Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Climbing for life’, emakumezko alpinisten ahalduntzea Everesten

Donostiako Zinemaldian estreinaldia izan duen Junji Sakamoto zuzendariaren pelikulak Junko Tabeiren bizitza jasotzen du; hots, munduko mendi garaiena igo zuen lehen emakumezkoarena. Ekoizpenak ondo islatzen ditu espedizioaren arrakasta eta ondorengo gorabeherak.

Junko Tabeiren bizitza jasotzen du ‘Climbing for life’ filmak.
Junko Tabeiren bizitza jasotzen du ‘Climbing for life’ filmak. (‘Climbing For Life’ Film Partners- | ZINEMALDIA)

Behin baino gehiagotan Donostiako Zinemaldiak keinua izan du mendiko kirolekin. Eta hori ez da batere ohikoa. Prozesu horretan dokumentalek izan dute protagonismoa, baina bukatu berri den aurtengo ekitaldiak beste urrats bat egin eta pelikula formatuan ‘Climbing for life’ pantailaratu du. Gainera, estreinaldia izan denez, munduan lehen aldiz ikusteko parada izan dute Zinemaldira bertaratu direnek.

Nahiz eta Junji Sakamoto zuzendariaren filma ez den lehiatu, ekoizpen hori Sail Ofizialean kokatu dute. Baina, zer aurkezten ote du ‘Climbing fo life’-k? Bada, Junko Tabei alpinista japoniar historikoaren bizitzaren bi pasarte esanguratsu. Lehenbizikoa: balentria historiko bat. Izan ere, 1975an, Tabei Everest igotzen munduko lehen emakumezkoa bihurtu zen. Fokua hor jartzen du, baina itzal handi bat proiektatuz bere lagun eta sendieengan. Bigarrenak, berriz, alpinistaren gaixotasun terminalaren prozesua jasotzen du.

Hori aurreratu eta gero, esan behar dugu Donostiako Zinemaldian aurkeztu den ‘Climbing for life’ pelikula ohiko biopic bat dela. Benetako istorio bat kontatzen da, baina fikzioan oinarritua. Japonian izen handia duen Saruyi Yoshinada da Tabei «ordezkatzen» duena. Hain zuzen ere, pelikula honek lehen aldiz aktorea eta zuzendaria batu ditu. Filmaren lan taldeak berak ‘Climbing for life’ Zinemaldian aurkeztu zuen: «Garai digital honetan ekoizpen zinematografikoaren prozesua asko aldatu da, baina poz handia hartzen dugu pantaila handian pelikula hau publikoarekin partekatu dugulako. Lan honek argi erakusten du ere, Yoshinagak talentu handia duela; gure herrialdeko altxor bat besterik ez da».

Balentria

‘Climbing for life’-k Tabei du protagonista. Kirol ikuspuntuak batez ere filmaren lehen zatian garrantzia hartzen du. Eta horri helduko diogu. Alpinista japoniarrak historia egin zuen munduko mendi garaienean, baina, pelikulak bikain jasotzen duenez, arrakasta lortzeko prozesua ez zen batere erraza izan.

Hain zuzen ere, ahalduntze prozesua. ‘Ladie’s climbing Club’-a sortu zuen Tabeik; hots, Japonian antolatu zen emakumeez osatutako lehen eskalada taldea. Neurri handi batean, hori izan zen Everestera joateko egin zen lehenbiziko urratsa. Emakumeez osatutako espedizio hori oso azkar ohartu zen traba handiak izango zituela asmo hori aurrera atera ahal izateko. Gizarte matxistak ezarritako irizpideekin talka egin zuten. Dirua edo babesleak lortu behar zituzten Everestera joateko, eta eginiko bilera guztietan danbatekoekin egin zuten topo. Bilera horien buruak, gainera, gizonezkoak ziren, eta jasotzen zituzten erantzunen artean batek indar handia hartzen zuen: «Emakumeek seme-alabak hezitzen jardun behar dute».

Ate bat itxita, bestea ere bai, baina azkenean espedizioak hedabide batzuen babesa jaso zuen. Ez gizonezkoek jasotzen zuten bera, baina, bederen, aurrera jarraitu ahal izateko aukera eman zien. Bide batez, pelikulan ikusten den bezala, prozesu gorabeheratsu horretan alpinista horiek lan gehigarria egin behar izan zuten. Adibidez, lumazko-zakuak beraiek josi zituzten.

Behin kanpaleku nagusian zirela, Everest igotzeko ohiko lanak hasi zituzten. Martxa onean zeudela, gailura lortu baino bi aste lehenago espediziokide batzuek ezusteko handia izan zuten elur-jausi batekin. Zorionez, onik atera ziren. Behin betiko ekinaldiari dagokionez, esan behar da une “tirabiratsua” bizi izan zela. Oxigenoz betetako botila gutxi zeramatzaten, eta tontorrera soilik alpinista bat joatea erabaki zuten. Espedizioaren arduradun nagusia zenez, Tabei tontorrera abiatu zen mendiko langile bat lagunduta.

1975eko maiatzaren 16an, ‘Climbing for life’ pelikularen protagonistak Everesteko gailurra erdietsi zuen. Nahiz eta talde osoaren lana izan zen, Tabeik bakarrik jaso zuen aitortza. Eta hori ondo ikusten da espedizioa etxera itzuli zenean. Aitortza hori ez zen talde guztiaren gustukoa izan, eta Everesten izandako kideek bizkarra eman zioten. Ospe horrek ere senitartekoekin gorabeherak izatera eraman zuen. Batez ere semearekin; izan ere, azken horrek ez zuen onartzen maiz entzuten zuen esaldia: «Junko Tabeiren semea al zara»?

‘Climbing for life’ Donostiako Zinemalditik igaro da; hain zuzen ere, mendiaren pasarte historiko batekin. Hitz batean esanda, emakumezkoen ahalduntze prozesu baten arrakasta pantaila handian berezko lekua izan du.