desagertu zen»

‘80 egunean’-eko protagonistak ere ikusi ditugu adinekoen egoitza horretan, polita izan da zuen filmografiako lotura hori ikustea.

A.A.: Ez da izan kasuala, eta bada plano bat zehazki grazia asko egiten diguna: hiletan, ia Moriartiko filmografia guztiko protagonista guztiak daude (barreak). ‘80 egunean’-en kasuan, keinu hori gustatzen zitzaigun, tematikatik eta adinetik koadratzen zuelako.

35 mm-tan filmatu duzue, horrek baditu bere alde onak, baina baita txarrak ere...

A.A.: Txarrak, asko (barreak): garestiagoa da, teknikoki ere arazo gehiago sortzen ditu... urte dezente daramagu digitalean lan egiten, badakigu nolakoa den workflowa (lan-fluxua), eta honek egiten zuen dena aldatu. Fisikoki ere, lata bat amaitzean laborategira bidali behar duzu, eta gurea Erroman zegoen. Digitalean, lainora igotzen duzu eta lixto. Kanariar Uharteetan ginen filmatzen eta Erromara bidali behar genuen lana, horrek dakarren arriskuarekin...

J.M.G.: Winter Pride egunean grabatu behar genuen, jendetza planoetarako, eta ekoizleak esan zigun: ‘Imaginatu egun horretan filmatutakoa galtzen dela, zer egingo dugu?’. Justu egun hori desagertzea kasualitatea litzatekeela esan genion... ba justu hori desagertu zen. Kanariar Uharteetatik itzuleran jakin genuen guk, ez ziguten esan... Madrileko angar batean agertu zen azkenean, eta eskerrak.

A.A.: Eta galdetuko diguzu, horrenbeste buruhauste sortzen baditu, zergatik 35 mm?

Horixe bera.

A.A.: Javirekin [Agirre Erauso] frogak egin genituen, eszena berdinak filmatu genituen digitalean eta 35 mm-tan, eta pelikulari zerbait ematen dio, ezin dena esan numerotan. Maspalomasi bizitasuna ematen dio, ura ez da berdin ikusten, ezta zerua ere, hondarra... ebokazio modura funtzionatzen duen bizitzasun bat. Eta erresidentziari kentzen dio aberrazio kliniko hori. Eta guk hori nahi genuen.

J.M.G.: Bilatzen genuen atmosfera ematen zigun. Eta posprodukzioan, Javi edozein parametro ukitzen hasten zenean kristoren erantzuna ematen zigun materialak.

«Garrantzitsuak dira erreferentziak: 15 urteko gazte batek nahi badu film bat egin badaki ez duela Hollywoodera joan behar, hemen badabilela jendea gauzak egiten» 

Pandemiaren atarian kokatu duzue kontakizuna. Zergatik?

J.M.G.: Hori modu naturalean sortu zen, gidoia konfinamenduan sortu zelako. Eta filmean denbora guztian dagoen gogoeta da: zer da azkenean armairu bat? Pertsonaia hau Maspalomasen dagoenean armairutik kanpo dago edo bertan eraikitako armairu batean? Denok dugu gure armairu pertsonala.

‘La trinchera infinita’ estreinatu zen plataformetan justu konfinamendua hasi zenean, eta jende asko orduan hasi zitzaion pelikulari nolabaiteko esanahi bat aurkitzen, konfinamenduarekin lotuta. Kuriosoa da ze ni, momentu berean, ari nintzen ‘Maspalomas’ idazten eta uste dut bi filmeek zerikusi handia dutela, bietan hitz egiten delako ateratzeko beldurra duen pertsona bati buruz, bere burua erakustekoa, eta nolabait ‘La trinchera’-k funtzionatzen zuen baita ere horri buruzko metafora moduan. Eta ‘Maspalomas’ bada metafora horren aplikazio erreala.
A.A.: Eta bukaerari ere ematen dio zerbait berezia. Xarma triste bat, baina polita.

Sail Ofizialean euskara entzuteko aukera izango dugu; lehian ‘Maspalomas’, eta lehiaz kanpo ‘Karmele’ eta ‘Zeru ahoak’. Ze irakurketa egiten duzue?

A.A.: Ezin egin positiboa ez den irakurketarik. Donostiakoa A mailako festibal bat da, eta hor sartzea ez dizu inork oparituko. Sentsazioa da hemen zerbait erreala daukagula, kontsolidatua. Sail Ofizialaz gainera, Zabaltegi, New Directors... hemengo jendeak egindako proposamen oso interesgarriak daude, eta hor sortzen dira erreferentziak, 15 urteko gazte batek nahi badu film bat egin badaki ez duela Hollywoodera joan behar, hemen badabilela jendea gauzak egiten.