Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zutenetik 40 urtera ekimen ibiltaria antolatuko dute

Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zutenetik 40 urte beteko direnean autobus ibiltari bat Euskal Herriko hainbat tokitara helduko da, gertatutakoaren aitortza izan bada ere oraindik gauza asko jakin gabe daudela aldarrikatzeko.

Mikel Zabalza gogoratzeko lehen aurkezpena egin dute Iruñean.
Mikel Zabalza gogoratzeko lehen aurkezpena egin dute Iruñean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Aurten, azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data hori dela eta, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, DBuseko langileek, Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta Egia Zor fundazioak ‘Mikel Zabalza 40 urte gogoan’ egitasmoa prestatu dute.

Horrela, azaroaren 26tik abenduaren 14ra arte, Zabalza desagertua izan zen egunetik Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arte, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko, autobusean erakusketa bat izango da. Tokian toki hainbat ekintza antolatuko dira, abenduren 14ean Donostian ekitaldi nagusi bat egingo dutelarik.

Antolatzaileen izenean Ainhoa Buenok eta Metxe Gonzalezek azaldu dutenez egitasmoaren oinarria «egun gauden tokira ekarri gaituen eta etenik ez duen memoriaren haria» da. Gogoratu dutenez, 40 urte geroago Lakuako eta Nafarroako gobernuek Mikel Zabalza Estatuaren indarkeriaren biktima bezala aitortu dute. «Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia eta erreparaziorako bidean urrats garrantzitsuak eman dira. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola... Erantzunen bila goaz», adierazi dute.

Autobus publikoetako gidaria

Memoriaren haritik tiraka, Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoetako gidaria zela 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta hil zuenean gogoratu dute. «Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino. Mikel desagertua egon zen hogei egunetan izandako ekintza horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen. ‘Hemen ez dago gidaririk, non dago?’ zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak», esan dute egitasmoan autobusak izango duen esanahia azaltzeko.

«Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inori gertatuko ez zaiola berma dezagun», aldarrikatu dute.