
Gure bizitzetan pantaila geroz eta gehiago dauden unean, pantailetan zer ikusten dugun hausnartzeko tartea hartzea aberasgarria izan daiteke, guztiak pantaila handiari so daudenean, ea nor dagoen irudikatua, nondik, zer dagoen erdigunean. Astelehen goiza indartsu hasteko unea topatu du Donostiako Zinemaldiak Tabakalerako Z aretoan antolatutako solasaldiaren bidez, galdera nagusi bat: ‘Eduki deserosoa: nor da aniztasunaren beldur?’
Egungo Ikus-entzunezko Industriari Buruzko Diagnostiko Feministak Jardunaldiaren baitan, Mariona Borrul krtitikari eta NAIZeko kolaboratzaileak egindako galdera hori erantzuten ahalegindu dira astelehen goiz honetan Jule Goikoetxea pentsalaria, Silvia Albert aktore eta zuzendaria, eta Alaitz Arenzana artista eta zuzendaria.
Deserosotasuna eta beldurra lotu ditu dinamizatzaileak lehen galderan, eta zinema mundura joz hain ikonikoa den Amerikako Estatu Batuetako testuinguruaz eta Estatu espainolekoaz galdegin diete Borrullek, eta mahaikideak zentsuraren inguruan mintzatu dira. Arenzanak testuinguru ezberdinak badira ere, leku batean zein bestean, «gorroto diskurtsoak zentsurarekin mozorrotzen ari dira» aipatu du eta plataformetako politikak aldatzeak ere zentsura ekarri dezakeela argitu du.
Itsasoaren bestaldera begira jarraituz, Albertek ohartarazpen bat egin du egun ardura Trumpengan bakarrik jartzen dutenengatik, izan ere, bere ustez, askoz sakonagoko auzia da: «2024ko datuak aztertzen ari gara orain, Trump 2025an sartzen da Etxe Zurira eta beraz, ez dira berak abian jarritako politiken ondorio, lehenagoko logiketatik dator, sakoneko erabakiak dira». Eta era berean, azaldu du arraza eta etniaren inguruko gaitegian ez dagoela zer ikusirik AEBn edo espainiar Estatuan: «AEBn arrazismoaren kontzientzia handia dago, nahiz eta oso estatu arrazista den, Espainian ez dago kontzientzia hori, eta memoria historikoaren falta dago arrazializazioari dagokionez».
«Zure burua errepresentatuta ez ikusteak baliogabetu egiten zaitu gizartean»
Sistema politiko ororen tresna estrukturala da zentsura Goikoetxearen iritziz, eta beti egon izan dela uste du. Zentsurari lotuta, zer kontatzen den ere azpimarratu nahi izan du adibide zehatz batekin: «‘Oppenheimer’ bezalako filmek kontatzen dutena astakeria bat da, gizon zuri batek salbatu gaituela? Zer da hori? Arazoa da naturalizatuta ditugun narratibetan gizon zuria beti ‘la hostia’ dela».
Eta adibide horrek azaleratzen duen dominazio sistemari tiraka, ertzetako errepresentazioak zer nolako tokia eta garrantzia duten eztabaidatzen hasi dira. Arrazializatuen kasuaz jardun du Albertek: «Beharrezkoa da irudikatuta egotea, bestela ahanzturan erortzen gara etengabe, eta emakumeak zein arrazializatuak beharrezkoak gara pantailan faxismoari aurre egiteko; desagertzen bagara gizarteak pentsatuko du mundua normatiboa dela, emakume eta gizon zuriena bakarrik dela». Gainera, gorroto diskurtsoak deseraikitzeko ere balio duela esan du: «Ematen du pertsona arrazializatuak orain iritsi garela, eta ez, betidanik egon gara».
Arenzanak kontatu du zure burua estereotipotik gabe irudikatua sentitzea garrantzitsua dela, «ikus-entzuunezkoak ez dira munduaren isla, mundua eraikitzen dute, eta zein jende dagoen erdigunean eta zen ez den existitzen… hori iraultzeko balio dezake. Eta aldi berean, zure burua errepresentatuta ez ikusteak baliogabetu egiten zaitu».
Nola hartu behar da erdigune hori, ordea? Nola eraikitzen da aniztasuna? Aniztasuna «moda» izatetik deslotu beharrarekin ados agertu dira guztiak. Albert: «Pertsona arrazializatuak jada ez gaude modan, momentu batean Netflixek egin zuen apustu hori eta pantailetan ageri ziren pertsona arrazializatuak, baina jada ez zaie interesatzen, eta hor zerbait galdu dugu».
«Pertsona arrazializatuak jada ez gaude modan, momentu batean Netflixek egin zuen apustu hori, baina jada ez zaie interesatzen, eta hor zerbait galdu dugu»
Modei jarraiki, Borrullek zuzen galdegin du, «eta zein feminismo dago modan?». Isilune labur baten ostean Goikoetxea abiatu da, ohi duen zorroztasun eta umorez: «Ea, modan dago neoliberalismoak ezarri nahi duen marko jator bat, eta horiek aniztasuna deitzen diote sagarrak, udareak eta azenarioak egoteari, zentzu komunak dio ‘gora udareak, eta sagarrak, eta azenarioak!’. Baina kontua da sagarrek ez dituztela behar udareak existitzeko, eta zuritasuna, aldiz, sistema arrazista bat existitzen delako existitzen dela. Botere harremanak jarri behar dira zalantzan, eta horien araberako aniztasunari leku egin».
Irudimenaren krisia
Errepresentazioaz, errepresentazio jakinek sortu ditzaketen ikusezintasunez eta botereaz hausnartu ondotik, etorkizun posibleak eraikitzeko irudimena «krisian» ote dagoen eztabaida zabaldu du Borrullek.
«Emakume beltzetan pentsatzen badut ez dut krisirik ikusi, historikoki etengabe birsortzen egon dira, ekintza kolektibo asko egon dira, nire ustez krisia gizon zisheteroek dute: krisi bat bizitzen ari dira, beraiengan pentsatzen jartzen gara, ea zer egin dezakegun beraiek erreakzionarioak ez izateko, beraiek parte hartzeko… eta ume txikiak bezala haserretu dira gizonak eta hor dialogoa puskatu da. Baina berriz diot, krisia ez da gurea», bota du Albertek eta txaloka hartu du aretoak.
Arenzana ere bat etorri da bazterreko subjektuen istorioak ez daudela krisian esaterakoan, eta momentu batzuetan gizon zishetero zuriekin «elkarbizitu» behar dela, «baina ikus-entzunezkoetan ez beraiek ez dauden proiektuak eta filmak ere sortu behar ditugu, ematen du leku asko okupatzen ari garela, baina ez da hala. Zenbat pelikula daude festibal honetan irudikatzen gaituztenak?». Espazio ez mistoak sortzearen alde agertu da Goikoetxea ere, «borroka autonomoak behar ditugu despatriarkalizaziorako».
Dagoenaren eta ez dagoenaren inguruko analisien ostean, aurrera begira jartzeko astia ere hartu dute; besteak beste desiraren bidetik eta gozamenaren ikuspegitik lan egitearen garrantzia azpimarratu dute. Albertek argi du: «Ikusten duguna desiratzen dugu, desiratzeko ikusi egin behar dugu eta bizitzeko desiratu. Irudikatuta sentitzen naizen irudiak ikusi nahi ditut nik, emakume beltzak disfrutatzen ari diren irudiak, ez etengabe gaizki pasatzen eta sufritzen ari direnak. Bestelako imajinario batzuk irekitzen ari dira, errealitatearekin lotura handiagoa dutenak, eta behingoz, pantailan ere izan gaitezke beste zerbait, orain arte izan garenaz harago».
«Umorea tresna ona da, zapalkuntzak betikotzen edo kritika egin eta eraldatzen lagundu dezake»
Umorearen hari muturra izan da jarrian Arenzanak jorratutakoa. Bere ustez komedia tresna oso ona da, baina ematen zaion erabileraren arabera «zapalkuntza betikotu» dezake edota kritikara erabili eta buelta eman. Goikoetxeak erantzun dio arazoa dela egungo komedien %95 arrazista eta sexista dela, «hori da arazoa, umorea beti egin behar da baina etika politiko batetik».
Fikzioak sortzen du errealitatea
Herrialde beltzen kontakizun ia guztiak «minaren kontakizunak» direla kontatu du Albertek, «aldarriarenak» bestela, esplotazioaren garaitik abiatzen direla gehienak, baina beraien historia askoz lehenago hasten dela aldarrikatu du: «Kontua da kanpotik kontatu izan dela herrialde beltzen historia, eta horietan, zuritasuna jartzen da erdigunean. Gure amonez, afro-etorkizunaz edota magiaz kutsatu beharko genuke, orain arteko kontakizunaz askatzeko».
Arenzana artistaren esanetan errelato anitzak sortzen ari dira, baina mainstream-era ez direla horiek iristen bota du: «Errelato asko daude, baina banaketa ez da mainstream-era heltzen, badaude paradigma berriak proposatzen dituzten ikus-entzunezkoak, baita lengoaia aldetik orain artekoa nola deseraiki erakusten digutenak, baina ez dira gehiengoak ikusten dituen zinemetara heltzen».
Bide berriei erreferentzia eginez, dotore itxi du Goikoetxeak: «Bestelako errelatorik ez badago, ez da bestelako etorkizunik izango».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

