Aktualitateko erredaktorea

Reala eta Athletic, Europa mailan etxeko jokalari gehien erabiltzen dituzten taldeak

CIES futbol behatokiaren arabera, sasoi berri honetan, zuri-gorriak eta txuri-urdinak izan dira etxeko jokalarien aldeko apostu sendoena egin duten bi taldeak. Zubietaren eta Lezamaren lan aparta aitortu dute CIES-etik.

Realeko eta Athleticeko jokalariak alboko sake batean pasa den sasoiko derbian San Mamesen.
Realeko eta Athleticeko jokalariak alboko sake batean pasa den sasoiko derbian San Mamesen. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldi berriaren hasieran murgilduta daude Athletic eta Reala. Zuri-gorriak Txapeldunen Ligan estreinatu dira dagoeneko; izan ere, 11 urteren ondoren itzuli dira Europako maila gorenera. Haatik, joan den sasoian, bizkaitarrak zein gipuzkoarrak Europako Ligan lehiatu ziren. Hori ez litzateke posible izango, Lezamako eta Zubietako eguneroko lan itzela barik.

Ildo horretan, Kirola Ikertzeko Nazioarteko Zentroak (CIES) estatistika berri bat argitaratu du, non, ikus daiteke Europako futbol taldeek harrobiko jokalariei eskaintzen dieten minutu kopurua.

Estatistika horren arabera, Europako zortzi txapelketa nagusien artean, Reala eta Athletic dira etxeko jokalari gehien erabiltzen dituzten taldeak. Donostiarrak lehenengo postuan ageri dira, hain zuzen ere; denboraldi berri honetako minutuen %49,5 harrobiko jokalariekin jokatu dituzte. Bilbotarren kasuan, ordea, minutuen %46,3 Lezaman hazitako jokalariekin lehiatu dira. Bigarren postuan dago Athletic.

Sailkapena aztertuz, honako talde hauek agertzen dira talde euskaldunen atzetik: 3. postuan, AZ Alkmaar (Herbehereak); 4. postuan, Celta (Galizia); 5. postua, Ajax (Herbehereak); 6. postuan, Brugge (Flandria); 7. postuan, Groningen (Herbehereak); 8. postuan, Anderlecht (Belgika); 9. postuan, Espanyol (Herrialde Katalanak) eta 10. postuan, Toulouse (frantziar Estatua).

Azken norgehiagoka aztertuz, Athletic etxeko zazpi jokalarirekin zelairatu zen: Unai Simon, Laporte, Paredes, Jauregizar, Sancet, Iñaki Williams eta Nico Serrano. 

Realaren kasuan, Zubietako lau jokalarirekin zelairatu zen: Zubeldia, Gorrotxategi, Barrenetxea eta Oyarzabal. Bigarren zatian, harrobiko Turrientes, Aihen eta Pablo Marin zelairatu zituen Sergio Franciscok.