Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

86 urterekin, Carlos Soriak Manaslu mendia (8.163 m) igo du

Euskal Herrian goizeko ordu biak zirenean, alpinista madrildarrak munduko zortzigarren mendi garaienaren gailurra zapaldu du. Adinean oso aurreratua egoteaz gain, kontuan hartu behar da belaunean protesi bat duela. Soriak adierazi du amets bat egia bihurtu duela.

Carlos Soria madrildarrak Manaslu gaur igo du 86 urterekin.
Carlos Soria madrildarrak Manaslu gaur igo du 86 urterekin. (Luis Miguel Soriano. Aio)

Carlos Soriaren izena aipatu eta berehala zortzimilakoekin gogoratzen gara. Eta ez da harritzekoa; izan ere, hamabi igo ditu. Horietako bat, gainera, bitan. Manasluri buruz ari gara. Hain zuzen ere, gaur bertan 8.163 metroko garaiera duen mendi horren tontorra zapaldu du.

Madrilgo Peñalara mendi elkarteko gure lagunek behin baino gehiagotan alpinista honi buruz hitz egin digute; Soria elkarte horretako bazkidea da. Eta nola mintzatu ere: «Batzuetan hitzak bukatzen zaizkigu Carlosen inguruan aipamenak egiten ditugunean. Hurbilekook bikain ezagutzen dugu mendiekin duen lotura. Zortzimilakoetan gauza ederrak egin ditu, baina alpinismo teknikoan ere jarduera oso interesgarriak sinatu ditu. Egundoko motibazio du, eta Manasluko igoera horrekin erakutsi du izaera berezia duela. Izan ere, Carlosek beste estadio batean jarri du bere burua. Eta hori diogu 86 urterekin gai izan delako Manaslu igotzeko».

Soriaren adina aipatzea ezinbestekoa da. Zaila egiten da barneratzea 86 urterekin izaera eta nortasun handiko eskalada bat egitea. Eta hori alpinista madrildarrak erdietsi du. Hori gutxi ez, eta gorputzaren atal guztiak ez ditu erabat zuzen. Adibidez, belaunean protesi bat du. Baina irakurtzen den bezala, hori ez da oztopo izan Manaslun arrakasta izateko. Beti erakutsi duen bezala, sasoi ikaragarria du.

Dagoeneko, hamabi zortzimilako ditu; horietako bat, igo berri duen Manaslu, bitan eskalatu du. Lehena 2010.ean 71 urterekin. Helburu hori bete du, baina badu bat zintzilik duena: hamalauen zerrenda biribildu. Ez dakigu erronka horrekin aurrera jarraituko duen (oso zaila egiten ari zaio babesleak lortzea), baina lortzen badu «errekor» batekin egingo litzateke. Betiere, adinaren kontua irizpide bezala hartzen badugu.

Adina eta osasun kontuak alde batera utzita, aurreratu behar dugu protagonista honek arazo handiak izan dituela espedizioa aurrera atera ahal izateko. Babesleen bila gogor aritu da, baina ate asko itxi dizkiote. Ziur aski bere adina aitzakia hartuta. Halere, oztopo horiek guztiak gainditu, Nepalera bidaiatu eta bere helburua lortu du.

Soriak aurreratu du, amets bat egia bihurtzeaz gain, oso pozik dagoela 1975ean parte hartu zuen Manasluko espedizioaren 50. urteurrena igoera horrekin ospatu duelako.

Ikaragarria

Azken urteotako espedizioetan ez bezala, azken honetan izan duen prozesua «samurra» izan da. Horrekin esan nahi dugu ez duela ezustekorik izan girora egokitzeko fasean zein igoera osoan. Joan den asteartean, adibidez, telebista saio batekin zuzeneko hartu-emana izan zuen. Bigarren kanpalekuan zegoen atseden hartzen, eta Soriari oso ondo ikusi zitzaion. Oso motibatua ere.

Bestalde, esan behar dugu tontor eguna oso-oso luzea izan dela. Atzo, ostegunean, hirugarren kanpalekutik (7.000 m) irten zen Luis Miguel Soriano kidearekin eta Nima eta Phurba Xerpak langileekin. Hurrengo “geldialdia” laugarren kanpalekua (7.400 m) zen, baina Soriaren berriemaileek adierazi dute han geratu ordez tontorrera jarraitu dutela: «Baldintza egokiak zituzten, eta, gainera, Carlos indartsu, oso motibatua eta energia askorekin zegoen».

Pixkaka-pixkaka, urratsez urrats, Soriak gaur, ostirala, Euskal Herrian goizeko ordu biak zirenean, Manasluko tontorra zapaldu du. Momentuz, ez dago ia berri gehiagorik. Kanpaleku nagusian dauden kideek aurreratu dute igoera oso luzea eta gogorra izan dela, baina, nekea alde batera utzita, ondo dagoela: «Esan digute jaitsieraren zatirik nahasiena atzean utzi dutela. Bigarren kanpalekura heltzea da haien asmoa».