Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

EAJ: «Donostian kalekoentzako afariak behar dira EH Bilduk herrietan ez duelako ezer egiten»

Donostian kalean bizi direnen eta afaria behar dutenen kopurua haztearen arrazoietako bat inguruko herrietan EH Bilduk ez duela zerbitzurik eskaintzen da. Horrela adierazi du EAJko Maria Jesus Idoatek EH Bilduk Kaleko Afari Solidarioen lana txalotzeko aurkeztu duen mozioaren eztabaidan.

KASen aldeko mobilizazio bat 2024ko urrian.
KASen aldeko mobilizazio bat 2024ko urrian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pandemia garaian Kaleko Afari Solidarioak (KAS) ekimena sortu zenetik bost urte bete direnean talde honek egindako lanaren garrantzia onartzea eta Donostiako Udalak berarekin elkarlanean aritzeko eskatzen duen mozioa aurkeztu du ostegun honetan EH Bilduk Udalbatzarrean.

Proposamenak Elkarrekin Donostiaren sostengua jaso du, baina EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatu dute eta, ondorioz, ez da onartu. Eztabaidan kalean bizi direnen eta afaria behar dutenen kopurua Donostian haztearen arrazoietako bat EH Bilduk gobernatzen dituen inguruko herrietan arretarik eskaintzen ez dela esan du Gizarte zerbitzuetako arduraduna den EAJko Maria Jesus Idoatek.

Izar Hernandok (EH Bildu) nabarmendu duenez, KAS duela bost urte sortu zen Udalak zuen hutsunea betetzeko asmoarekin. Honekin batera, ekimena behinbehinekoa izateko nahiarekin jaio zela gogoratu du. Urte hauetan, ordea, egoerak okerrera egin du eta etxerik gabeko kopurua hazi egin da Donostian. Lehen 180 inguru baziren, orain 400 baino gehiago dira.

Gauzak horrela, KASek gauero 200 afari banatzen dituela gogoratu du Hernandok, egunean egiten duten otordu bakarra delarik. Udalaren zerbitzuek 270 otordu banatzen dituzte, dagoen beharrari erantzuteko gutxi, EH Bilduren zinegotziaren arabera.

Horregatik, Udalak zerbitzu hauek indartzeko eskatu dio Hernandok, KASekin elkarlana abiatzeko beharra nabarmenduz. Egun erakundeek egiten ez duten lana boluntarioek egiten dutela gaineratu du.

Elkarrekin Donostiaren sostengua

Diagnosi honekin bat etorri da Elkarrekin Donostiako Arantxa Gonzalez. «KASek izugarrizko balioa du. Pertsona askok egunean otordu bat izatea lortzen dute», adierazi du.

Behar honi ezin zaiola soilik bolondresen lanarekin erantzun gaineratu du Gonzalezek, Udalaren errekurtsoak handitu behar direla gaineratuz. «KASek afariak banatzeari uzten badio, ez dakigu nora joan beharko dute pertsona hauek otorduaren bila. Udaletxearen atarira?», galdetu du.

Vanesa Velezek (PP) KASen kontra egin du

PPko Vanesa Velezentzat, berriz, zerbitzurik eskaintzen ez duten inguruko herrietatik etxerik gabeko pertsonak Donostiara joaten dira. «Donostiak besteek egiten ez dutena bere gain hartu behar du», esan du.

Honekin batera, KASek elkarlanerako borondaterik ez duela bota du. Honekin batera, segurtasun eta garbiketa baldintzak betetzen ez dituela eta Egiara itzuli direla egotzi dio ekimen solidarioari. Velez KASen kontra eskuin muturrak deitu zuen manifestazioetan izan zen

PSEko Iñigo Garciarentzat eskertzekoa da larrialdi garaietan KASek egindako lana baina etxerik gabekoen arreta Udalaren ardura dela gaineratu du. «Ezin da ordezkatu», esan du.

EAJ: «KAS ez dago prest Udalarekin lan egiteko»

«KAS ez dago prest Udalarekin lan egiteko», bota du Gizarte Zerbitzuetako arduraduna den EAJko Maria Jesus Idoatek. Ekimen honek ez duela eredu asistentzialista integralik eta bazkaria ematea ez dela nahikoa gaineratu du. «Inklusiorako ibilbide pertsonalak behar dira. Elikadura aspektu bat da, baina ez bakarra. Premiazko beste alor batzuk ere behar dira», adierazi du.

Udalak alor honetara milioi bat euro bideratzen duela eta aurten ematen diren otorduen kopurua igo dutela gaineratu du. Honekin batera, KAS ez dela legez osaturiko elkartea eta, ondorioz, ezin zaiola diru publikorik eman esan du.

Idoatek Donostia inguruan EH Bilduk gobernatzen dituen herrietan ez diotela behar honi erantzuten gaineratu du. «Inguruko herriek betebeharrak beteko balituzkete Donostia ez zen egongo dagoen bezala. Arratsaldetan Topoa hartzea nahikoa da hori ikusteko», adierazi du.

«Donostiarrek ordaindu dezatela eskatzen duzue, EH Bilduk gobernatzen dituen udalerrietan ezer egiten ez dutenean», egotzi dio talde abertzaleari.

«Erakartze dei argia dago. Kostaldeko herri bateko agintariek Donostiara etortzeko tiketak banatzen dituztela esan didate», esan du Idoatek.