Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

Bizitzaren kontrasteak eta kontraesanak

‘JONE, BATZUETAN’
Euskal Herria. 80’. Zuzendaria: Sara Fantova. Gidoia: Sara Fantova, Nuria Dunjo, Nuria Martin Esteban. Aktoreak: Olaia Aguayo, Josean Bengoetxea, Ainhoa Artetxe, Elorri Arrizabalaga. Musika: Pablo Seijo. Argazkia: Andreu Ortoll.

Zinema aretoetan jada estreinatu da, baina Zinemaldiaren testuinguruan Zinemira sailean topatuko dugu ‘Jone, Batzuetan’; Sebastiane Saria irabazteko hautagaien artean ere badago.

Erabat ezberdinak badira ere, Sara Fantovaren ‘Jone, Batzuetan’ ikusten ari nintzela Charlotte Wells-en ‘Aftersun’ etorri zait gogora. Bi filmek familia, oroimena eta galera lantzen dituzte intimitatez eta samurtasunez. Bietan, aita hauskortasunaren ispilua da, eta alaba, berriz, minak markatutako hazkunde-prozesuan murgilduta dago.

Konparaketak alde batera utzita, ‘Jone, Batzuetan’ filmak berehala egiten du emozioen aldeko jauzia: modu organikoan, kamera oso gertu kokatzen da, arnasa bera ere harrapatuko balu bezala, eta tonu ia dokumental batez bustita. Coming of age klasikoaren ereduari eutsiz, hazkunde pertsonalari buruzko barne-gogoeta bilakatzen da.

Istorioa Bilbon kokatzen da. Jone (Olaia Aguayo), 20 urteko neska, aita eta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du Parkinson gaitzaren ondorioz. Aldi berean, Bilboko Aste Nagusiaren atarian, Jone lehen aldiz maiteminduko da.

Fantovak kontrastez ehundutako narrazioa marraztu du: protagonistaren lehen amodioa jai zalapartatsuaren bihotzean loratzen da, aitaren gaixotasunak bere gaztaroari itzal luzeak botatzen dizkion bitartean. Bizitzaren bi ertzek elkarri begiratzen diote, eta dualtasun horretatik sortzen da tentsio emozional iraunkor eta sakonki gizatiarra.

Olaia Aguayok antzezpen bikaina eskaintzen du: sotila eta sakona, bere begiradek hitzek baino gehiago adierazten dute. Josean Bengoetxeak (aita) benetakotasuna eta gizatasuna eransten dizkio kontakizunari; Elorri Arrizabalagak (ahizpa), berezkotasuna eta umore distiratsua eta Ainhoa Artetxek (bikotea) maitasunaren eta desiraren indar freskoa gehitzen dio narrazioari.

Opera prima batean ohikoak diren gorabeherak badaude ere, Fantovak sentsibilitate narratibo oso berezia eta ederra erakutsi du.

‘Jone, Batzuetan’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)