80ko hamarkadako euskal film klasikoen itzalak argitzen
Iazko edizioan ‘Tasio’ zaharberritu ostean, Euskadiko Filmategiak beste euskal film klasiko batzuk berreskuratzeko ekimenari jarraipena eman dio. Aurtengoan ‘Zergatik panpox’ , ‘Hamaseigarrenean aidanez’, ‘Ehun metro’ eta ‘Oraingoz izen gabe’ aukeratu dituzte.

Euskadiko Filmategiak Boloniako L'Immagine Ritrovata laborategian zaharberritu zuen filmaren bertsioarekin ospatu zuen iaz Montxo Armendarizek ‘Tasio’- ren 40. urteurrena. Filma, besteak beste, Cannes, Bolonia, Donostia eta Lyongo zine-jaialdietan proiektatu zen. Lan honek inflexio-puntu bat ezarri zuen euskal ikus-entzunezko ondarea kontserbatzeko lanean.
Horrez gain, Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio Sailak iaz burutu zuen bere lehen zaharberritze proiektu propioa. Proiektuan, Armendarizek 1981ean zuzendutako ‘Nafarrako ikazkinak’ dokumentala zaharberritu zuten, Spinner S eskanerrarekin lan eginda. Filmategiak 2023aren amaieran eskuratu zuen MWA enpresa alemaniarraren lanabes aurreratu hori, lehiaketa publikoaren bidez eta Jaurlaritzaren finantzaketa lagun.
Aurtengoan, Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren testuinguruan, ‘Zergatik panpox’ (Xabier Elorriaga, 1985), ‘Hamaseigarrenean aidanez” (Anjel Lertxundi, 1985), ‘Ehun metro’ (Alfonso Ungría, 1985) eta ‘Oraingoz izen gabe’ (José Julián Bakedano, 1986) film-ertainak aukeratu dituzte.
1980ko hamarkadan, Jaurlaritzako Kultura Sailak 100 milioi pezetako aurrekontua bideratu zuen film horiek sortzeko, eta Irati filma ekoiztetxearen bidez gauzatu ziren. Orain, 40 urte geroago, film horiei hautsa kendu, tiraderatik atera eta 80.000 euroko aurrekontua bideratu du Jaurlaritzak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egindako zaharberritze prozesurako, EiTBrekin batera eta Donostia Zinemaldiaren lankidetzarekin.
Testuingurua eta izaera literarioa
1985a urte garrantzitsua izan zen euskal zinemagintzarentzat, ‘Zergatik panpox’, ‘Hamaseigarrenean aidanez’ eta ‘Ehun metro’ filmak estreinatu zirelako; Juanba Berasategiren ‘Kalabaza Tripontzia’ ere urte berekoa da. Filmak, hurrenez hurren, Arantxa Urretabizkaiaren, Ramon Saizarbitoriaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta daude. Baina ez zen batere erraza izan film horiek sortzea, eta batez ere, hauek egiteko dirua lortzea.
Josu Martinezek, EHUko irakaslea eta ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, ‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ liburuan honakoa jaso zuen: «1985eko uda. Prentsaurreko bat Orion. Han ziren gobernu autonomoko eledunak, euskal idazle jendea, eta ekoizle vasco ezagunena. Ponpa handiz, proiektu xarmanta iragarri zuen: hurrengo hilabeteetan euskarazko sei film ekoitziko ziren. Eusko Jaurlaritzak osoki finantzatuta. Lehena Andu Lertxundiren ‘Hamaseigarrenean aidanez’. Prentsa erdalduneko kazetariek ez zituzten ezagutzen aurretik irudiz eta euskaraz egindako lanak, eta gertakari historikotzat jo zuten berria: ‘Primera pelicula en euskera’ zioten».
Laster agertuko zitzaizkien ñabardurak titular arranditsuei. Seiren ordez, hiru film. Filmak baino, erdi-filmak. Film ertainak. 50 minutu bakoitzak. ETBn emititzeko. Euskara ez zen, nonbait, luze bat osatzeko bezain hizkuntza heldua.
Ez zirudien sustatzaileek alimaleko fedea zutenik proiektuan. Prentsaurrekoan bertan eman zuten abisua: «Esta serie tiene un carácter experimental y en caso de no alcanzar los resultados esperados nos limitaremos a abordar, al menos de momento, experiencias mas sencillas».
Azkenean, ‘Zergatik panpox’, ‘Hamaseigarrenean aidanez’ eta ‘Ehun metro’ ekoitzi egin ziren. Hirurak segidan filmatu ziren, bata bestearen atzetik, sos gutxi zegoenez, talde tekniko berdina baliatzeko.
Urtebete beranduago, beste film ertain bat ere estreinatu zen: Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako ‘Oraingoz izen gabe’. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zen. Independentea, anbiziotsua, estetikoki landua, ausarta eta hizkuntzaren tratamenduan bide-urratzailea. Beste hirurak bezala, literatura izan zuen oinarri; gidoia Bakedano eta Bernardo Atxagaren artean idatzi zuten, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta.
Zaharberritze prozesua
Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategiak garai eta herrialde desberdinetako film ugari zaharberritu ditu. Zaharberrikuntza horiek Bolonian urtero egiten den Il Cinema Ritrovato jaialdian aurkezten dira, zinema zaharberrituari eskainitako ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Zinemaldiak plaza oso garrantzitsua eskaintzen die zinemazaleei zein zinemako profesionalei, bestela gal zitezkeen film zaharberrituez gozatzeko aukera izan dezaten. Laborategiak berreskuratu dituen filmen artean ezagunena akaso Luis Buñuel-en ‘Belle de Jour’ izan liteke.
‘Oraingoz izen gabe’, ‘Ehun metro’, ‘Zergatik panpox’ eta ‘Hamaseigarrenean aidanez’ filmen zuzendariak –Xabier Elorriaga, Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano– Boloniara bidaiatu zuten uztailean, zaharberritze-lanak gainbegiratzeko.
Estatu espainoleko Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta zeuden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabili dituzte zereginerako. Ondoko prozedura jarraitu dute: lehenik, material fotokimikoa garbitu egin da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerrarazi dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzendu dira. Abuztuan amaitu zituzten lanak, eta Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Jaurlaritzaren babespean gauzatu ziren.
Zaharberritzean parte hartzeaz gain, EITBk pelikulen errehabilitazio prozesua jasoko du ‘Itzalak Argitzen’ dokumentalean (Berde Produkzioak eta Koldo Almandoz). Dokumentalean istorioen benetako eta fikziozko espazioak agertuko dira eta zaharberritze prozesua nolakoa den ikusiko da Filmategiko arduradunen eskutik.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

