Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

Plataforma handien garaian, herrigintzatik sortutako zinema

‘OMBUAREN ITZALA’
Euskal Herria, 2025. 115’. Zuzendaritza eta gidoia: Patxi Bisquert. Aktoreak: Joseba Usabiaga, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Maia O'Brien, Ramon Agirre, Klara Badiola. Musika: Koldo Uriarte. Argazkia: Javier Bilbao.

‘Ombuaren itzala’ filmaren fotograma.
‘Ombuaren itzala’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Iaz Zizurkilen, –Patxi Bisquert filmaren zuzendariaren eta Pello Mari Otaño protagonistaren jaioterrian– estreinatu zenetik, bidea egiten jarraitzen du ‘Ombuaren itzala’ Pello Mari Otaño olerkari eta bertsolariari buruzko filmak; oraingoan Donostia Zinemaldiko Zinemira Sailean lurreratu da.

Filmaren hasieran, Joseba Macias eta Juanba Berasategiren omenezko ‘In memoriam’ ageri da pantailan, eta ondoren hasten da kontakizuna. Egunsentia, larre bat ardiz beteta, eta segituan Pello Mari Otaño (Joseba Usabiaga) zaldi gainean abesten ikusten dugu. Minutu gutxira ohartzen gara Argentinan dagoela, ez Euskal Herrian. Izan ere, poeta eta bertsolariak zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako ihes egin zuen hara lehen aldiz. Filma 1889tik 1910era arte dago girotuta, Otañoren urte emankorrenak izan baitziren.

33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa –liberal errepublikano eta foruzalea– mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin.

Filmaren nondik norakoak aletu aurretik, Eguzki Art ekoiztetxekoen hitz hauek nabarmendu nahiko nituzke: «Sinetsita gaude proiektua aurrera atera daitekeela euskaldungoaren laguntzari esker. Horrela izan zen Otañoren garaian; berdin gertatu zen iragan mendeko 60ko hamarkadako berpizkunde kulturalean; eta halaxe jarraitzen dugu gaur egun ere. Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe».

Zinemagintzan ohikoa ez den proiektua da hau, auzolan bidez gauzatu baita: Euskal Herriko ehundik gora udal, kultura-elkarte, ikastola, institutu, eskola publiko eta tokiko hedabidek esku hartu dute ekoizpenean. 

Datu hau ezinbestekoa da proiektuaren izaera ulertzeko eta, batez ere, behar bezala aztertzeko. Ezinezkoa litzateke pelikula ikuspegi zinematografiko zorrotz hutsetatik aztertzea; ezinezkoa eta, gainera, bidegabea. Distantziak salbu eta erabat desberdinak diren arren, Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ lan ederrak zuen izaera sumatu diot.

Filmak baditu oso ongi funtzionatzen ez duten une jakin batzuk: une melodramatikoegiak, artifizialtasun puntu bat duten zenbait eszena, eta oro har, «hasiberri» kutsua darion pasarteak ditu. Baina horrek ez du garrantzi handirik, filmak bere asmoa eta helburua guztiz betetzen duelako: Pello Mari Otañoren bizitza ezagutaraztea eta omentzea. Proiektuak duen izana eta izaera bete-betean iristen zaizkio ikusleari, eta hala iristen da, baita ere, atzean dagoen maitasuna eta lana.

Xede hori, hein handi batean, aktoreek gauzatzen dute. Joseba Usabiaga da protagonista nagusia, eta bera sartu da Otañoren azalean; aitzakiarik ez, ezin gehiago eskatu tlosarrari. Usabiagarekin batera aktore zerrenda aparta da: Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Maia O'Brien, Ramon Agirre, Klara Badiola eta Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak

Akaso, aurrekontu eta baliabide handiagoekin, eta erakunde zein enpresa handien babesarekin, zerbait hobea egin zitekeen? Agian bai. Baina zentzurik izango luke? Ezetz uste dut.

Pello Mari Otaño berpiztu eta belaunaldi berriengana heltzeko, Patxi Bisquertek ondoen egiten dakiena egin du: zinema. Baina ez edozein modutan; herrigintzatik sortutako zinema, herrigintzatik eraikitako proiektua gauzatu du. Plataforma handien eta estreinaldi arranditsuen garaian, txalogarria eta miresgarria da egindakoa.