Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Anabasa sortu dute Marco Confortola italiarraren «gezurrek»

Uztailean Gasherbrum I mendia igo eta gero, alpinista horrek adierazi zuen zortzimilakoen hamalauen zerrenda itxi zuela. Simone Morok, Silvio Mondinellik eta Reinhold Messnerek leporatu diote Nanga Parbat, Annapurna, Makalu, Kangchenjunga, Dhaulagiri eta Lhotseko gailurretan iruzur egin duela.

Joan den uztailean, Marco Confortola Gasherbrum I mendiaren tontorrean.
Joan den uztailean, Marco Confortola Gasherbrum I mendiaren tontorrean. (Marco CONFORTOLA)

Ez da lehen aldia eta ez dakigu azkena izango den. Kontua da zortzimilakoen munduak beste lurrikara bat izan berri duela. Hain zuzen ere, Marco Confortolak sortutakoa. Joan den uztailaren 20an, aski ezaguna den alpinista italiarrak 14x8000 proiektua lortu zuen Gasherbrum I mendiaren gailurra zapaldu eta gero. 2004an hasi zen erronka horrekin; amaitu, berriz iragan uztailean. Italiarrak berak, gainera, baieztatu du zortzimilako guztietan ez duela oxigeno gehigarririk erabili.

Alabaina, xede hori hasi zuenetik Confortolak motxila oso astuna garraiatu behar izan du. Hots, laino beltz batez inguratuta egon da hamalauen zerrenda hasi zuenetik. Zergatik ote da? Bada, leporatu diote tranpak egin dituela. Annapurnako eta Nanga Parbateko gailurren inguruan ez du frogarik. Eta Makalu, Kangchenjunga eta Lhotsen beste alpinista batzuen argazkiak hartu eta manipulatu ditu adierazteko tontorra egin zuela.

Jakina, horrek guztiak anabasa sortu du zortzimilakoen munduan eta batez ere Italian. Kritikak alde guztietatik iritsi zaizkio. Eta horietako batzuk Italian izen handia duten hainbat alpinistak edo zortzimilakoetako espezialistek egin dizkiote. Simone Moro, Marco Camandona, Silvio Mondinelli eta Reinhold Messner dira horietako batzuk. Hortaz gain, Italiako Elkarte Alpinoaren zimenduak astindu ditu, eta eragile horrek errespetua eta gardentasuna eskatu ditu.

Confortolak urteak zeramatzan polemikaren zurrunbiloan sartuta. Neurri handi batean Moro izan zen ‘gezur’ horiek argitaratzen hasi zen lehena. Ondoren, “The Times” agerkariak lekukoa hartu eta ikerketa sakona egin du lerrootako protagonistaren zortzimilakoak argitzeko.

Egin dizkioten salaketa guztiak ez ditu onartu. Aurkeztu dituen argazki edo irudi guztiak benetakoak direla dio, eta gogor aritu da Mororen aurka: «Ez diot ezer frogatu behar. Nire arrakastak batzuk haserretu ditu; bekaizkeria kontu bat baino ez da».

Hamalautik, sei

Zerrenda horretatik ez bat edo bi, baizik sei zortzimilako dira alerta piztu dutenak. Kangchenjungarekin (2021), adibidez, argi geratu da tontorrik ez zuela erdietsi. Gainera, Sherhoze Kashif pakistandarraren irudi bat moztu eta erabili zuen froga gisa, baina ez gailurrekoa. Irakurleak jakingo duenez, zortzimilakoen igoerak baieztatu edo ezeztatzeko ez dagoela erakunde ofizialik. Badira, eragile batzuk gai horren inguruan ikerketa egin eta iritzia ematen dutenak. Baina diogun bezala, ez dago “epaile” ofizialik. Horiek guztiek ez zuten Confortolaren Kangchenjunga onartu; soilik alpinistak berak.

Nanga Parbatekin antzekoa gertatu da. 2023an izan zen. Klimaren eraginagatik, denboraldi hura oso tragikoa zein zaila izan zen. Italiarrak esan zuen haizete oso bortitzekin tontorra zapaldu zuela, eta ez zuela aukerarik izan puntu garai horretan irudi bat egiteko. Zortzimilakoa igotzen saiatzen ari zirenek ez zuten baieztatu balizko gailur hori. Irakurtzen den bezala, Kangchenjungako eta Nanga Parbateko tontorrak ez ditu argazkiekin frogatu.

Baina aurreratu dugun bezala, badira gehiago. 2006an, adibidez, Annapurna izan zuen helburu. Mondinellik zortzimilako hori igo ondoren, adierazi zuen Confortolak gailurretik ordu erdira atzera egin zuela.

Makaluko aferarekin, berriz, beste balizko iruzur batek eztanda egin zuen. Camandonak esan zuen ez zekiela Confortolak tontorra egin ote zuen, baina argi zuen Camandonak berak tontorrean ateratako argazkia erabili zuela: «Ez dut zalantzarik, Marcok nire argazkia hartu eta Photoshop-arekin manipulatu zuen».

Camandonak ere Dhaulagiriko eztabaidari buruz iritzia eman zuen. Confortolak argitaratutako argazki batek berriro sua piztu zuen: «Nik argi dut Marcok ez zuela irudi hori tontorrean atera. Xehetasunak aztertzen badira, eta hori 8000ers.com guneko langileek egin zuten, ikusten da ezaugarri geografikoak ez direla tontorrekoak. Gailurretik askoz ere beheragokoak dira».

Eta bitxia bada ere, Lhotseko “tontorrak” gidoi bera du. Jorge Egocheagak adierazi zuen italiarra kanpaleku nagusira jaitsi bezain laster, gailurreko argazki bat eskatu ziola. Asturiarrak gehitu zuen eman ziola eta Confortolak manipulatu zuela bere irudia jarriz.

Amaitzeko, aipatu dugu ez dagoela epaile ofizialik zortzimilako baten gailurra baieztatu ala ezeztatzeko. Elizabeth Hawley zenak sortutako “The Himalayan Database”-k baieztatu du gai horren inguruan ikerketa zabaldu duela eta ondorioen berri laster emango duela.