Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZUZENDARI BERRIAK

Lantegiko burrunbatik katarsi kolektibora

‘ARO BERRIA’
Euskal Herria, 2025. 110’. Zuzendaritza eta gidoia: Irati Gorostidi. Aktoreak: Maite Muguerza Ronse, Oscar Pascual Lopez, Aimar Uribesalgo Urzlai, Edurne Azkarate. Argazkia: Ion de Sosa.

‘Aro Berria’ filmaren fotograma.
‘Aro Berria’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Ur kontagailuen lantegi bateko langileek batzarra egin dute, azkenean aurrera egingo ez duen greba eztabaidatzeko. ‘Aro Berria’ filmaren lehen hogei minutuetan, Irati Gorostidik drama sozialaren ertzak lantzen ditu: fabrikako burrunba metalikoak, langileen elkarrizketa sutsuak, bileretan pizten eta itzaltzen diren txinpartak... Etsipenak jota, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratzen dute eraldaketa erradikalerako nahia. Batzuek lantegia utzi eta mendietan isolatutako komunitate batean murgilduko dira.

Plano zenital batek irekiko du pelikula, fabrikako teilatuen gainetik jausten den begirada baten antzera. Kamera, mugimendu etengabean eta modu organikoan, pertsonaien artetik irristatuko da, ikuslearen eta filmaren arteko leiho bihurtuta. Lantegiko hormetan, sindikatuen kartel zaharrek aldarriak gordetzen dituzte; deigarriena kolore gorriz erdian dagoena. Emozio biziak pizten dituen kolore horrek, arriskuarekin, energiarekin, sexuarekin edo pasioarekin lotzen dena, botere iradokitzailea izango du filmean zehar.

Pertsonaien sartu-irtenak eta aldarriak protagonista dituen sekuentzia luze baten ostean orduantxe agertzen da pantailan, gorriz idatzita, ‘Aro Berria’ izenburua. Une horretan hasten da pelikularen mamia, bere taupadarik bizi eta sakonenak erakutsiko dituen muinera jauzi eginez.

Kolore gris eta itzaliak nagusi diren egoera batetik, naturara eta mendira egingo du jauzi narrazioak, Ultzamako bihotzera. Kolore gorriz betea dagoen eszenatoki bitxi bat agertzen da, zirku bateko karpa dirudi. Jende multzo handia dago bertan, begiak estalita, gorputzak katarsian murgilduta: saltoka eta eztarritik askatutako hots basatiak zerura jaurtiz. Bertan, dozenaka gaztek bilaketa sutsu bati ekiten diote partekatutako esperientzia katartikoen bitartez. Une horretan Arco Iris edo Ostadar Familia deritzon komunitatearen erdigunean barneratzen da kontakizuna, eta hortik aurrera, ez da handik irtengo.

Komunitatea, batez ere, bertan eskaintzen zituzten ikastaroengatik egin zen ezagun eta horiek modu gordin eta esplizituan agertzen dira filmean: eszena luzeak, batzuetan deserosoak, erraietakoak eta katartikoak. Kamera, berriz, ez da gelditzen; pertsonaien artetik sigi-saga mugitzen da, suge isil baten antzera, gorputzen, soinuen eta arnasen artean irristatuz; ikuslea ere eraldaketa horren parte bilakatzen du.

Dokumentaletik gertu dagoen eszenaratzea erabiliz ‘Aro Berria’ filmean sinesgarritasuna eta benetakotasuna arnasten dira uneoro, ikusle moduan pertsonaiei behatxulo batetik zelatan ariko bagina bezala. Giropen sinesgarri horren erantzuleetako bat, aktoreez gain jakina, -ezin bat nabarmendu, guztiek lan aparta egiten dute- Ion de Sosaren argazkilaritza lana da: pikordun testura duten irudi «zikinek» bustitzen dute narrazio guztia, urte horietan bizi izandakoa ia arnastu eta usaintzeraino.

Gorostidik aurrez aurre jartzen ditu Ostadar Familia komunitatea eta garaiko testuinguru sozial zein politikoa; bi errealitate horiek elkarri begira jartzean, hari ikusezinak agertzen dira. Lotura hori ez du ozen aldarrikatzen, gidoiaren ehundura sotil eta zehatzetan txertatzen ditu.

Guztiz txalogarria da Irati Gorostidik egindako lana, ez baita batere ohikoa opera prima batean horrelako ausardiaz eta nortasun propioz aritzea.