Hanka ortopedikoaren kirrinka
‘UN SIMPLE ACCIDENT’
Iran, 2025. 105’. Zuzendaritza eta gidoia: Jafar Panahi. Aktoreak: Ebrahim Azizi, Madjid Panahi, Vahid Mobasseri, Mariam Afshari. Argazkia: Amin Jaferi.

Perlak sailean aurkeztu du Jafar Panahi zinegile irandarrak bere film berria, ‘Un simple accident’, Iranen bertan modu klandestinoan filmatua. Filmatzeko keinua bera erresistentzia ekintza gisa uler daitekeen arren, harrigarriena da Panahik nola lortzen duen baldintza zail horiek gainditzea eta horietatik indar estetiko zein etiko handiko obra sortzea. Ikuslea anbiguotasun moraleko eremu batera eramaten du, deserosoa bezain liluragarria.
Filmak izenburuari erreferentzia egiten dion istripu «sinple» batekin hasten du bidea: gizon batek txakur bat harrapatu du errepidean, haurdun dagoen emaztearekin eta alabarekin etxera itzultzen ari dela. Autoa matxuratuta, kanpoaldeko tailer mekaniko batera jotzera behartuta daude. Han, mekanikariak uste du gidaria ezagutzen duela: iraganeko figura ilun eta mingarri bat, tortura eta espetxealdiaren oroitzapenekin lotua.
Une horretatik aurrera, kontakizunak road-movie moral baten forma hartzen du; bidaiak ez du soilik errepidea zeharkatzen, baizik eta mendekuaren nahia, oroitzapen garratzak, susmoa, trauma kolektiboa, errepresioaren aztarnak eta memoriaren zama azaleratzen ditu, bai fisikoki, bai psikologikoki.
Panahik genero desberdinekin jolas egiten du hasieratik bertatik: drama sozialaren oinarriak ageri dira, baina thrillerraren tentsioa ere sumatzen da tarteka. Hala ere, deigarriena erabilitako umorea da: umore beltzaren, absurdotasunaren eta ironiaren zipriztinak txertatzen ditu une erabakigarrietan. Istorioaren muina latza eta gupidagabea bada ere —tortura, zapalkuntza, injustizia—, filmak ez du izuaren edo solemnitatearen bidetik jotzen; aitzitik, ñabardura sotil eta arnasgarriak erabiliz hausnarketa sakon baterako tartea eskaintzen du.
Ñabardura horien bidez, gidoiaren erdigunean Irango erregimenaren aurkako salaketa argi eta sendoa agertzen da: torturatzaileak, preso politiko ohiak, espetxea eta horiekin lotutako oroitzapen mingarriak. Filmak erakusten du indarkeria instituzionalak zauri sakonak, fisikoak eta psikikoak uzten dituela. Era berean, agerian uzten du gizartea nola bizi den beldurraren eta isiltasunaren artean, hitz egiteko premia eta zentsura etengabe gurutzatzen diren lurralde konplexu batean.
Salaketa hori indartzeko, pertsonaien elkarrizketek pisu handia badute ere, Panahik sinbolismo bisual indartsuak baliatzen ditu, torturaren eta minaren arrastoak gorputzetik haratago irudikatzeko: basamortu erdian hilda dagoen zuhaitza, gaueko bidaia amaigabea, matxuratutako autoa, maletategi itogarri eta iluna, sendatu ez diren orbainak, begietako benda, eta batez ere hanka ortopedikoaren kirrinka. Hots hotz eta metaliko horretan, gizarte hautsi eta ilun baten metafora aurkitzen da, bere putzu sakon eta ilunetik irten ezinik dagoena.
«El legado de La Polla Récords es más presente, necesario y actual que nunca»

Un varón de 21 años fallecido en Nafarroa, primera muerte vinculada a nitazenos en el Estado

Nueve miembros del equipo rectoral de EHU derrotado disfrutan de altos cargos con el PNV

Alto el fuego bilateral durante dos semanas e Irán garantiza el «paso seguro» por Ormuz

