«Euskal Herrian historiak ahaztutako pertsonaia asko daude, zoritxarrez»
Euskal zinema momentu onean dagoela uste du Joseba Usabiagak (1981, Tolosa). Aurtengoan Zinemira sailean ikusi daitekeen ‘Ombuaren itzala’ filmeko protagonista den Pedro Mari Otaño berpiztu du. Baliabide asko dituzten filmetatik harago, hamaika istorio interesgarri daudela ikusteko egin du aldarri.

Auzolanean ondu du Patxi Bisquert zinema zuzendariaren taldeak ‘Ombuaren itzala’ filma, helburu argi batekin: Pedro Mari Otaño bertsolaria berpiztu eta datozen belaunaldiei zein izan zen erakustea. Joseba Usabiaga arduratu da Otaño gorpuztu eta berpizteaz, garaiaren eta bertsolariaren erretratu findu eta landua eskaintzen du filmak. Aurrez lagundu duten herrietan aurkeztu bada ere, ostegun honetan proiektatuko dute Zinemaldiko pantaila handian, Zinemira sailean.
Aspaldi hasi zen Bisquert zuzendaria film honetan lanean. Heldu da pantailara, nolakoa izan da ibilbidea?
Hasi ginenetik denbora asko pasa da, Patxi nirekin harremanetan jarri zen ea egin nahiko nukeen Otañorena. Datak zehaztu eta Argentinara joan ginen lehendabizi hamar egunez, eta gero beste hainbat hilabetez Euskal Herrian grabatu genuen, hori jada duela urte eta erdi izan zen. Auzolanean parte hartutako herrietan bota da, eta orain, beste baldintza batzuetan abiatuko du aretoetako bidea.
Argentinako esperientzia zer nolakoa izan zen?
Ona, Euskal Herritik jende gutxi joan ginen Argentinara, bost bat lagun; han bertako jendearekin egin genuen lan. Mimoz egindako produkzio txiki bat da, baliabide asko gabe baina oso lan txukuna eta duina atera zen.
Zuen helburuetako bat bazen Pedro Mari Otañoren berri ematea, ikus-entzunezkoak izan daitezke transmisio horretarako bide?
Guk Pedro Mari Otaño ez genuen ezagutu, duela ehun urte hil zen, eta bere irudi oso gutxi daude; fisikoki nola zen badakigu, baina bere izaera esaterako oso zaila zen zehaztea, Lazkao Txiki edo Txirrita nolakoak ziren definitzea errazagoa da, baina Pedro Mari Otañoren garaia ez dago iruditan, bere bertsorik ez dago grabatuta.
Bera izan zen bere bertsoak idatziz jaso zituen lehen bertsolaria, bertso paperak idazten, oso bertsolari kultoa zen, garai horretan gutxi ziren halakoak. Gainera asmarekin eta eztarrian arazoak zituenez plazan kantatzeko, erabaki zuen idaztea. Nik uste dut Patxik irudi hori hartu nahi izan duela, nola bertso munduan pionero bat izan zen, berak bere bertsoak idatzi zituelako abesten ditugu gaur egun asko, eta istorio hori isaltu nahi izan du zuzendariak.
Otañoren audiorik ez dago, baina filmean dexente kantatzea egokitu zaizu, nolako izan da prestaketa?
Zuzendariarekin eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariarekin batera (hau ere filmean ageri da) landu nuen, zein melodi, zein tono eta zein ahoskera zehaztu zizkidaten.
Zuk lehenagotik ezagutzen al zenuen Otaño edo bidean deskubritu duzu?
Ni ere deskubritzen joan naiz, banekien Zizurkilen eskolak eta plazak bere izena dutela, baina zehazki nor zen eta zein ibilbide egin zuen ez nekien, zergatik joan zen Argentinara, zergatik itzuli zen… Hori dena bidean ezagutu dut, eta ni bezela jende askok. Tolosarra naiz eta Tolosa inguruan ere jende gutxik daki zehazki Pedro Mariren bizitza. Askotan hori gertatzen da, plaza batek izen bat du, baina ez dugu jakiten zein zen pertsona hori. Euskal Herrian zehar pertsonaia asko daude zoritxarrez ahaztu egiten direnak historian zehar.
Euskal Herriko garaiaren erretratua ageri da, tartean kulturgileen egoera prekarioa, zeina oraingo egoerarekin ere konparatu eta hausnarketarako eman dezakeen…
Emango du hausnarketarako, Otañok gauza asko, eta gehienak, debalde egiten zituen, auzolanean: batek eskatu eta berak egin, dirurik ez zuen eskatzen, umila zen… Eta euskal kulturan hori asko praktikatu izan da, gauzak aldatzen ari dira, eta jada jendea kontziente da gauzak duintasunez ordaindu behar direla. Gu lanean ari gara, gauza asko debalde egiten ditugu gustoz, baina ordaindu behar denean ordaindu egin behar da. Urtez urte hobetzen ari gara horretaz eta kontziente gara horretaz.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da



