
‘Mobility Lab Campus’ izeneko gune berria zabaldu berri du Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizko Ingeniaritza Eskolan, sotoan. Bi Unibertsitate-Enpresa gelak, Ikerketen eta Proiektuen Laborategiak, Mugikortasun eta Logistikako Laborategiak, Sentsore meteorologikoak kalibratzeko laborategiak eta Ekintzailetza Laborategiak osatzen dute.
Helburua mugikortasun jasangarriaren arloan ikerketa, garapen, berrikuntza eta ezagutza nahiz transferentziako jarduerak indartzea da, baita enpresen lehiakortasunari ekarpena egitea ere. Horretaz gain, kualifikazio handiko langileak trebatzea, talentua erakartzea eta, unibertsitatearen zorroztasun zientifikoa eta sormena enpresen dinamismoarekin eta lehiakortasunarekin konbinatuta, ezagutza transmititzea.
Hala azaldu du Zuriñe Gomez de Balugera Ingeniaritza Eskolako zuzendariak astelehen honetan egindako aurkezpenean. Berarekin egon dira Joxerramon Bengoetxea, EHUko errektorea, Hector Guerrero, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerio espainoleko zuzendariordea, Adolfo Morais, Lakuako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea, eta Maria Nanclares, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzia.
Proiektu hau Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerio espainolaren dirulaguntzari esker sortu da. Gomez de Balugera zuzendariak azaldu duenez, «asmoen adierazpen» bat da proiektu berri hau, etorkizunera begira eskolak egin nahi duen bilakaeraren inguruan.
Aurkezpenean gogorarazi duenez, «aspaldi» eskolaren instalazioak txiki geratu zaizkie eta orain zabaldutakoa «ez da ikastegi gisa bilatzen genuen helburua». Hala ere, «batzuei proposamen txikia iruditu arren, gainezka dagoen ikastegi bat da erronka bere gain hartu duena». Gainera, azaldu du tokia eta eskola bera berregituratu behar izan dituztela.
Bengoetxea errektorearen hitzetan, «ikastegi honek urte asko eman ditu lanean ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaren baitan. Gainera, berrikuntzaren eta ikerketaren ikuspegitik, eta enpresa eta zentro teknologikoekin elkarlanean, zentro berriaren lehentasunezko lerroak izango dira mugikortasun adimendun eta jasangarria indartuko duten proiektu berriak garatzea, eta 5.0 industria indartzea automozioa eta aeronautika bezalako sektore garrantzitsuetan».
Sei gune
‘Mobility Lab Campus’ honek 500.000 euroko inbertsioa behar izan du eta hainbat gunetan banatuta dago, sotoan estetika berezi bat sortu nahi duen korridore batek lotuak. Lehenengoa, Ipar Galeria delakoa, sinbolikoa da, etorkizunean lortu nahi den hori irudikatzen du eta.
Bi Unibertsitate-Enpresa gela daude ondoren, unibertsitatearen eta industria sarearen arteko lankidetzarako. Korridorearen beste aldean Ikerketa eta Proiektuen Laborategia dago, non mugikortasunarekin, jasangarritasunarekin eta energia garbiarekin zerikusia duten proiektuak lantzen diren.
Aurrerago Mugikortasun eta Logistikako Laborategia dago, logistikako eta garraio adimenduneko prozesuen irakaskuntzan eta simulazioan espezializatutako ingurunea. Sentsore meteorologikoak kalibratzeko laborategia ere badago, arlo honetan planteatutako arazoei irtenbide teknologikoak bilatzeko.
Azkenik, Araba Motorsport taldearen txokoa dago, Formula Student eta Moto Student egitasmoentzat prestatutako gelak. Oraindik prestatzen ari badira ere, muntaketa, bateria eta ijezketa guneak izango ditu.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

