
‘Nuremberg’. Filmaren izenburuak berak kokatzen gaitu errealitatean, kasu honetan Bigarren Mundu Gerraren ostean nazien aurka egindako epaiketetan, Nurembergen. Epaiketa etengabe filmaren atmosferan presente badago ere, amaiera aldera iristen da, eta istorioa batez ere bi pertsonaietan oinarritzen da. Douglas Kelley (Rami Malek) psikiatra preso dauden nazien osasun mentala ebaluatzeko iritsi da bertara, gerra krimenengatik epaitu daitezkeen edo ez erabakitzeko, hori protagonistetako bat. Eta bigarrena, Hitlerren eskuineko eskua izandako Hermann Goring (Russell Crowe).
Bi pertsonaia nagusien arteko harremana ardatz hartuta, garaiko giroa –tartean artxiboko irudi gogorrak–, konfiantzaren eta mesfidantzaren arteko marra, eta batez ere, botere gosea lantzen ditu filmak. Bi ordu eta erdi irauten du James Vanderbilt gidoilari eta zuzendariak Sail Ofizialean aurkeztutako pelikulak. ‘Nazia eta psikiatra’ liburuan oinarritutako filma da, eta gidoilariak liburuaren zazpi orri irakurri bezala iruditu zitzaion film batera eramateko istorioa zela, horixe bere helburua, gertatutakoa kontatzea.
Luze iraun dute txaloek filmaren amaieran, eta zuzendaria izan da ondoren prentsa aretoko galderei erantzuten. 13 urte igaro dira Vanderbilt gidoia idazten hasi zenetik pantaila handira eraman duen arte. «Psikiatraren auziak asko erakarri ninduen, gaizkiaren izatea zein den aztertzea, hori lantzea erakargarria eta beharrezkoa iruditzen zait», azaldu du.
Aktoreek egindako lana txalotu du hedabideen artean; guztiak asko «inplikatu» zirela zehaztu du eta adibide zehatzak kontatu ditu: Crowe Alemaniara joan zen lekua ezagutuz hobeto ulertzeko asmoz, Malekekin orduak eta orduak igaro ditu eszena bakoitza xehatzen...
Benetako epaiketa
Filmeko eszenarik esanguratsuena, bere ustez, kontzentrazio esparruetako irudiak dira, epaiketaren bitartean bota zirenak, eta berak ere filmean zati bat sartzea erabaki zuen; izan ere, benetako irudiak dira eta zuzendariaren esanetan «inflexio puntu» bat izan zen hori; «mundu guztiak ikusi baitzuen naziek egindakoa».
Iraganari begirako film bat ondu du, eta kazetarien galderei erantzunez, ohartarazi du historia ez dela «bata bestearen aurka» ulertu behar: «Iragana ulertu eta bisitatu egin behar da, eta biziberritu, bizirik egon dadila. Hori da niri erakartzen didana, nola ukitzen duzun jendea».
Filmaketako eszena gogorrena, bestalde, aipaturiko kontzentrazio esparruetako irudiak epaitegian zituztenekoa dela aitortu du, irudi horiek publikoak badira ere, aktoreei eskatu zien ez zitzatela ikusi, eta lehenengo aldiz grabaketan bertan ikusi zituzten. Une gogoangarriak ere bizi izan zituen filmaketan, besteak beste, Croweren eta Michael Shannonen elkarrizketa epaitegi gelan. 25 minitu luze grabatu zituzten inolako etenik gabe, «gidoian zeuden 20 orrialdeak zuzenean», kontatu du miresmenez, eta gaineratu du eszena horrek indar berezia hartzen duela benetako epaiketako transkripzioak direlako.
«Galderak egiten dituen filmak egitea gustatzen zait, eta beharbada erantzunik ematen ez dutenak», esanez amaitu du agerraldia zuzendariak.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


