NAIZ

Palestinar erresistentziaren alde manifestazio nazionala deitu dute Iruñean urriaren 4rako

Urriaren 4an Iruñean manifestazio nazionala deitu dute, genozidioaren aurrean palestinar herriaren erresistentziaren alde, Israelgo Estatuaren desegitea eskatzeko eta «sionismoaren konplize guztien» aurka. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitu du eta 12.00etan abiatuko da Antoniuttitik.

Manifestazio nazionala deitzeko agerraldia Iruñean.
Manifestazio nazionala deitzeko agerraldia Iruñean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Palestinaren aurkako genozidioan palestinarren erresistentziaren alde, Israelgo «entitate sionistaren» desegitea aldarrikatzeko eta «sionismoaren konplize guztien» aurkako «borroka zuzena biderkatzeko», manifestazio nazionala deitu dute Iruñean urriaren 4rako, larunbata delarik. 12.00etan abiatuko da Antoniuttitik.

Astearte honetan agerraldi bat eskaini du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, mobilizazioa deitzeko. Azaldu dutenez, «aurrerapausoak emateko garaia da»; izan ere, «genozidioaren amaiera ez dute ekarriko nazioarteko komunitateari egiten zaizkion eskaera inpotenteek, Espainiako eta Frantziako Gobernuen eta bere sostengu diren alderdien keinu hutsalek, ezta agintarien adierazpen hipokritek ere».

Deitoratu dutenez, palestinarren egoera «izugarri» larriagotu da azken bi urteotan, batik bat Gazan, baina «ezin dugu ahaztu» Zisjordaniako palestinarren egoera, «Israel lurralde osoa anexionatzeko prozesuan aurrerapausoak ematen ari baita, iparraldea eta hegoaldea bereiziko duten koloniak eraikiz».

Euskal Herritik «zeregin nagusiak» bi direla azaldu dute. Batetik, palestinar erresistentziaren defentsa. Izan ere, «bere erresistentziarengatik ez balitz, proiektu sionista sortu eta mende bat beranduago, palestinar herria aspaldi legoke desagertua».

Gaineratu dutenez, «palestinar herriaren borroka gurea ere bada», «esplotatzen gaituzten» enpresarien negozioetan, «lapurtzen eta etxegabetzen gaituzten» banketxeen irabazietan eta «erreprimitzen gaituzten» poliziak armatu eta entrenatzeko.

«Zer egin dute Euskal Herriko, Espainiako eta Europako agintariek sarraski honen aurrean? Palestinar erresistentzia eta Palestinaren aldeko elkartasuna kriminalizatzea eta zigortzea, batzuek beste batzuek baino gehiago. Baina ez al dute ezer egin Israelen basakeriaren aurrean? Adierazpenak besterik ez. Adierazpen horiek, ordea, ez dute auziaren erroaren irtenbidea bilatzen, ezta genozidioa atzeratzea ere. Adierazpen horien helburua Israel eragiten ari den sarraskiaren ardura gainetik kentzea da, eta Israelen zilegitasun galerak euren estatuen zilegitasunari ez eragitea», laburbildu dute.