Asier Aiestaran
Kazetaria

Aritz Juaneneak modu epikoan irabazi du Buruz Buruko bere lehen txapela

Saldiastarrak herrenka jokatu du ia final erdia, baina hala ere gai izan da bere hasiera bikainari jarraipena eman eta azken txanpan neurketa 27-30 bereganatzeko. Endika Barrenetxea, aldiz, konfiantzarik gabe aritu da lehen pilotakadatik eta garesti ordaindu du azken txanpan.

Aritz Juanenea, pozez zoratzen, finala amaitu denean.
Aritz Juanenea, pozez zoratzen, finala amaitu denean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Aritz Juaneneak Buruz Buruko lehen txapela jantzi du gaur Galarretan Endika Barrenetxeari 27-30 nagusitu ostean. Saldiastarrak hasiera bikaina eman dio finalari, 7-14 aurreratuz, baina handik gutxira eskuin zangoan min hartu eta herrenka jokatu behar izan du neurketaren bigarren zati osoa. Hala ere, nafarra gai izan da bere aukerak baliatzeko eta azken txanpa ikusgarri batekin garaipena ospatu ahal izan du.

Endika Barrenetxeak, aldiz, ezin izan du bere hirugarren txapela jantzi eta Buruz Buruko finaletako bere balantzea apur bat itsusitu egin zaio, gaurkoa seigarren finala zuelako eta galdu duen laugarrena. Hasieratik oso deseroso aritu da sakearekin, bere arma garrantzitsuenarekin, eta bigarren erdian asko zuzendu den arren, hasierako galera oso garesti ordaindu du.

Endika, sakea sartu ezinik

Aritz Juaneneak edozein pilotarik sinatuko lukeen hasiera eman dio finalari. Aurreneko bi tantoak sakez egin ditu nafarrak eta Barrenetxeak galdutako pilota batekin 0-3 aurretik ekin dio demari. Endika ere garaiz esnatu da, eta partidako lehen bi tanto gogorrak bere alde erori dira, 2-3 gerturatuz.

Baina atzelari hernaniarrari hasieratik ikusi zaio sakearekin asmatu ezinik zebilela, eta lehen oker handia hurrengo tantoan iritsi da, pasa bikoitz bat egin duenean.

Sakea alde batera utzita finalaren hasiera ederra izan da, bi pilotariek intentzio handiarekin mugitu dutelako pilota uneoro. Juaneneak horma-bikoz egin du 3-5ekoa, modu berean erantzun dio Barrenetxeak 4-5ekoa egiteko, 5-5eko lehen berdinketa hernaniarrak errebotean sartutako pilota on batekin iritsi da...

Baina Juanenearen 6-7koa Barrenetxearen beste falta bikoitz batekin etorri da, lehen sakea luzeegia eta bigarrena motzegia. Azken urteotako sakatzailerik handienaz ari garela kontuan izanda, alarma gorriak pizten hasi dira Galarretan, berari ere deseroso zegoela nabarmentzen zitzaiolako.

Aldiz, une horretan Juaneneak asko asmatu du sakearekin eta nafarrak tartea irekitzea lortu du markagailuan, atzean egindako tanto bati esker 7-14 aurreratu baita.

Juanenearen arazo fisikoak

Handik gutxira iritsi da Juanenearen lesioa, eta saldiastarra aldageletara sartu da 9-15ekoan. Denbora luzez egon da nafarra barruan, eta denbora horretan deigarria egin da Endika Barrenetxea kantxan sakeak entrenatzen ikustea.

Juanenea itzuli osteko tantoetan, gero eta nabarmenagoa zen eskuin zangoan arazo fisikoak zituela. Kantxan mugitzeko oso mugatuta ikusi zaio, eta apurka-apurka Barrenetxea nagusitzen joan da.

Ez dakigu atseden horretan neurria hartu duelako, edo aurkariaren ezinak ikusita apur bat lasaitu egin delako, kontua da Barrenetxea sakeari neurria hartzen joan dela, eta sakez hiru tanto jarraian eginda 13-15 gerturatu da markagailuan. Oraindik final gogor baten erdia falta zen, eta Juaneneari etorkizuna belzten ari zitzaiola zirudien.

Emozioz betetako borroka

Une horretatik aurrera emozioz betetako borroka bat hasi da. Ez horrenbeste fisikoa, Aritz Juaneneak ezin zuelako gehiegi estutu bere burua alde horretatik, baizik eta mentala. Juaneneak aukera txikiena baliatzen zuen arriskatu eta aurkariaren akatsa bilatzeko; Barrenetxeak lehen aldiz finala bere alde ikusi du, baina aurkariak ez zion uzten bere ohiko jokoa egiten.

Sakez egindako beste bi tantorekin –azkenean 6 egin ditu bakoitzak– 19-17 aurreratu da lehenik Barrenetxea, eta apur bat beranduago, horma-biko eder batekin, 20-18. Baina bere artista senari tiraka, Juaneneak 22-23 agintzera pasatzea lortu du oso atzetik jotako horma-biko batekin. Eta apur bat geroago, atzera jotako bi pilotakada bizirekin 23-25 ere bai.

Ordurako Galarretako giroa erabat berotua zegoen. Jende asko gerturatu da gaur Hernaniko pilotalekura, bertako ohiko zaletuez gain Nafarroa aldetik inguratutako asko ere bai, eta bi finalistek ez dute animo faltarik izan.

Azken txanpa horretan, emozioa erabatekoa izan zedin, lehenik Barrenetxea aurreratu da 27-26, Juanenearen huts bat baliatuz. Baina, ezustean, saldiastarrak bere azken artelana sinatu du eta lau tanto zein baino zein ederrago segidan eginez finala 27-30 itxi du.

Ikustekoa izan da Juanenearen emozioa eta ospakizuna kantxaren erdi-erdian jarrita, eta baita bere zaletuena ere harmailetan pozez zoratzen. Lehen txapela beti da berezia eta Juanenearen kasuan are gehiago, lan eta esfortzu asko kostatu zaiolako puntaren puntara iristea. Duela bi urte, bere lehen finalean lortu ez zuena, gaur lortu du. Bejondeiola.

FITXA

Partidaren iraupena: 71 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-12, 7-12, 7-14, 9-14, 9-15, 13-15, 13-16, 14-16, 14-17, 19-17, 19-18, 20-18, 20-20, 22-20, 22-24, 23-24, 23-25, 26-25, 26-26, 27-26 eta 27-30. Sakez eginak: 6 Barrenetxea IV.ak eta 6 Juaneneak. Faltak sakez: 2 Barrenetxea IV.ak eta 1 Juaneneak. Jokoan eginak: 13 Barrenetxea IV.ak eta 18 Juaneneak. Galdutakoak: 5 Barrenetxea IV.ak eta 6 Juaneneak. Gertaerak: Sarrera ona eta giro beroa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Lehen sakea urdin.