Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Erleak, estralurtarrak eta desinformazioa

‘BUGONIA’
Irlanda, 2025. 120’. Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoia: Will Tracy, Jang Joon-hwan. Aktoreak: Emma Stone, Jesse Plemons, Aidan Delbis, Stavros Halkias. Musika: Jerskin Fendrix. Argazkia: Robbie Ryan. 

‘Bugonia’ filmaren fotograma.
‘Bugonia’ filmaren fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Yorgos Lanthimos zinegilearen filmografia errusiar mendi baten antzekoa da: badaude ikusleak hipnotizatuta uzten dituzten filmak –‘The Favourite’ eta aurreko lanak–, baina beste batzuk gehiegikeriaren lokatzetan harrapatuta geratzen dira, ‘Poor Things’ edo ‘Kind of Kindness’, adibidez. Zuzendariaren lizentzia, gehiegikeria eta absurdukeriari eusten dioten ikusleek gozamen berezia aurkituko dute ‘Bugonia’ proposamen berrian. 

‘Bugonia’, 2023ko ‘Save the Green Planet!’ Hego Koreako filmaren egokitzapena, satira distopiko bat da, eta paranoiaren eta desinformazioaren errealitatean kokatzen gaitu, gizarte modernoaren zaurgarritasunak agerian jarriz. Istorioak Teddy (Jesse Plemons) erlezainaren obsesiozko bidaia jarraitzen du; Michelle (Emma Stone), CEO farmazeutiko boteretsua, bere erleak desagertzeaz eta ama hiltzearen erruduna dela uste du, eta, zorionez edo zoritxarrez, estralurtarra dela. Horrela, Lanthimosek irudimenezkoaren eta groteskoaren arteko kale estu batetik eramaten gaitu, non irribarreak eta dardarak elkarrekin dantzan egiten duten. Emma Stone-en eta, bereziki, Jesse Plemons-en antzezpenak bikainak dira. 

Kontakizun bitxi horren aitzakiaz, Lanthimosek tonu aztoragarri, zorrotz, gordin eta makabroa erabiltzen du, aro digitaleko deshumanizazioa, teoria konspiratzaileekiko obsesioa eta gizarte modernoan deskonexio emozionala modu zorrotzean agerian jartzeko. Filmak, beraz, izu eta barrearen artean doan esperientzia bat eskaintzen du. 

Ohikoa den moduan, Lanthimosek estetika bisual aberats, bizarro eta sarkorra darabil, baina oraingoan, aurreko bi filmetan ez bezala, narrazioaren zerbitzura jartzen du. Badu kutsu barrokoa, eta zenbait unetan Kubricken esentzia nabari da, baina zorionez aurreko lanetan erabiltzen zuen handinahikeriatik urrun kokatzen da. VistaVision teknologia baliatuz, giro kezkagarria indartzen duten irudi zirraragarriak sortu ditu, non koloreen konbinazioek eta eszenen konposizioek klaustrofobia eta tentsio etengabearen sentsazioa pizten duten. Irudi bakoitza ikuslearen burmuinean sartzen da, eta harridura etengabea eragiten du. Jerskin Fendrixen musikak, berriz, intentsitate eta tentsio ikaragarria gehitzen dio kontakizun osoari. 

Muturreko proposamen zinematografikoa da, umore oso beltza, zientzia fikzioa eta kritika soziala uztartzen dituena.