Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa

«Emozio askotatik pasa naiz bidean eta erdigunean izan ditut duintasuna, indarra eta bizipoza»

Erresistentzia antifrankistan –bi exilio tartean– makina bat bizipen izan zituen Karmele Urrestik Txomin Letamendi PNVko gudari senarrarekin batera. Jone Laspiurrek gorpuztu du ondarroarra Asier Altunaren filman.  

Jone Laspiur donostiar aktorea.
Jone Laspiur donostiar aktorea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaz kanpo ikusiko da astelehen honetan Asier Altunaren ‘Karmele’ eta zinema aretoetara urriaren 10ean iritsiko da. 36ko Gerraren eta II. Mundu Gerraren testuinguruan konpromiso politikoak zeharkatutako Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizipenak eraman ditu pantaila handira bergararrak, Kirmen Uriberen eleberria oinarri hartuta. Urrestiren gurasoen belaunaldiak ere –Frantzisko (Javier Barandiaran) eta Karmen (Nagore Aranburu)– badu isla lanean.

Euskal Herria, Paris eta Caracas dira, besteak beste, kontakizunaren guneak.  Jone Laspiur (Donostia, 1995) sartu da Urrestiren larruan eta Eneko Sagardoy (Durango, 1994) Letamendirenean. Proiektua nola bizi izan duen kontatu digu lehenak.

Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (2016, Susa) irakurria zenuen proiektua abiatu aurretik?

Kuriosoa da, etxean liburu bazegoen, zeren amak eta aitak biek irakurri dute, baina nik ez. Ondoren irakurri nuen, proiektuaz hitz egin zidatenean.

Proposamena jasotzean baiezkoa berehala eman zenion Asier Altunari?

Ahobetez esan nuen baietz. Gidoian bertan ikusten zen erronka oso handia izango zela, ikusten zen potentea zela, sentsibilitate eta konpromiso handikoa. Gauza asko barne biltzen ditu: musika, garaiko filma izatea, lokalizazio oso desberdinak… ikusten zen elementu ugari behar zituen pelikula zela. Eta erronka erraldoia izan da.

Karmele pertsona erreala izateak ardura handiagoa sentitu duzu?

Bai, noski, beti gertatzen da horrela. Familia handia da, hasieratik egon dira proiektuarekin interesatuta, errodaje egunetan etorri dira bi semeak eta bilobak… Askoz errespontsabilitate handiagoa daukazu hasieratik. Hala ere, Asierrek oso garbi utzi zigun guk Karmele eta gure Txomin sortuko genituela, Kirmen Uriberen eleberrian oinarritutakoak, batez ere. Horrek askatasun handia eman digu.

Txomin eta Patxi semeak ezagutu izanak baldintzatu egin du zure lana?

Grabaketa bitartean ezagutu ditugu, familiako kideak gutxinaka gerturatzen joan dira lokalizazio tokietara. Patxi Eresoinkako dantzak grabatzen ari ginenean ezagutu genuen eta oso emozionantea izan zen. Noski, informazioa gehitzen ziguten alde emozionaletik, anekdotak kontatzen zizkiguten…  Hori guztia gehigarria izan da guretzat pertsonaiak sortzeko prozesuan. Nire kasuan eskertu egiten dut, zenbat eta informazio gehiago eduki hobeto. Ñabardurak ematen dizkizute, gero zure erabakia da horiek erabili ala ez. Agian beste aktore mota batzuek nahiago dute ez ezagutzea, bakoitzaren lan egiteko modua da. Nolanahi ere, guk aktore moduan argi izan behar dugu pertsonaia bat egiten ari garela, ez garela pertsona errealara hainbeste gerturatuko.

Beste pertsonaiekin alderatuz zer eskatu dizu Karmelek zuretzat berria izan dena?

Batetik, koruko abestiak eta euskal dantzak ikastea. Bestetik lan honek eduki duen alde emozionanteena niretzat izan da Bergarako euskaran egin dugula. Nire gurasoak biak eibartarrak dira eta familian ni naiz donostiar bakarra. Nire etxeko hizkuntza eibartarra da eta familiaren istorio guztiak eibartarrez bizitu ditut. Eta Eibarko euskaratik Bergarakora oso aldaketa txikiak daude, hitz jakin batzuk, baina orokorrean oso antzekoa da. Bergarako euskaran egitea afektiboki oso potentea izan da, emozionalki asko suposatu dit eta Karmeleren pertsonaiaren oparia izan da.

Bergarako euskaran egitea afektiboki oso potentea izan da, Karmeleren pertsonaiaren oparia


Istorioak bere horretan dauzka hasierako Uriberen nobela eta orain dakarkizuen filma. Ez du apaingarri handirik behar.

Bai, hori da. Askotan gertatzen da liburuak zinemara egokitzen direnean jendeak gauza asko izaten ditu faltan, liburu batean kabitzen diren ñabardurak infinitoak dira: pertsonaiak, deskripzioak eta informazioa. Pelikulatan hori dena mugatu egin behar da. Asierrek hasieratik argi zeukan batez ere kontatu nahi zuena zela Txominen eta Karmeleren amodiozko harremana eta bien familiaren istorioa, garai hartako tentsio politikoan. Mahai gaineko lanean kontu asko egokitu egin behar izan genituen, kontakizuna askoz luzeagoa izan zitekeen, detaile gehiago sartuz. Aukeraketa egin behar da eta nik uste dut asmatu dugula.

Garaiko filmak berekin dakartza hainbat alor bereziki zaindu beharra: eszenarioak, jantziteria eta makillajea, musika…

Aluzinatu egin dugu arte eta jantziteriako seailetako lankideen lana ikustean. Izugarri gozatu dut. Hala arropak jantzi ahal izatea, neurrira egin dit Nerea Torrijosek filman ikusten den soineko berde zoragarria. Bidaia batean egotea bezala izan da, oparia.   

36ko Gerra, II. Mundu Gerra, zerbitzu sekretuak… Zuen belaunaldikoei iritsi zaizue horren berri, transmisioa eman da?
 
Asko ez dugu jaso, familiaren arabera… Nire etxean zorionez ahozko transmisio handia daukagu, gure familian gauza asko gertatu ziren eta jaso dut transmisio hori. Aiton-amonena bai, baina birramon-birraitonarek bizitakoa oso urrun geratzen zaigu, baina erlatiboki duela oso gutxi gertatutak zerbait da. Gu gerrarik gabe bizitu garenontzako kontu hauek sinesgaitzak dira baina gure aiton-amonek eta birraiton-birramonek hau guztia bizi izan zuten. Nire ustez garrantzitsua da ariketa egitea gertuko iraganera jotzea eta konturatzea historia behin eta berriz errepikatzen dela zoritxarrez. Askotan txarrerako, begira ze egoera lazgarrian dauden Palestinan eta Ukrainian.

Zenbat Karmele dauden Euskal Herrian...

Bai, izugarri pila. Emakume potente asko momentu batean militantzian edo kargu garrantzitsuetan egon ahal izango ziratekeen emakumeek etxeko rolak hartu behar zituzten eta ondorioz bigarren planu batean geratu. Gerran kontestuan emakumeoi uzten zaigun lekua hori izaten da askotan eta hori ere errebisatzeko zerbait da.

Edo beste askok erabaki behar izan zuten ama ez izatea militantzia jarduera aurrera eraman nahi bazenuen.

Bai, egia da. Gaur egun maila profesionalean gertatzen den gauza bera.

Karmelek borroka egin behar du bere ahotsa entzun dadin, bai etxean une batzuetan zein kanpoan.

Bai, Karmelek pertsonalitate gogorra zeukan eta presentzia handiko emakumea zen. Bere lekua aurkitzen zekien eta bere ahotsa altxatzen ere bai. Gure lana ere orain bada gure ahotsa altxatzea eta gure lekua aurkitzea, imajinatu garai haietan.

Karmelek pertsonalitate gogorra zeukan eta presentzia handiko emakumea zen. Bere lekua aurkitzen zekien eta bere ahotsa altxatzen ere bai

Zein emoziotatik osatu duzu Karmele?

Emozio askotatik pasa naiz bidean eta erdigunean izaten saiatu naiz duintasuna, indarra eta bizipoza. Hau da Asierrek hasieratik garbi utzi zidana, ‘Karmele pertona bizia da, guztiaren gainetik bizitzaren alde egingo du’. Naturala da, espontaneoa…

Lehenengo esperientzia izan duzu Asier Altunaren aginduetara, nola bizi izan duzu?

Izugarria izan da! Asierrek zorionez dena oso argi du eta zehaztasunez zuzendu gaitu.Denbora asko hartu genuen Asierrek, Enekok eta hiruok. Testua goitik behera landu dugu, eszena bakoitzari bere denbora eskainiz. Gidoia testu moduan mahaiaren bueltan lantzen ari ginenean ohar piloa egiten zidan, emozioa non kokatu, aregoa, esaldien entonazioa ere bai… Lehenengo aldia izan da niretzat testua hainbeste landu duguna. Kristoren laguntza da. Zuzendariak gauzak argi dituenean denok alde bererantz egiten dugu arraun eta oso esperientzia ona izan da. Horrez gain, oso pertsona eskuzabala da Asier eta bere lan egiteko moduan asko integratzen du aktoreon iritzia. Testua eraldatzen joan da.

Ikusle bezala eskertu egin dut zu barrez ikustea, kontuan izanik aurrez egin dituzun paperek (‘Ane’, ‘Negu hurbilak’) ez dizutela horretarako aukerarik eman, presezki.

Beti eskertzen da. Nik ez daukat eszena dramatikoekin, denborarekin ikasi dut gehiegi ez kargatzen. Momentu alaiak oso garrantzitsuak izan dira orain arteko pertsonaiek ez didatelako horretarako aukerarik eman. Gogoa neukan zoriontasunetik eta pozetik lan egiteko. Nahi nuen ikusleek enpatizatzea Karmeleren espontaneitate horrekin, gero ikusiko dute gaizki pasatzen eta gogor jartzen.

Eta haurrekin lan egitean zer moduz?

Umeen etapa desberdinak landu ditugunez haur askorekin egin dugu lana. Haur oso txikiekin egin dugu lan, eta ez da batere erraza. Ume batzuekin asko konektatu dugu eta oso momentu alaiak eduki ditugu errodajean.

Erraz deskonektatzen duzu pertsonaiaz?

Bai. Horretan asko laguntzen du ekipoaren artean dagoen giro onak. Grabaketak lana dira, kontzentrazio eta lan handia eskatzen dute, baina bestalde batzuk udalekuen kutsua edo. Giro polita sortzen da orokorrean.

Hainbat herritan aritu zarete grabaketan. Herritarrekin harremanik izan duzue?

Lekeition denbora dezente pasa genuen, eta momentu librea duzunean paseo bat eman dezakezu... Bestela askotan leku batetik bestera saltoka zabiltzanean ez daukazu aukerarik.

Zer zeureganatu duzu Karmelerengandik?

Borrokari eustea bizipozarekin eta indarrarekin eta amore ez ematea baikortasuna mantenduz. Horrekin batera, gertu daukazun jendea maitatu eta zaintzea, Karmelek oso presente zeukana.

Zeure hirian estreinatuko duzue filma Zinemaldian, lehiaz kanpo. Pozik?

Beti da emozionatea Donostian izatea, etxean aurkeztea pasada bat da.