Agintaldiaren azken itzalak
‘LA GRAZIA’
Italia, 2025. 133’. Zuzendaritza eta gidoia: Paolo Sorrentino. Aktoreak: Toni Servillo, Anna Ferzetti, Orlando Cinque, Massimo Venturiello. Argazkia: Daria D'Antonio.

Mariano De Santis (Toni Servillo) bere agintaldiaren azken txanpan dagoen Italiako Errepublikako presidentea da: alarguna, katolikoa eta jurista. Karguaren amaierak bi erabaki erabakigarri jartzen dizkio aurrez aurre: alde batetik, eutanasiaren legea onartu ala ez erabaki behar du; bestetik, espetxean zigorra betetzen ari diren bi presoren indultuak aztertu. Politikan hartu beharreko erabaki horiek guztiek presio eta erantzukizun handia dakarkioten arren, bere barne gatazkarik sakonena ez dago bulegoetan, baizik eta bere bizitza pribatuan: hildako emaztearen oroitzapena eta inoiz itxi ez zen iraganeko zauri bat.
Sorrentinok, protagonista nagusia, politikoaren eta pertsonalaren arteko bidegurutzean kokatzen du. Filmak boterearen izaeraz eta haren mugaz hausnartzen du, baita justizia legalaren eta justizia moralaren arteko tentsioaz ere.
Alderdi formalari dagokionez, Sorrentinok, soiltasunaren aldeko hautua egiten du, bere aurreko filmen ukitu barroko, estilizatu eta ikusgarritasunetik urrunduz. Hemen planoak eta sekuentziak neurritsuagoak dira, baina ez dute indar narratibo gutxiagorik: espazio ofizialen monumentaltasunak protagonista bakartiaren irudia txikiagotzen du, korridore amaigabeen eta zeremonia hotzen erdian isolatua agertzen denean. Musika elektronikoak, berriz, kontrapuntu gisa jokatzen du: tonu solemneari ustekabeko ñabardura modernoak eransten dizkio, eta horrela azpimarratzen du mundu publikoaren eta pribatuaren arteko arrakala.
Tonua beti izaten da oso adierazgarria zinegile italiarren filmetan. Aurretik, politikari ezagunak erretratatu ditu, hala nola Giulio Andreotti (‘Il Divo’) eta Silvio Berlusconi (‘Silvio’), eta film haietan satira erabili zuen tresna nagusitzat: umore zitatzailea, ironia eta iseka tonua baliatuz, pertsonaien itzalak eta gehiegikeriak agerian utzi zituen. ‘La Grazia’-n, ordea, kontrako bidea hartzen du. Hemen ez dago karikaturarik, ezta satiraren ariketa zorrotz hura ere; aitzitik, Sorrentinok omenaldi bat egiten die politikari zintzoei, beren herriaz eta komunitateaz benetan arduratzen direnei. Umorearen arrastoa agertzen bada ere, emaitza tonu serioago eta sakonagoa duen filma da, gizatasunaren eta ardura publikoaren aldeko aldarri bihurtzen dena.
Barkaezina litzateke kritika honi amaiera ematea Toni Servilloren lana aipatu gabe utziko banu: ohikoa den bezala, magnetismo bereziz jokatzen du eta, beste behin ere, aktore itzela dela frogatu. Bereziki gozagarriak dira Milvia Mariglianok hezurmamitzen duen Coco Valori pertsonaiarekin partekatzen dituen elkarrizketak eta uneak, umorea eta samurtasuna uztartzen dituztenak.
SorrentinoK bere burua berrasmatzeko gai den zinemagilea dela berresten du: apaindura eta ikusgarritasun gutxiago aurkezten ditu oraingoan, baina etika eta gizatasunaren inguruko gogoeta sakonagoa eta, aldi berean, hunkigarriagoa eskaintzen du.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

